Bibby Stockholm itsasontzia Portland herrira iritsi zen (Erresuma Batua), herenegun. Egun, 51.000 asilo eskatzaile daude Erresuma Batuan. Hoteletan bizi dira gehienak, eta Erresuma Batuko gobernuari ia zazpi milioi euro kostatzen zaio hori. Itsasontziak 222 gela ditu, eta hoteletan dauden bostehun pertsona biziko dira han; Alderdi Kontserbadoreak esan duenez, gastuak murrizteko.
Eztabaida ugari sortu ditu erabakiak, eta errefuxiatuen aldeko talde asko kontra agertu dira, Erresuma Batuko Gobernuaren planak ez direlako «moralak eta etikoak». Bestalde, Portlandeko eskuin muturreko eragileek protesta egin dute itsasontzia han porturatzearen aurka.
Rishi Sunak, Erresuma Batuko lehen ministroa, immigrazioaren aurkako politika eta mugimendu asko egiten ari da. Besteak beste, itsasontzia Portlandera iritsi ondoren, immigrazio ilegalaren aurkako lege berri bat onartu zuen. Lege berri horrek dioenez, Mantxako kanaletik ilegalki iristen diren immigranteak atxilotu eta deportatu egingo dituzte.
Bibby Stockholm itsasontzia 1976an egin zuten, Herbehereetan, eta orain izango duen antzeko funtzio bat eduki zuen orduan. Alemanian etxegabeentzat erabili zuten. Bi tokietan, bertan behera utzi zuten proiektua, baldintza txarrengatik. Herbehereetan erabili ondoren egindako ikerketek erakutsi zutenez, biolentzia, esplotazio sexuala eta osasun arazoak pairatu zituzten han bizi izan zirenek. Sunakek adierazi du gastuak txikitzeko bidaltzen dituztela errefuxiatu horiek itsasontzira, baina, The Guardian-ek argitaratutako informazioen arabera, ez da diru asko aurreztuko.
NBE Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du Erresuma Batuak nazioarteko zuzenbidean dituen betebeharrak hausten dituela. Filippo Grandi UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak hala esan berri du: «Legedi berriak hainbeste pertsona defendatu dituen esparru legala urratzen du». Oposizioan dauden alderdi guztiak ere itsasontziaren aurka agertu dira.
Baldintzak
Ontzian dauden errefuxiatuek lege oso zorrotzak edukiko dituzte, aste osoan kontrolpean egongo baitira, ia kartzela batean bezala. Hamar euro baino gutxiago jasoko dituzte; lehen 52 euro ziren, baina itsasontzi barnean janaria emango diete. Gaueko hamaikak baino lehen itsasontzian egotea eskatuko dietela ere esan dute. «Ez da onargarria balio demokratikoak eta giza balioak gidatzen dituen gizarte batean. Erresuma Batuan arazo larriak daude errefuxiatuen etxeratze sisteman, eta kudeaketa horrek ez ditu giza eskubideak errespetatzen», salatu du Amnesty Internationalek.
Etorkinentzako kartzela itsasontzi bat porturatu da Erresuma Batuan
Portland herrira iritsi da, bostehun errefuxiatu han bizi daitezen. Protesta egin dute eskuin muturreko taldeek eta arrazakeriaren aurkakoek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu