Gerra Ukrainan

Kieven, ilunpean kementsu

Azken hilabeteko erasoetan, Errusiak energia azpiegituraren %40 inguru txikitu du. Ondorioz, Ukrainako hiriburuan argindar mozketak pairatzen ari dira. Agintariek herritarrei eskatu diete okerrenerako prestatzeko, tenperaturak zero azpitik egonkortuko baitira eta bonbardaketa gehiago aurreikusi baitituzte.

Kale bat ilunpean, Kieven. ROMAN PILIPEY / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Ukrainan, ohikoa da tenperaturak zero azpitik amiltzea, eta, gorabehera gutxi batzuk tarteko, horrela mantentzea azaro bukaeratik martxora bitarte. Hango herritarrentzat ezohikoa da, ordea, argi mozketak nozitzea eta ez jakitea, gainera, etxea berotzeko moduan egongo diren. Errusiako armada energia azpiegiturei eraso egiten hasi zen joan den urrian —azken erasoa, masiboena, asteartean egin zuen—; zentral elektrikoen %40 inguru txikitu ditu, eta, beraz, egoera horretan daude herrialdeko zenbait eskualdetan eta Kieven bertan; are, herenegun, hamar bat milioi lagun ziren argindarrik gabe. «Egunero izaten dira lau orduko argindar mozketak; egunean behin edo bitan. Eraikin bakoitzak mozketen egutegi bat du», zehaztu du Timur Morozovek. Hiriburuan bizi da, eta joan den larunbatean erantzun zien galderei, posta elektroniko bidez.

Eguzkiaren argia ordu gutxian dute Kieven orain: 07:15 inguruan ateratzen da, eta 16:10 inguruan ezkutatzen. Abenduan ozta-ozta heltzen dira zortzi eguzki ordutara, eta ilunpean igaro ohi dituzte ordu dezente; are gehiago orain, argindar mozketekin. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak adierazi izan du Ukrainaren historiako «negurik zailena» izango dela datorrena, eta Vitali Klitxko Kieveko alkateak ohartarazpen bat egin zien hiriko biztanleei joan den azaroaren 6an, eta okerrenerako prestatu: «Egia esan dezagun: etsaia ahal duen guztia egiten ari da hiria berogailurik gabe, urik gabe eta argirik gabe uzteko; finean, hil egingaitezen».

Kieventzat, energia azpiegituren kontrako erasoen helburua da ukrainarren kemenari erasatea. Baina Morozov «animoz inoiz baino gogotsuago» dago behin Kherson hiria «askatuta», eta fedea du «garaipenean».

Adoretuta dago, nahiz eta hilabete inguru igaro den hiriburuan argi mozketak ezarri zituztenetik. Urriaren 8an Krimeako anexioaren ikur den zubi bat hondatu zuten, eta, bi egun geroago, Errusiak ekin zion energia azpiegiturak bonbardatzeari, argudiatuta Ukraina zegoela eraso horren atzean. Urriaren 20an, Ukraina hasi zen argindarra murrizten, Errusiaren inbasioaz geroztik aurrenekoz.

45 urte ditu Morozovek, eta «proiektu informatikoak lantzen» lan egiten du. Hogei daramatza Kieven bizitzen, ezkonduta dago, eta 10 eta 17 urteko bi seme ditu. Mozketekin bizi behar badute ere, ez da kexatzen. «Okerrena da etxean Internetik ez edukitzea eta sakelako telefonoaren Internetak ez duela ongi funtzionatzen. Baina konexio ona topatu dezakegu beste toki batzuetan: tabernetan eta jatetxeetan».

Adierazi du supermerkatuak itxi egiten dituztela mozketak egiten dituztenean, baina «denda txiki batzuek» beren energia iturri propioak dituztela. «Ez daukagu arazorik produktu freskoekin; esaterako, haragiarekin eta esnearekin. Ospitaleek ere, adibidez, beren sorgailuak dituzte larrialdi egoeretarako».

Ari dira hondatutako azpiegiturak konpontzeko ahaleginean,baina Ukrenergo Ukrainako operadore elektriko nazionalak azaroaren 1ean aitortu zuen «ordezkorik» gabe geratu zirela. Orduan, nazioarteko bazkideak ari dira energia sorgailuak bidaltzen Ukrainara. Kievek duela ia bi aste jakinarazi zuenez, zazpiehun sorgailu eman dizkiete, eta beste bederatziehun bat emango dizkiete.

Hotza eta errefuxiatuak

Ukrainako agintarien asmoa da energia kontsumoa %20 murriztea, bai mozketak baliatuta, bai herritarrei eskatuz «arduraz» jokatu dezatela elektrizitatea kontsumitzekoan. Morozov ez dago kezkatuta horregatik: «Argindar kontsumoa murriztea ez da arazo oso handia guretzat, gure tresna askok kanpo bateriekin funtzionatzen baitute».

Kieven ur hornidurarik gabe ere egon ziren urri amaieran ia biztanle gehienak, baina azaro hasieran berrezarri zuten zerbitzua. Ikusteko dago gerra nola garatuko den. Udazken honetan aurrenekoz, hurrengo egunetan tenperaturak ez dira zerotik igoko Kieven. «Berokuntza zentrala daukat», argitu du Morozovek. Eta egoera are gehiago okertzen baldin bada? «B plan bat daukat, baina ez dut uste okerrera egingo duenik». Energia azpiegiturak, baina, ezin du bermerik eman. Irina Verextxuk Ukrainako lehen presidenteordeak esan die inbasioaren ondorioz erbesteratutako ukrainarrei ez daitezela etxera itzuli, «argindar sareak gainezka egin ez dezan». Adituek, berriz,ohartarazi dute hotzari aurre egiteko zailtasunek errefuxiatuen beste olde masibo bat eragin dezaketela.

Errusiako armadaren bonbardaketak energia azpiegiturak kaltetzen ari direla ikusita, Kieveko Udalaren asmoa da «1.000 bat berotze gune» atontzea negurako. Morozovek azaldu du ez duela horietara joateko asmorik, iruditzen zaiolako «etxegabeentzat» direla. Neguaren atarian, ez da horren beldur. «Ukrainarrak oso azkarrak dira, eta une zailetan beti topatzen dituzte irtenbideak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.