Bulgariako Gobernuak zentsura mozioa gainditu du, protesta artean

Oposizioak eta manifestariek ustelkeria leporatzen diote gobernuari. Borisovek iragarri du aldaketak izango direla gobernuan, ez dimisiorik

Bulgariako Gobernuaren kontrako manifestari bat, atzo, parlamentuaren parean. VASSIL DONEV / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Boiko Borisov Bulgariako presidentearen gobernuak gainditu egin zuen, atzo, oposizioko BSP sozialdemokratak aurkeztu zion zentsura mozioa. Eskuineko gobernuari sostengua eman diote koalizio gobernuko bi indarrek, Borisoven GERBek eta Abertzale Batuak alderdiek, eta haien 124 botoekin baztertu dute zentsura mozioa; 102 parlamentarik egin dute mozioaren alde, eta 11 abstenitu egin dira.

Parlamentuan eztabaidatzen ari ziren bitartean, dozenaka manifestari elkartu ziren ganberaren kanpoaldean, Borisoven gobernu osoaren eta fiskal nagusiaren dimisioa exijitzeko. Herrialdean ustelkeria errotuta dagoela salatu, eta erreforma politiko sakonak galdegin zituzten. Protesta oldeak orain arte iraun duen hamahiru egunetan, mobilizazio jendetsuak izan dira gauetan egin diren mobilizazioetan. Milaka manifestari elkartu dira Sofia hiriburuan eta beste hainbat hiritan, ustelkeria salatzeko.

Protestak indartu egin ziren duela hiru egun, Poliziak Rumen Radev Bulgariako presidentearen bulegoa miatu ostean. Radev sozialisten hurbilekoa da, eta aurkari du Borisov lehen ministroa.

Manifestariek adierazi dute ez dutela amore emango gobernu osoak dimisioa eman arte. Mafiaren eta herrialdeko oligarkiaren menpeko izatea leporatzen diote.

Borisovek hitzeman du aldaketak egingo dituela gobernuan. Aldaketa horiek «bi egun barru» jakinaraziko dituztela adierazi du Valeri Simeonov parlamentuko presidenteordeak. Bulgarian datorren urtean egitekoak dira presidentetzarako eta parlamenturako bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.