Albistea entzun

Garcia hautatu dute berriz CCOOko idazkari nagusi, baina babes apalagoarekin

Beste lau urtez izango da EAEko CCOOko buru. Azpimarratu du lan erreformak indargabetu eta sindikalismoa sustatzeko garaia dela
Loli Garcia, atzo, Gasteizko biltzarrean, EAEko CCOOko idazkari nagusi izendatu zutenean.
Loli Garcia, atzo, Gasteizko biltzarrean, EAEko CCOOko idazkari nagusi izendatu zutenean. ENDIKA PORTILLO / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Aitor Biain -

2021eko ekainak 5 - Gasteiz

Ukabila jasota zuela eta afiliatuen txalo artean izendatu zuten atzo Loli Garcia (Barakaldo, Bizkaia, 1968) EAEko CCOOko idazkari nagusi, ostera ere. Beste lau urtez jarraituko du sindikatuaren gidaritzan, hamabigarren biltzar nagusian afiliatuek haren hautagaitza bakarra babestu eta gero. Botoen %68 lortu zituen: aldeko 130 izan ziren, eta 61 zuri; ez zuen aurkako botorik jaso. Sindikatua «indartzen» jarraitzeko konpromisoa agertu zuen, eta erronka gisa jarri zuen ordezkaritza kopurua handitzea eta 2012ko eta 2013ko lan erreformak indargabetzea.

Lehenengoz idazkari nagusi gisa hautatu zutenean baino babes apalagoarekin aukeratu dute bigarren agintaldirako. Unai Sordoren lekukoa hartu zuen Garciak 2017an, eta, orduan, botoen %84 jaso zituen. Haren taldearen kudeaketak ere ez zuen erabateko babesa izan, batzarkideen %65en aldeko botoa jaso baitzuen. Ordea, babes zabalagoa jaso zuen sindikatuko zuzendaritza osatuko duen taldeak, %70ekoa. Hamar kide ditu, eta horietatik bi berriak dira: Oskar Arenas eta Arkaitz Antizar. Batzar nagusiaren bigarren eta azken eguna izan zuten atzo; Egurre! Actuar para avanzar lemapean egin zuten, Gasteizko Europa jauregian.

Ordezkaritza handitu

«Konpromiso handi batekin onartzen dugu erronka», esanez hasi zuen bere hitzaldia Garciak, zuzendaritzako kideak ondoan zituela. Agerraldi neurtua egin zuen beste behin ere, eta sindikatuaren erronka eta eginbeharretan jarri zuen arreta batez ere. Aurreratu zuen «atsedenik hartu gabe», modu koordinatuan eta «adostasun zabalak bilatuta» lan egingo duela.

Ekintza sindikala indartu beharraz ohartarazi zuen Garciak: «Sindikatuek gizarte kapitalista batean duten eginkizuna aldarrikatzeko garaia da», haren hitzetan, ezinbestekoa baita «indibidualismo basatiaren» garaiotan, eta uste du «ekintza kolektiboa» dela horri aurre egiteko «aukera bakarra». Horretarako, baina, afiliazioa eta ordezkaritza kopuruak handitu behar direla azpimarratu zuen: «Gure ordezkaritza handitu behar dugu, kontratu botere handiagoa lortzeko».

Hainbat urtez bigarren izan da CCOO Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hauteskunde sindikaletan, baina LABek aurrea hartu dio azken urteetan. 2020aren amaierako datuen arabera, hiru lurralde horietan 3.171 ordezkari sindikal ditu Garciaren taldeak, ordezkaritzaren %18,3 —ELAk %41,3 ditu; LABek, %19.9, eta UGTk, %10,2—.

Garciak adierazi zuen CCOOko zuzendaritza berriak desberdintasunen aurka eta kalitatezko enpleguaren alde lan egingo duela. Eta lan erreformak indargabetzeko konpromisoa agertu zuen, «asmo handiko» erreforma berri bat onartu eta «emakumeei eta gazteei bereziki eragiten dien behin-behinekotasun endemikoa amaitzeko». Negoziazio kolektiboa indartzea funtsezkotzat jo zuen ildo horretan.

Arlo publikoari «balioa» emateko eta babes soziala hobetu eta zabaltzeko garaia dela ziurtatu zuen. Azpimarratu zuen «adostasun zabalak» bilatu behar direla DSBE diru sarrerak berma daitezen errentaren eta pentsio publikoen erreformak onartzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iñaki Arrizabalaga Europako Batasuneko Funtsen arduradun nagusia Nafarroako Gobernuan eta Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, gaur, Parlamentuan ©Foku

Nafarroako Gobernuak 365 milioi jasoko ditu Europako Batasunetik

Joxerra Senar

Gobernuaren kontrolpean 97 proiektu daudela zehaztu du Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, parlamentuan.

Donostiako Ospitaleko langile batzuk greba egun bateko afixak itsasten. ©Jon Urbe / FOKU

ELA: «Gobernuak legea urratzeko prest daude zerbitzu publikoekin negozioa egiteko»

Imanol Magro Eizmendi

Sindikatuaren kalkuluen arabera, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak egonkortze prozesuetatik kanpo utziko dituzte behin-behineko langile publikoen hiru laurdenak.

Eguzki panelak Madrilgo etxe baten teilatuan. ©J.J. Guillen / Efe

Eguzki panelak izan beharko dituzte eraikin publiko eta komertzial guztiek 2027rako

Iker Aranburu

EBren RepowerEU planak 2029rako utzi du etxebizitza berri guztietan panelak jartzeko betebeharra. Bizkorrago egin nahi ditu parke eoliko eta fotovoltaikoak.

Milaka lagun bildu dira manifestazioan. ©Raul Bogajo/ FOKU

Sindikatuek giharra erakutsi dute Arabako metaleko lehen greba egunean

Unai Etxenausia

ELA, LAB, CCOO, USO, ESK eta CGT sindikatuek deituta, hiru greba egunetatik lehena dute gaur sektorean. Arrakastatsua izan dela adierazi dute: «historikoa». Datorren asteartean eta ostegunean ere egingo dituzte lanuzteak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.