Inaki Galdos
ARKUPEAN

Irujo kristaua

2023ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Zorionez, asko dira EAJ alderdiaren eta bere buruzagien inguruan idatzitako lanak. Ia-ia bere sorreratik sortu zuen interesa historialari, kazetari eta abarrengan. Alderdiak berak ere kontu berezia izan du mende eta erdi inguru honetan zehar bere artxiboak zaindu (eta une txarrenetan gorde) eta ikertzaileen esku uzteko. Baita aipatu buruzagien senitarteko askok ere. Horri esker sortu dira, besteak beste, dozenaka biografia interesgarri.

Ohikoegia ez dena, ordea, ikuspegi orokorragoa, integrala, albo batera utzi eta lider horien bizipen guztien artean hari-mutur jakin batean zentratzea da. Hori egin du Patxi Agirre Arrizabalagak Manuel Irujoren izaera kristaua ikertu eta xehatuz, berriki aurkeztu duen liburu batean. Egiatan, bere doktore-tesiaren moldaketa bat da eskaini diguna eta ez ditu Lizarrakoaren biografiako beste hainbat erpin erabat baztertu, baina guztiz eskertzekoa da fokua oso modan ez dagoen gai horretan jarri izana. Liburua, portzierto, Espainiako Gobernuko Justizia Ministerioak argitaratu dio Billabonakoari, gerra zibilean Irujo ministro izan zuen haren ondorengoak. Eskertzekoa da hori, baina pixka bat goibel geratu gara hemengo zenbait argitaletxetan argitaratzea lortu ez duela jakin dugunean. Ez da hau editorialei luzatutako kritika, jakina, kontu honetan (ere) gauzak nola dauden erakusten duen adibide gordina baizik.

Leon XIII Aita Sainduaren Rerum Novarum enziklika (1891) aipatzen da Eliza Katolikoaren doktrina sozialaren abiapuntu gisa. Patxi Agirrek ere testuinguru horretan kokatzen du Manuel Irujoren bilakaera; berarekin, alderdiarena ere bai. Bere lehen influentzia erlijiosoak (Evangelista de Ibero, Sebastian Urra senidea, Sabino Arana bera) oso integristak baziren ere, bide berriei atxiki zitzaion eta hori izan zuen ikur bere hasierako jarduera politikoan gai sozialei dagokienez: lur komunalen aldarrikapena (1912), latifundioen kontrako borroka, Nafarroako aurrezki kutxaren sorrera (1921) eta abar. Alderdian bertan ere izan zituen eztabaida sutsuak erlijioa hizpide: adibidez Luis Arana, Zeferino Xemein eta enparauekin. Oso fededuna izan arren garbi zeukan alderdiak eta elizak bide ezberdinetatik jo behar zutela baina, bere zoritxarrerako, sarri jo behar izan zuen elizako hierarkiako ordezkariengana babes eske, eskuin espainolisten erasoen aurrean.

Espainiako II. Errepublikan berebiziko eragina izan zuen bere jarduera politikoan Quadragesimo Anno izeneko enziklikak, Pio XI Aita Sainduak 1931n sortua, hortik bere izena. Aipagarriak, besteak beste, bi kontu: alde batetik, ELA-STV sindikatuarekin izan zuen harreman estua (1934an sartu zen sindikatu kristauen internazionalean). Bestetik, Jose Antonio Agirre, Jesus Mari Leizaola edota Manu Robles Arangiz ez bezala, AVASC (Agrupación Vasca de Acción Social Cristiana) elkartean (1931) murgildu ez izana. Denborak arrazoia emango zion bere mesfidantzan.

Gero etorri zen gerra zibila, eta ezaguna da bere etengabeko lana hainbat eta hainbat eliz gizon eta emakumeren bizitza salbatzeko, Juan Negrinekin neurri batean lortu zuena. Sekulako ahalegina ere egin zuen (baita alderdiak ere) giro gaizto horretan munduko politikari eta intelektual katolikoek —baita Vatikanoak ere— Errepublikako gobernuari beste era batera begira ziezaioten. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi errepaso laburtuegi honetan, hamarkada batzuk beranduago Manuel Irujori II Kontzilio Vatikanoak sortu zion itxaropena.

Alderdiarekiko historiografian izan den eztabaida ezaguna gogorarazi digu Patxi Agirrek bere liburu ederrean: noiztik har dezakegu EAJ alderdi kristau-demokratatzat, Maritain Mounier eta enparauen jarraitzailetzat? Billabonako historialariak beste batzuek baino lehenago kokatzen du bataiatze hori; gerraren aurretik eta Manuel Irujoren protagonismo handiarekin. Beste galdera bat egitea zilegi bekit, arkupe honi irailera arte agur esan aurretik: zenbat (eta zer) geratzen da alderdi jeltzalean pentsamendu horretatik? Horra hor beste liburu baterako gaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.