Hiruk ez du bat egingo lanuztearekin, baina mobilizazioak egingo ditu

Abenduko greba bultzatu dutenak egin ditu garraiolarien egoera «latzaren» erantzule. Bidesariak salatuz hasiko ditu protestak, 29an

Hiruren protesta bat N-1eko bidesariaren aurka, Etzegaraten, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
Iker Aranburu.
2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Gasolioaren garestitzea batu egin zaie garraio sistemaren aspaldiko arazoei, eta abendu beroa ekar dezakete Hego Euskal Herriko errepideetan. Espainiako garraio enpresen patronalak eta haren euskal adarrek lanuzte batera deitu dute Gabonen atarirako, abenduaren 19tik 22rako, baina horretan ez du parte hartuko Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak, hain zuzen antolatzaileak egin dituelako kamioilarien arazo ekonomiko askoren erantzule. Horren ordez, mobilizazio egutegi propioa antolatu du Hiruk, «sektorearen egoera larria salatzeko».

Larunbatean Altsasun egindako batzarrean, Hiruko kideek administrazioei eskaera sorta bat egitea hitzartu zuten. Lehenik eta behin, kamioilari autonomoek eskatu diete administrazioei derrigorrezkoa egin dezatela fakturak gasolioaren prezioaren arabera berrikustea. Hau da, erregaia garestitzen denean, kargatzaileek haiei ordaintzen dietena ere handitzea.

Gainera, beste eskaera batzuk egin dituzte, hala nola har ditzala lan baldintza kaskarrei aurre egiteko neurriak, kooperatiba faltsuak kontrolatzea, ordainketak hilabete baino gehiago ez atzeratzea, azpikontratazioak eragoztea, eta gutxieneko tarifa baten azpitik lan egitea debekatzea.

Erretiratzeko adina 60 urte izan dadin laguntzak ematea, gaixotasun profesionalak dituzten garraiolariak erretiratzeko aukera handitzea, eta lanbidean hasi nahi dutenentzat Lanbide Heziketa abian jartzea ere eskatuko du Hiruk.

Bidesarien aurka

Errepideetako bidesariekin ere oso haserre dago Hiru, eta, horregatik, Bidegiren egoitzara iritsiko den martxa batekin hasiko dituzte mobilizazioak, hilaren 29an. Horren bidez, «2018tik bidegabeki kobratu zaizkien bidesariak» itzultzeko erreklamazioak eramango dituzte garraiolariek.

Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den hilean eten zuen N-1 eta A-15 autobideetan kamioiek ordaindu beharreko bidesaria, epaitegiek hala behartuta. Edonola ere, Markel Olanoren gobernuak hasia du beste foru arau baten eztabaida, eta asmoa du 2023rako N-1eko eta A-15eko tarte guzti-guztiak ordainpekoak egiteko garraio astunentzat. Gipuzkoako diputazioak ez ezik, Bizkaikoak eta Nafarroako Gobernuak ere badute asmoa errepide bizkorretan kamioilariei bidesariak jartzeko.

Sindikatuak uste du errepideak konpontzeko dirua biltzea ezin dela kamioilarien bizkar jarri, eta, bideak publikoak direnez, zergen bidez jasotakoarekin ordaindu behar direla.

Abenduan, beste bizpahiru elkarretaratze egingo dituzte. Batetik, ibilgailuen martxak Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrean, «administrazioaren utzikeria, laguntzarik eza, kamioiei bidesariak ezartzea eta zerga presioa areagotzea salatzeko». Bestetik, kontzentrazioak Confebasken eta CENen egoitzetan, garraiolariaren gastuen igoeraren neurri berean tarifak berritu daitezela eskatzeko.

Hiruk ez du bat egingo patronalaren lanuztearekin. «Gaur egun garraioa egoera larrian egotearen eta hainbat gidari baldintza kaskarretan lanean jardutearen erantzule nagusiak» dira antolatzaileak, Hi ruren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.