Mexikok muga itxi ostean, migratzaileen karabana ibaitik zeharkatzen hasi da

Mexikoko presidenteak 4.000 lanpostu baino gehiago eskaini dizkie migratzaileei, baina karabanako buruek iruzurtzat jo dute proposamena

Migratzatzaileak Suchiate ibaia zeharkatzen, atzo, Mexiko eta Guatemala arteko mugan. ESTEBAN BIBA / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun

Guatemalaren eta Mexikoren arteko mugan dago iragan asteazkenean Hondurastik irten zen karabana, eta eskaera formal eta zehatz bat egin zioten atzo Andres Manuel Lopez Obrador Mexikoko presidenteari: hura igarotzeko baimena ematea. Bada, esperotakoa izan zen gobernuaren erantzuna: ezezkoa. Carmen Yadira IMN Mexikoko Migrazio Institutu Nazionaleko ordezkariak azaldu zuenez, xedapen juridikoek ez dute «zeharkaldiaren migrazio kalitaterik» ezartzen, eta, beraz, ez da posible eskaera ontzat ematea. Berehalakoa izan zen iheslarien erreakzioa, eta ehunka lagun Suchiate ibaia zeharkatzen hasi ziren, Mexikora sartzeko helburuarekin. Guardiak zituzten zain bestaldean, hori eragozteko ahaleginetan, baina ez ziren gai izan egoera kontrolatzeko. Gutunean, INMk adierazi zuen legeak ezarritako baldintzak betetzen dituztenei «aukera» emango ziela herrialdera sartzeko —ez zuen argitu zeintzuk diren—, eta azaldu zuen lehenik adingabeei eta seme-alabak dituzten emakumeei emango ziela arreta.

 

Larunbatean iritsi ziren migratzaileak Mexikoko mugara. Bertan, ordea, agintariek ateak itxi zizkieten. AEBak helmuga, 2.000 lagun baino gehiago elkartu ziren bideari ekiteko joan den asteazkenean Hondurasko San Pedro Sula hirian, eta, ordutik, nabarmen handituz doa ihesean doazenen kopurua. Hain zuzen, milaka kide batu ziren atzo karabanara, eta 5.000 baino gehiago dira jada. Bi bidetan sakabanatu dira migratzaileak: batzuk, gehienak, hegoaldera abiatu ziren, muga Tecun Uman hiritik zeharkatu nahian. Beste batzuek iparraldetik joateko hautua egin zuten, El Ceibotik igarotzeko. Bietan, baina, muga militarizatuarekin egin dute topo. Guardien presentzia gaitzetsi zuten atzo iheslariek: «Migratzaileak gara; ez gara kriminalak», kexa oihuak eginez.

Gobernuaren trikimailua

Mexikoko presidenteak eskaintza bat egin zien migratzaleei iragan ostiralean: hegoaldeko mugatik gertu haientzat 4.000 lanpostu baino gehiago zeudela ziurtatu zien, zehaztasun gehiago eman gabe. «AEBek ez dizuete asilorik emango. Alderantziz, berehala Guatemalara bidaliko zaituztete. Mexikok lanpostua izateko aukera ematen dizue». Mezu hori zabaltzen ari dira mugan dauden Mexikoko agintariak. Ez dira fio, baina, karabanako buruak, eta ezer ez onartzeko aholkatu diete gainerako kideei, euren herrialdera itzultzeko «engainatu» nahi dituztela argudiatuta.

2019an, AEBetako eta Mexikoko gobernuek migrazioaren inguruko akordio bat egin zuten. Bi herrialdeen arteko muga sarrera guztiak kontrolatzera eta erregistratzera konprometitu zen Mexiko. Horren ordainetan, Donald Trump AEBetako presidenteak bertan behera utzi zuen muga zergak igotzeko mehatxua.

Exodoa, baina, etengabea da. Egoera latzean daude Hondurasen, El Salvadorren eta Guatemalan, eta urtero milaka lagunek uzten dute beren etxea, indarkeriatik eta pobreziatik ihesi. 2018ko urrian abiatu zen lehen karabana Mexikoren eta AEBen arteko mugara, eta, ordutik, milaka lagunek ekin diote bideari hainbat karabanatan. Alabaina, akordioa sinatu zutenetik lehen karabana handia da oraingoa.

[youtube]https://youtu.be/RRnPkXwjyR0 [/youtube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.