Afganiarren erdiak baino gehiago «elikadura krisi larri baten» atarian daude

NBEren bi agentziak eskatu diote nazioarteari «urgentziaz» esku hartzeko, hurrengo hilabeteetan «hondamendi humanitario bat» izatea eragozteko

Emakumezko bat eta haur bat Kabulen, joan den irailean, errefuxiatuentzako kanpaleku batean. EFE.
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 26a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen bi agentziak egindako ohartarazpena argia da: afganiarren erdiek baino gehiagok, 22,8 milioi pertsona inguruk, «elikadura krisi larri bat» pairatuko dute datorren azarotik aurrera. Hori nabarmendu dute FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak eta MEP Munduko Elikadura Programak Afganistango egoerari buruz kaleratutako azkeneko txostenean. Hori dela eta, pertsona horien elikadura behar oinarrizkoenak betetzeko eta «hondamendi humanitario bat» eragozteko, nazioarteari eskatu diote «urgentziaz» esku har dezala eta egoerari aurre egin ahal izateko baliabide «eraginkorrak» eman ditzala azaroa eta apirila bitartean. «Munduko krisi humanitario okerrenetakoa da Afganistangoa, okerrena ez baldin bada. Elikadura ziurtasunak behea jo du ia. Negu honetan immigrazioaren eta gosetearen artean aukeratu beharko dute milioika afganiarrek», adierazi du MEPeko zuzendari David Beasleyk.

Bi agentziek badute elikadura ziurgabetasuna neurtzeko batetik bosterako eskailera bat. Bosgarren eskailera tartea gosetea litzateke, eta, txostenean jaso dutenez, hirugarren eta laugarren tartera helduko dira afganiarren erdiak baino gehiago. 22,8 milioi horien artean bost urte baino gutxiago dituzten 3,3 milioi haur daude, eta NBEren agentziek aurreikusten dute urtea amaitu baino lehen elikadura urritasun larria jasango dutela. Txostenean azpimarratu dutenez, 22,8 milioi herritar baino gehiago egoera horretan egoteko, aintzat hartu behar dira lehortearen, gatazken, COVID-19aren eta krisi ekonomikoaren «kolpeen konbinazioak».

Horri aurre egiteko, zenbakiak plazaratu dituzte. MEPentzat, 190 milioi euro inguru bideratu behar dira hilero; eta FAOk 9,8 milioi euro eskatu ditu urgentziaz, eta 190 bat milioi euro hurrengo laborantza sasoirako. Kexu agertu dira, gainera, oraingoz eskatu dituzten funtsen heren bat baino ez dutelako jaso. Aintzat hartu behar da, bide batez, G20ko herrialdeek laguntza bidaltzea adostu zutela duela pare bat aste. Munduko herrialde industrializatuenen taldeak NBEren esku utzi du diru funtsak bideratzeko ardura. Europako Batasunak 1.000 milioi euro agindu ditu.

FAOk eta MEPek hamar urte daramatzate Afganistango elikadura egoera aztertzen, eta adierazi dute inoiz ez dutela hain egoera kezkagarririk detektatu. Azken hilabeteetan nabarmen egin du okerrera —talibanak abuztu erdialdean heldu ziren boterera—; apirileko datuekin alderatuta,Afganistanen %37 gehiago dira gose larria dutenak, eta gune urbanoetan zein landa eremuetan ia parean daude tasa horiek.

Bilera Pekinekin

Txinako Atzerri ministro Wang Yi talibanen ordezkariekin bildu zen atzo Qatarren, eta gaur ere haiekin elkarrizketatzekoa da, Txinako CGTN telebista kateak jakinarazi zuenez. Informazio horren arabera, Pekinek nahi du talibanen gobernua «islamikoa baina irekia eta inklusiboa» izatea.

Errusiako, Txinako, Pakistango eta AEBetako gobernuak Pakistanen biltzekoak dira azaroko bigarren hamabostaldian, Afganistango egoeraz hitz egiteko. Horixe esan zuen atzo Errusiako Gobernuak Afganistanerako duen ordezkariak, agerraldi batean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.