Libiatik Europara bidean migratzaileak zeramatzan ontzi batek hondoa jo zuen joan den astelehenean, eta gutxienez 45 migratzaile hil ziren istripuan. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren eta IOM Nazioarteko Migrazio Erakundearen arabera, Mediterraneoan izandako urteko hondoratzerik handiena izan zen, eta «tragikotzat» jo dute ezbeharra. Horren ondorioz, eremu horretan bilatze eta erreskate lanak indartzeko premia azpimarratu dute.
Erakundeek zabaldutako komunitatu batean adierazi zutenez, beharrezkoa da estatuek Mediterraneoko egoerarekiko duten ikuspegiaren eta politikaren «berrikuspen» bat egitea. «Europako Batasunak zuzendutako bilatze eta salbamendu programa espezifiko bat falta da oraindik ere». Ohartarazi zuten hondamendi gehiago izateko arriskua dagoela hori egin ezean.
Gainera, kezkatuta agertu ziren erreskateetan eta lehorreratzean izandako atzerapenengatik, eta adierazi zuten horiek «onartezinak» direla: «Bizitzak arriskuan jartzen dituzte». Horrelako istripu eta gertakariei berehala erantzuteko eskatu diete estatuei, eta itsasoan erreskatatutako pertsonei sistematikoki portu seguru bat emateko.
Bide batez, gogorarazi zuten Libiakoa ez dela portu seguruen zerrendan sartzen. «Gatazka pairatzeko arriskua dute han, baita giza eskubideen urraketa larriak eta lehorreratu ondorengo atxiloketa arbitrarioak ere».
Tripoliko egoera ezegonkorra da horren arrazoia. Bederatzi urte dira jada NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta, hain zuzen, hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa eta gatazka. UNHCRn eta IOMen arabera, 7.000 migratzaile eta errefuxiatu inguru itzularazi dituzte Libiara urtea hasi zenetik, eta kudeaketa hori gaitzetsi dute.
Bestalde, bi erakunde horiek emandako datu ofizialen arabera, gutxienez 302 migratzaile hil dira aurten Mediterraneoan. Ohartarazi dute, ordea, benetako kopurua ziurrenik «askoz handiagoak» izango dela, astero ateratzen direlako erregistroetan gorde gabeko ontziak. Erantzun bat emateko beharra azpimarratu zuten.
NBEk Mediterraneoan egiten diren erreskateak indartzeko exijitu du
Gutxienez 45 migratzaile hil dira astelehenean izandako istripuan. Gobernuei egungo politika «berrikusteko» eskatu diete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu