15.000 milioiren atarira iritsi da aldundien inoizko zerga bilketarik handiena

Urrian kalkulatukoa baino 275 milioi gehiago bildu dituzte ogasunek. Sozietate zerga handitu da gehien, baina bilketaren %9,5 baizik ez da

Finantzen Euskal Kontseiluaren azken bilera, urriaren 11n, Gasteizen. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Aranburu.
2019ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Bigarren urtez segidan opari batekin bukatu dute urtea Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek. 2017. urtean, Espainiako Gobernuak egin zuen Olentzeroren lana, kupoari buruzko akordioarekin 600 milioi gehiago sartu zirelako ogasunen kutxetan, eta urtea defizitik gabe bukatzeko aukera eman zien. 2018an ez da kanpoko inor etorri behar izan ogasuneko arduradunek urtea pozik bukatzeko, aparteko ekarpenik gabe ere zergapekoek iaz baino 500 milioi baino gehiago sartu dituztelako kutxa publikoetan.

Guztira, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunetako kutxetan 14.982 milioi euro sartu ziren. 2017an baino 508 milioi gehiago izan dira (+%3,3), inoizko kopururik handiena. 2017an ere hautsi zuen marka (14.474 milioi), baina hamar urte atzera egin behar da kopururik handienetan hirugarrena aurkitzeko (13.772 milioi), krisiak hamar urtez betetzerik izan ez duten zuloa eragin duelako aldundien kutxetan.

Azkenean izandako bilketak oso txiki uzten du Finantzen Euskal Kontseiluan egindako lehen iragarpen zuhurra (14.391 milioi euro). Izan ere, 2017ko urrian, 2018ko bilketa kalkulatzeko lehen aldiz bildu zirenean, ogasunetako arduradunek uste izan zuten ekonomiaren bilakaera hobea gai izango zela 2017an Madrildik etorritako aparteko dirua estaltzeko, baina ez ziren ausartu gehiago eskatzera.

2018. urtea hasi zenean, ordea, ohartu ziren hilabete. Batean bai eta hurrengoan ere uste baino diru gehiago sartzen ari zela beren kutxetan. Horrela, 2018ko urriko Finantzen Euskal Kontseiluak jada onartu zuen bilketa 315 milioi euro handituko zela. Orduan ere motz geratu ziren: 590 milioi gehiago sartu dira.

Diru horrek Eusko Jaurlaritzari egingo dio mesede gehien, haren kutxetara doazelako ogasunek bildutako hamar eurotik zazpi. Aurrekontua luzatua duenez, eta Egonkortasun Itunak gastua nahierara handitzeko jartzen dizkion trabak ikusita, diru horren zati batek zorra txikitzera joan beharko du.

Sozietate zerga, gora

Hiru aldundiek hobetu dituzte beren aurreikuspenak. 7.740 milioi jaso ditu Bizkaiak (+%3,2), 4.837,4 milioi Gipuzkoak (+%3,6), eta 2.404 milioi Arabak (+%4,4).

Hiruretan sozietate zergak izan du igoerarik handiena; hau da, enpresek beren irabazien gainean ordaintzen duten zergatik: %40,1 egin du gora Bizkaian, %23,7 Araban, eta %21,5 Gipuzkoan. Zerga horri esker bildutakoa 1.427 milioi euro dira, bilketa osoaren %9,5, eta oraindik oso urrun dago krisiaren aurretik zerga horrek ematen zuen emaitzatik —2.034 milioi 2007an, bilketa osoaren %16,7—. Egia da, hori bai, azken bi urteetan berreskuratu egin dela pixka bat sozietate zergaren pisua —2016an jo zuen behea, %7,7rekin—.

Nafarroako Ogasunak ez ditu artean kaleratu 2018ko bilketa osoaren emaitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.