Petronorreko batzordeko sindikatu guztiek lau eguneko grebara deitu dute

Azpikontrataturiko langile guztiak erregularizatzeko prozesua has dadin nahi dute. Findegiak 50 eguneko eten bat hasiko du, mantentze lanerako

Petronorreko langileen protesta bat, Jaurlaritzak Bilboko Kale Nagusian duen egoitzaren aurrean. LUIS TEJIDO / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Petronorren ordezkaritza duten bost sindikatuek lau eguneko greba deialdi bateratua egin dute. Langile azpikontratatuen baldintzak hobetu nahi dituzte, eta zuzendaritza horretara behartzeko lanuzteak egingo dituzte otsailaren 24an eta martxoaren 3an, 10ean eta 11n. Enpresak ostegunean jakinarazi zuenez, otsailaren 15ean 50 eguneko ekoizpen jaitsierari ekingo dio Muskizko (Bizkaia) findegiak, eta erabaki horrekin lotura du deialdiak.

ELAk, LABek, CCOOk, UGTk eta ESK-k bat egin dute eskaeran. Azaldu dutenez, elkarrizketa mahaia batzeko ahalegina egin dute, baina, haien iritziz, «Petronorrek eta azpikontratetako arduradunek ez dituzte langileen lan baldintzak hobetu nahi». Azken urtea gatazkatsua izan da findegian. Hainbat greba egun izan dira, baita salaketak eta epaiketak ere, eta, talka horien ondorioz, bi aldeen arteko harremana ez dago bere onenean.

Azpikontrataturiko langile guztien lan baldintzak erregularizatzeko balioko duen kontratu lotesle bat nahi dute sindikatuek. Akordio horren bitartez, bi helburu lortu nahi dituzte: batetik, lanpostu gehiago ez galtzea; eta, bestetik, langile finkoen eta azpikontratatuen baldintzen arteko ezberdintasunak ezabatzea. Subrogazioaren aldarria ere egin dute sindikatuek, lan baldintzei eutsiz, eta langintza bakoitzeko sektore lan ituna errespeta dadila eskatu dute.

Greba egiten bada, egun horietan findegia bere ahalaren %50ean arituko da, hilaren 15ean urteroko mantentze etenaldia hasiko baitu. Petronorrek mila langile ditu, eta 1.400 ere izaten dira lan askoko egunetan. Grebek, normalean, ez diote eragiten mantentze arloari, Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzen baititu.

Hori gertatu zen, besteak beste, iragan ekainean eginiko bederatzi eguneko grebaldian. Protesta hartan, liskar ugari izan ziren, eta Ertzaintza langileei oldartu zitzaien. Enpresak deituriko aldi baterako erregulazioa legez kanpokoa zela salatu zuten langileek, eta gero arrazoia eman zieten epaitegietan. Langile batzordeko kideak Eusko Legebiltzarrean egon ziren iazko azaroan, egoera salatzeko.

58 milioi euro

Mantentze lanen etenarekin batera, Petronorrek berritze lanak egingo ditu azpiegituran. 58 milioi euro gastatuko ditu, besteak beste, energia gutxiago erabiltzen duten sistemak instalatzeko. Era berean, bigarren aldiz ikuskatuko du koke planta osoa —2011n jarri zuen martxan—. Eteneko lanetarako 40 enpresa kontratatuko ditu Petronorrek.

Bien bitartean, Petronorrek azpiegitura berrietan lanean jarraitzen du. Jakina da Abantoko (Bizkaia) energia parkera eramango dituela bulego nagusiak. Bilboko portuan ere orube bat erosi du, erregai fosilen hidrogeno bidezko findegia eraikitzeko. Gaur egun, portuko bezero nagusia da Petronor, eta, enpresaren datuen arabera, %9,7ko pisua du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekoizpenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.