Itxiera eragozteko asmoz, bost egunez greba egingo dute Siemens Gamesan

Zuzendaritzarekin bilduko dira gaur, eta Maria Txibiterekin. Lanuzteak egingo dituzte bihar, hilaren 23an eta 29an,eta abuztuaren 6an eta 7an

Siemens Gamesako langile batzordeko ordezkariak, atzo, Nafarroako Gobernuaren egoitza aurrean. IÑIGO URIZ/ FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
«Ez da gure arazo bat soilik, guztion arazoa da». Agoizko (Nafarroa) Siemens Gamesako langileek eskertu egin dute larunbatean milaka herritarrek elkartasuna adierazi izana, eta konpromiso horri eusteko beharra adierazi dute. Batetik, Siemens Gamesak funts publikotik milioika euro jaso dituelako, eta orain «beste toki batera joatea erabaki duelako ondorio pertsonalei eta lan arlokoei jaramonik egin gabe». Bestetik, kolore bateko eta besteko alderdiek energia berriztagarrien sektorea estrategikoa dela adierazten dutenez, hitzetatik ekintzetara pasatzera dei egin dute. Itxiera eragozteko asmoz, presio egiten jarraituko dute, eta bost egunez greba egiteko prest dira.

Iragan astean helarazi zizkien langileei eta sindikatuei Siemens Gamesako zuzendaritzak kaleratzeen arrazoi teknikoak. Langile batzordeak zuzenean zerbitzu juridikoei helarazi die txostena, goitik behera azter dezaten. Hain zuzen ere, bigarren bilera izango dute bihar. Egun horretan greba egingo dute langileek, eta, halaber, beste lau greba egun iragarri dituzte: uztailaren 23an, 29an, abuztuaren 6an eta 7an. Biharko bileraren aurrean, gainera, Sarrigurengo egoitza nagusian elkarretaratzea egingo dute langileek.

Bilerak eragileekin

Ez dira besoak gurutzaturik geratu. Bileraz bilera dabiltza, euren arazoa sozializatu eta erabaki ahalmena duten eragileekin hitz egiten. Iragan astean, EH Bildurekin, Nafarroako Arartekoarekin, Agoizko alkatearekin eta Nafarroako Gobernuko ordezkaritzarekin elkartu ziren. Atzo, Geroa Baiko ordezkaritza batekin elkartu ziren, eta gaur Maria Txibite lehendakariarekin. Bihar, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariarekin, eta ostiralean, Ahal Dugu-rekin. Azkenik, UPN, PP eta Ezkerrarekin ere elkartzeko asmoa dute.

«Ataka estuan gaude, eta konponbideak behar ditugu. Sobera daude hitz ederrak. Benetako konpromisoa eta ekintzak behar ditugu», esan dute. Azken egunotan azpimarratu bezala, Agoizkoa fabrika «gaztea eta produktiboa» da, zuzendaritzak dioenaren kontra. Gogora ekarri dutenez, alderdiek une oro kezka azaltzen dute deslokalizazioaren aurrean eta berriztagarrien sektorea goraipatu ohi dute. Horregatik, uste dute ezin dutela «lantokia ixten utzi».

Siemens Gamesako langileen batzordean, ELAk sei ordezkari ditu; LABek, lau; UGTk, bi, eta CCOOk, bat. Laurak elkartuta daude, eta salatu dute ez dagoela oinarririk lantegia ixteko. Lehenik eta behin, enpresak ez du galerarik; aitzitik, «ekoizpena beste lantoki batzuetara eraman nahian dabil gehiago irabazteko». Bigarrenik, azken egunetan adierazi bezala, gogora ekarri dute lan eskaria bermatuta zegoela 2021eko irailera arte. Halaber, argudiatu dute Agoizko fabrikak tamaina nahikoa duela pala handiagoak egiteko, eta azaldu dute haren eredua ez dela katalogotik at geratu. Gainera, zuzendaritzak konpromisoa zuen produkzioari eusteko 2021era arte, bileretako aktek islatzen duten bezala. Azkenik, zuzendaritzak SG155 prototipoa Agoitzen egiteko asmoa azaldu zuen, baina, azkenean, beste lantoki batzuetara eraman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.