garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Trenetik begira

2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Parisa noa. Hendaian trena hartu eta bost ordu eskasean Montparnassen izango naiz. Tartean, bost geldialdi besterik ez. Bostak ala bostak, bidearen lehen herena osatu baino lehen: Donibane-Ziburu, Miarritze, Baiona, Akize eta Bordele. Hortik gorako tartea, atzean utziko duguna baino hagitzez arinago egingo dugu, geziak diana jo behar duenean bezalatsu egingo ere, literalki, abiadura handiko trenaren ziztuan.

Atera berri ditudan irakurgaien artean Philippe Geluck komikigilearen zinta bat dakusat. Bere pertsonaiarik ezagunena, Le Chat katu filosofikoa, tente ageri da, betiko harridura keinua aurpegian, eta eskuetan, maleta bana. «Nasan gaudenean, trena da urruntzen dena», dio katu sudurlodiak, «eta trenean gaudenean ere, trena da urruntzen dena». Irribarrea eragin dit.

Hala da: trena da urruntzen dena. Besteok ez bezala, trenak badu dena atzean uzteko eta desagertzeko gaitasuna. Baina geuk ere arrunt bestela begiratzen diogu trenari. Erabat mudatu dira harekikoak. Garai bateko erromantizismoa galdu duela dirudi, jada ez zaiola arrastorik ere gelditzen. Bere aitzakian izan den sorkuntza literario oparoa datorkit gogora, makina bat film, liburu eta doinu, aldez edo moldez lotu zaizkionak. Gaur, ordea, inoren zain gelditzen ez den tramankulu horrek nekez sorrarazten du ametsik prosaikoena ere, zer esanik ez abiadura handikoak. Bi puntu lotzeko marra zuzena besterik ez da. Marra sinple, kasik matematiko bat. Edo kapsula hutsa. Hor doan bidaiariak ez du, berez, deus handirik espero: ez enkontru gogoangarririk, ez misteriorik, ez abenturarik, ez paisaiaren emoziorik. Izatekotan, konturatzerako iristea; bertan igaro beharreko astia ahalik eta lasterren joatea betiko. Horixe bera espero bide du, ez besterik.

Horretarako armak prest dituela igotzen da jendea bagoira. Lehenik eta behin, wifira konektatu. Aurreko aulkiaren bizkarretik mahaitxoa atera. Telefonoa, ordenagailua edo kontsola bertan ipini. Baita edaria, zizka-mizka plastifikatuak edota kafea ere, eta belarrietan aurikularrak. Hendaian sartu eta Parisen utziko duen kapsula hermetikoan are hermetikoago kapsulatuko da, beraz. Bozgorailuetatik entzungo den ahotsak ere gonbit bera luzatuko dio. Isilik joateko, norberaren berriketaz aldamenekoa ez gogaitzeko, taberna-bagoian kontsumitzeko, ez aspertzearren pantailari lotzeko eta, aukeran, aho-sudurrak maskaraz estaltzeko, hizketa molde dotorez.

Ukondoa leiho-hegian eta esku-ahurra masailean jarrita, paisaiari erreparatu nahi nioke, martxa honetan ia ezinezkoa da, ordea. Ortzi-mugara begiratu ezean, dena da lauso eta zorabiagarri. Leihoari bizkarra eman behar azkenerako. Pastel horri gerezia Irun, Baiona eta Bordeleko alkateek jarri diotela otu zait. Herri eta auzokideen arteko harreman historikoaren garrantzia gogora ekartzeko bildu eta Bidasoaz gora AHT garatzeko proiektu ezaz lantuka aritu dira berriki. Moda-modako diskurtsoa entzun zaie —«Efizientzia», «mugikortasun jasangarriaren ikur», tar-tar-tar—; egietatik baino gehiago, interes susmagarrietatik sortutako argudio andana.

Izan ere, ez al da finean AHT, bi puntuen arteko marra zuzen ia matematiko bat, tartean gelditzen diren puntu, auzo, herri, hiri eta paisaiak ezdeus eta ikusezin bihurtzen dituena, itsu-itsuan pasa beste helbururik ez duena? Inguruko auzokideen arteko harreman historikoak nabarmentzeko bildu eta inplikazioa eskatzen hasita, ez al zuten hobe aldirietako tren zerbitzu hobea aldarrikatzea? Parisa joatea errazagoa eta merkeagoa da gaur, Hendaiatik Baionara joan-etorria egitea baino.

Katu sudurlodiaren logika minimalista da eskas duguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.