Pakistango lehen ministro aukeratu dute Xarif, Khan agintetik kanporatu ostean

Parlamentuak oposizioko liderra hautatu du gobernu berria gidatzeko. Nawaz Xarif hiru aldiz karguan izandakoaren anaia gazteena da

Xahbaz Xarif Pakistango lehen ministro izendatu berria, martxoaren 31n, prentsaurreko batean. SOHAIL SHAHZAD / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Pakistango Parlamentuak lehen ministroa izendatu zuen atzo, gobernuaren eta ganberaren arteko gatazka piztu zenetik astebetera. Xehbaz Xarifek ordezkatuko du Imran Khan karguan, joan den igandean parlamentuak azken horri konfiantza erretiratu ostean. Khanen agintaldian oposizioko buru izan denak azaldu du bozak aurreratu nahi dituela—2023ko abuzturako espero ziren—, baina, deialdia egin baino lehen, hauteskunde «aske eta garbiak» ziurtatzeko lege aldaketak onartu behar direla. Khanek erakutsi du, boteretik kanporatua izanagatik, babesa duela kalean. Milaka jarraitzaile mobilizatu ziren igandean Pakistango hainbat hiritan, haren kontrako mozioa gaitzesteko. Lehen ministro ohiak ziurtatu zuen AEBak daudela bera boteretik kentzeko mugimenduaren atzean. Etxe Zuriak ukatu egin du hori.

Aginte makila galtzeko arriskua bistakoa egin zitzaion Khani martxoaren azken egunetan, haren koalizio gobernuko kideak iritziz aldatu eta oposizioaren konfiantza mozioa babesteko prest zegoela iragarri zuenean. Mozioa apirilaren 3an bozkatu behar zuten, baina parlamentuko presidenteordeak —Khanen alderdi berekoak— blokeatu egin zuen bozketa. Oposizioko taldeek Auzitegi Gorenean salatu zuten erabakia, eta epaileek legez kontrakotzat jo zuen. Larunbatean ukatu zion parlamentuak Khani agintean jarraitzeko konfiantza. Hamahiru ordukoa izan zen eztabaida, eta Khanen alderdiko ordezkari ia denek dimititu egin zuten bozketaren aurretik.

Bi egun lehenago, Khanek ohartarazi zuen ez duela onartuko mozioaren ondorioz eratuko den gobernurik. Ikusteko dago Xarifen izendapenak krisia gainditzea lortuko duen ala ez.

Kudeatzaile profila

Parlamentuak atzo izendatu zuen lehen ministroa Musulmanen Liga-Nawaz alderdiko liderra da, Khanen agintaldian oposizioko indar nagusi izan denaren burua. Ezagunagoa da kudeaketa arloan garatu duen jardunagatik bere ibilbide politikoagatik baino, eta egoera ekonomikoa hobetzea nahiz ustelkeriaren kontrako borroka aipatu ditu osatuko duen gobernuaren lehentasun gisa. Industriari lotutako enpresari familia bateko kide, Pakistanen hiru aldiz lehen ministro izan den Nawaz Xarifen (1990-1993, 1997-1999 eta 2013-2017) anaia gazteena da. Hari kargu publikoetan berriz aritzeko debekua ezarri zioten 2018an, ustelkeriagatik hamar urteko espetxealdira kondenatu zutenean. Hilabete gutxi batzuk egin zituen kartzelan. Atzerrian mediku tratamendu bat jasotzeko eten zioten zigorra, eta hura amaitutakoan ez zen itzuli.

Pakistango ezegonkortasun politikoaren beste adibide bat izan da Khanen kargugabetzea. 75 urteko historian, arma nukleardun herrialdeak ez du lehen ministrorik izan bost urteko agintaldia amaitu duenik. Azken gobernuburuak, kriket izarra izandakoak, hiru urte eta erdi egin ditu agintean. 1947an Erresuma Batuko kolonia izateari utzi eta independentzia lortu zuenetik, militarren diktadurapean egin ditu urteen ia erdiak. Hiru estatu kolpe eman ditu armadak—1958an, 1977an eta 1999an—, eta beste hiru alditan saiatu da boterea indarrez hartzen —1951n, 1980an eta 1995ean—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.