Kataluniako murgiltzea bermatzeko legeari oniritzia eman diote

Estatutu Bermeen Kontseiluak ebatzi du ERC, PSC, JxC eta Comukoen proposamenak ez dituela urratzen ez konstituzioa, ez estatutua

Kataluniako murgiltze ereduaren aldeko manifestazio bat, iazko abenduan, Bartzelonan. DANI CODINA.
Igor Susaeta.
2022ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Estatutu Bermeen Kontseiluak oniritzia eman dio Kataluniako hezkuntzan murgiltze eredua bermatzeko ERC Esquerra Republicanak, PSCk, JxC Junts Per Catalunyak eta Comukoek adostutako lege proposamenari. Generalitatearen kontsultarako organo bat da kontseilu hori, Kataluniako legeak indarrean dagoen lege markora egokitzen ote diren aztertzea du zeregin, eta aho batez ebatzi du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak 2020an murgiltze ereduaren kontra hartutako erabakiari aurre egiteko proposatutako legeak ez dituela urratzen ez Espainiako Konstituzioa, ez Kataluniako Estatutua.

Lege proposamenaren 2. artikuluaren arabera, Kataluniako hezkuntza sisteman katalana «komunikazio hizkuntza» izango da, eta gaztelera, berriz, «hizkuntza kurrikularra». Aintzat hartu behar da Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaiak behartzen duela hezkuntza sisteman eskolen %25 gazteleraz ematera. ERCk, JxCk, PSCk eta Comukoek joan den maiatzaren 25ean erregistratu zuten lege proposamena, hori tramitatzen hasteko. Baina Voxek, PPCk eta Ciutadansek txosten bat eskatu zioten Estatutu Bermeen Kontseiluari, iritzita legearen 2. artikulua konstituzioaren kontrakoa zela. Osoko bilkura dago programatuta gaurko Kataluniako Parlamentuan, eta gehiengo zabala edukita, ziurrenik gaur onartuko dute legea.

Atzo kaleratutako ebazpenak dioenez, proposamenak planteatzen du «gazteleraren erabilera handiago bat hezkuntza sisteman», konparatuta Kataluniako Hezkuntza Legeak eta Hizkuntza Politikarako Legeak aurreikusten dutenarekin, izan ere, haren erabilera kurrikularra «esplizituki» jasotzen du. «Beraz, hizkuntza baten erabilera kurrikularra aurreikusteak ematen du aukera hori hezkuntza sistema osatzen duten elementuetara zabal dadin», nabarmendu dute 32 orrialdeko idatzian. Legeak dioenez, hizkuntza kurrikularra izango da gaztelera, eta, orduan, ebazpenaren arabera, ez da «baztertua» geldituko.

Gogoratu du, bide batez, «hezkuntzan hizkuntza berdintasuna» egotea azken ia hiru hamarkadetan inoiz ez duela exijitu ez konstituzioak, ez estatutuak, «ez estatuko legedi oinarrizkoak».

Eskolen %25 gazteleraz ematera behartzen du Kataluniako Auzitegi Nagusiaren epaiak, eta, horren harira, kontseiluaren testuak zehaztu du konstituzioa eta estatutua kontuan hartuta, portzentaje bat ez dela elementu lotesle bat legea egiten duenarentzat, eta, horrenbestez, ez dagoela hori errespetatzera behartuta. «Portzentajeen araua aukera politiko zilegi bat izan daiteke, baina aukera politiko bat denez, botere publikoek erabaki behar dute horri buruz, Parlamentutik hasita».

Sententziaren aurrean, gainera, dekretu bat onartu zuen Generalitateak lehengo astean. Horren arabera, Kataluniako Hezkuntza Kontseilaritzak bere gain hartuko du hizkuntza proiektuen legezkotasunaren erantzukizuna. Estatutu Bermeen Kontseilua datorren egunetan da dekretuari buruzko ebazpena ematekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.