Makroetxalde gehiago ez baimentzeko eskatu diote Nafarroako Gobernuari

Caparrosoko behitegian irregulartasunak egiten direla salatu dute zenbait talde ekologistak, hala nola hondakinak legez kanpo isurtzea

Caparrosoko behitegia. Euskal Herriko handiena da, alde handiz gainera. GORKA RUBIO / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2021eko irailaren 11
00:00
Entzun
Hondakinak errekara zuzenean jaurtitzen direla salatu dute Caparrosoko (Nafarroa) behitegiaren inguruan hainbat elkartek egindako txostenean. Nafarroako Gobernuari neurriak hartzeko exijitu diote; horien artean, makroetxalde gehiago ez baimentzea. Txostenean, behitegiko irregulartasunak azaldu dituzte, eta horrek ingurumenean duen eragina salatu dute. Besteak beste, Mugarik Gabek, Sustrai Erakuntzak eta Landareko Batzordeak sortu dute txostena. «Abeltzaintza industriala ez da eredua; interes ekonomikoak eta irabaziak lehenesten ditu, kontuan hartu gabe zer ondorio dituen pertsonengan, lurraldekoengan, lehen sektorean eta ingurumenean», zioten elkarteek, atzo, Iruñeko Katakraken egindako aurkezpenean.

Begoña Izquierdo Hacendera elkarteko kideak adierazi zuenez, Nafarroako parlamentariei «irregulartasun larrien» eta «ingurune delituen» berri eman nahi diete. Behin informazioa edukita, Nafarroako Gobernuari hiru eskaera egin dizkiete, klima larrialdiari aurre egiteko: abeltzaintza intentsiborako lizentzia berri gehiagorik ez ematea, eta dagoeneko daudenak berrikustea; abeltzaintza estentsiboa bultzatzen duten Europako politiketan oinarritzea, horretarako ukuilu txiki eta ertainak sustatuz; eta hondakinen lekualdatzea geldiaraztea.

Makroetxaldeak ingurumenean «izugarrizko kalteak» eragin dituela azpimarratu zuen Izquierdok. Besteak beste, kontatu zuen Valle de Odieta enpresari hemeretzi zigor jarri dizkiotela eta hala ere «inpunitatez» jokatzen duela. Horrez gain, gehitu zuen kalteak eragin dituela Bardeako natura erreserban.

Horrekin batera, azaldu zuen makroetxaldeko hondakinen lekualdatzeak eragina izan duela ondoko udalerrietako ur horniketan: «Nitratoek gora egin dute, eta Alesbesen, esate baterako, ura ez da edangarria». Kaltetuak izan diren batzuek ere hitz egin zuten; horren adibidea da Javier Fabo Alnus talde ekologistako kidea: «Martzilla beti egon da oso lotua urarekin, eta ikusi dugu nola jaisten zen kutsadura errekatik». Horren aurrean, Nafarroako Gobernuaren erantzuna kritikatu zuen: «Ez kezkatzeko esan ziguten, Nafarroako ubidetik edo Itoiztik har dezakegula ura».

Gainera, Valle de Odietak are behitegi handiago bat jarri nahi du Nafarroako Erriberatik ez oso urrun, Noviercasen (Soria, Espainia). Makroetxalde horretan 20.000 behi sartu nahi ditu kooperatibak.

Izquierdok behien egoerari erreferentzia egin zien: «Hil arte esplotatzen dituzten objektuak dira». Hala ere, deus gutxi aipatu zituzten bertan esplotatzen dituzten behiek sufritzen dituzten ondorioak, eta batez ere ingurune kalteetan jarri zuten arreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.