Eusko Legebiltzarrak hirugarrenez eskatuko dio amiantoaren funtsa Madrili

Gasteizko parlamentuak aho batez onartu du lege proposamena. Ekinaldia Espainiako Kongresuan aurkeztuko du ordezkari talde batek

CAFen amiantoagatik hildako 37 lankideei egindako omenaldia, Beasainen, joan den asteartean. JON URBE / FOKU.
Jon Fernandez.
2019ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Ez behin eta ez birritan. Eusko Legebiltzarrak hirugarren aldiz eskatuko dio Espainiako Kongresuari kalte-ordainetarako funts bat sortzeko amiantoaren biktimentzako. Gasteizko ganberak ordezkaritza bat izendatu behar du orain, funtsa sortzeko lege proposamena Madrilen defendatzeko. Ekinaldia Eusko Legebiltzarreko talde guztiek proposatu dute batera, PPk izan ezik; hala ere, atzoko osoko bilkuran legebiltzarkide guztiek babestu zuten, baita PPkoek ere.

Asviamie elkartearen arabera, 2018an Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 35 pertsona hil ziren amiantoaren eraginez. Hiru lurraldeotan 9.850 lagun daude amiantoarekin lan egindako langileak biltzen dituen erregistroan, eta Nafarroako zerrendan beste 3.000tik gora. Eusko Legebiltzarrak onartutako lege proposamenaren azalpenetan agertzen denez, Espainian 3.943 langile eta erretiratu hil ziren amiantoak eragindako gaixotasunek jota 1994tik 2008ra bitartean. Aurreikuspena da, gainera, 2023ra kopurua handituz joango dela urtetik urtera, gaixotasuna amiantoarekin lan egin eta hamarkadetara agertzen delako, sarri langileak erretiratuta daudenean.

Eusko Legebiltzarraren lehen ahalegina Madrilen 2016an izan zen. Urte hartako maiatzaren 19an onartu zuen Gasteizko ganberak lege proposamen bat Espainiako Gobernuari eskatzeko kalte-ordainen funtsa sor zezala. Baina Mariano Rajoyren gobernua proposamenaren kontra agertu zen, eta Kongresuko mahaiak blokeatu egin zuen eztabaida eta lege proposamenaren tramitea —PPk eta Ciudadanosek zeukaten gehiengoa—.

Edukia, aurreratuta

Bigarren ekinaldia 2017an izan zen: otsailaren 9an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak aho batez antzeko lege proposamena, eta Espainiako Kongresuak 2017ko urriaren 10ean onartu zuen tramiterako ia alderdi guztien babesarekin, PP abstenitu egin baitzen.

Kongresuan batzorde bat osatu zuten lege proposamena lantzeko, baina, Pedro Sanchezek hauteskundeak apirilaren 28ra aurreratzearekin bat, bertan behera geratu zen.

Hirugarrenez hasiko da hutsetik prozesua, baina UGT sindikatuak gogora ekarri du edukian dagoeneko aurrerapen handiak egin direla, eta uste du garaia dela funtsa sortzeko, «duela hamabost urte Belgikan, Herbehereetan eta Frantzian egin zuten bezala». Amiantoarena lan arazo larri bat izatez gain, osasun publikokoa ere badela nabarmendu du sindikatuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.