Burka erabiltzea debekatu du Suitzak

Herritarren %52k babestu dute, erreferendum bidez. Erabakiaren aurkako mugimenduek «musulmanen kontrako erasotzat» jo dute

Debekuaren aldeko kanpainak erabilitako karteletako bat. URS FLUEELER / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Geratu estremismoa» eta «Geratu islamismo erradikala» esaldiak, eta begiekin haserrea erakusten duten emakumeak, nikab beltzak aurpegiko gainontzeko atalak ezkutatzen dizkieten bitartean. Horiek izan dira burkaren eta nikabaren erabilera mugatzearen aldekoek jarritako kartelen protagonistak. Eta lortu dute helburua. «Baiezkoa aurpegia ezkutatzeko debekuari» aukerak Suitzako herritarren botoen %52 eskuratu zituen igandeko erreferendumean.

Eskuin nazionalistak bultzatutako ekinaldi horrek herrialdeko gune kontserbadoreenetan eta Frantziarekin mugan dauden eremuetan lortu ditu garaipen argienak. Kontrara, ezetza gailendu da hiriguneetan: tartean, Zurichen, Basilean eta Genevan. Orain, konstituzioan txertatu beharko dute debekua, eta herrialdeko kantoietako bakoitzak bi urteko epea izango du araudi bat prestatu eta onartzeko. Hala, inguru horretan burkaren erabilera mugatuko duen bosgarren herrialdea izango da. Aurretik, Frantziak, Herbehereek, Austriak eta Belgikak ere ezarri dute araudiren bat.

Suitzan, Egerkinger Komitee erakundeak aurkeztu zuen gaia erreferendumera eramateko proposamena. «Islamak Suitzako politikan boterea eskuratzeko duen nahiari» aurre egiten dion «erresistentziatzat» dauka erakunde hark bere burua, euren webgunean azaltzen dutenez.

Erakunde horrek lotura estua du UDC Zentroko Batasun Demokratikoa alderdi kontserbadorearekin. Egun, Kontseilu Nazionalean eserleku gehien duen alderdia da, eta baietzaren aldeko kanpaina gidatu zuena.

Alderdiak emakumeen eskubideen defentsan zentratu zuen kanpaina, eta argudiatu du neurriaren helburua «berdintasuna, askatasuna eta segurtasuna» bermatzea dela, eta saihestu egingo duela «kontrolatuta, zapalduta eta gatibu» dauden emakumeak aurpegia estaltzera behartzea.

UDCko parlamentari eta Egerkinger Komiteeko presidente Walter Wobmannek, ordea, argi utzi du komunitate musulmana dutela jomugan. Haren hitzetan, baiezkoaren garaipenak mahai gainean jarri du «islam politiko erradikalaren inguruko eztabaida», eta Jean Luc Addor alderdi bereko parlamentariaren esanetan, musulmanek «ulertu» dute nikaba «islam erradikalaren manifestazio bat» dela. Hala, bultzatzaileek erabilitako argudio nagusien artean egon da «terrorismo islamistari» aurre egiteko beharra.

Neurriak bestelako mobilizazioetan parte hartzen dutenei ere eragingo die. Halakoetan ere ezingo da aurpegia estali. Halere, manifestazio eta kirol ekitaldi jendetsuetan aurpegia agerian eraman beharra zehazten duten araudiak indarrean daude jada hamabost kantoitan. Nikaba eta burka janzteko debekua, berriz, bitan besterik ez: Tesinon 2016an onartu zuten, eta San Galon, duela bi urte. Horregatik, erabakia «musulmanen aurkako erasotzat» jo dute ezetzaren aldekoek.

Ezkerreko alderdiek eta gizarte mugimenduek«arrazistatzat eta sexistatzat» jo dute neurria. Era berean, Suitzako Gobernua eta parlamentuaren gehiengoa ere burkak debekatzearen aurka agertu zen, eta lehenak beste proposamen bat plazaratu zuen, erreferendumean ezezkoak irabaziz gero indarrean sartuko zena. Asmoa zen identifikazioa erraztea beharrezkoa den kasuetara mugatzea aurpegia erakusteko derrigortasuna.

Eskuineko indarrek, ordea, UDCren kanpaina babestu zuten. «Emakumeek ezin dute onartu arnastea eta pertsona eta emakume gisa agertzea galarazten dien tela bat izatea aurpegi gainean», adierazi zuen Alderdi Liberal Erradikaleko Jaqueline de Quattro parlamentariak, emaitzen berri izan ostean.

Dozena gutxi batzuk

Suitzan ez da ia nikab edo burkarik ikusten. Herrialdeko biztanleen %5 inguru dira musulmanak, nagusiki Balkanetatik eta Turkiatik iritsitakoak, eta, Luzernako Unibertsitateak eginiko ikerketa baten arabera, dozena gutxi batzuk dira Suitzan nikaba janzten duten emakumeak, eta bakar batek ere ez du janzten, berriz, burka.

Gobernuaren beldur nagusia, baina, turismoan izan dezakeen eragina da. Suitzak herrialde arabiarretatik iristen diren bidaiari aberats ugari hartzen ditu urtero, eta herrialde haietan ohikoa da emakumeek halako jantziak erabiltzea.

Azken hori ez da Suitzako alderdi eskuindarrek islamaren oinarriak jomugan jartzen dituzten lehen aldia. Duela hamabi urte, herritarrek minarete gehiago eraikitzeko debekuaren alde egin zuten, beste erreferendum batean. Hura ere Egerkinger Komiteek bultzatu zuen, eta %57ko babesa eskuratu. Horrez gain, UDCk delituren bat egiten duten migratzaileak herrialdetik kanporatzearen eta Europako Batasunarekin duten zirkulazio askatasuna etetearen aldeko proposamenak ere aurkeztu izan ditu, baina horietan ez du arrakastarik izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.