Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Presondegiaren aurka

2021eko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Joan den ostiralera arte euskal preso politikoa zen Lorentxa Beyrie. Gurean, beti hala izan da. Hogei urte preso zela, eta nire adinekoek zortzi urte zituzten atxilotu zutelarik. Zortzi urte. Lehen mailan ginen. Ez gara oroit egun horretan egin genuenaz, adin horretako hurbileko batzuk salbu, ezinbestez.

Hala ere, Lorentxa pertsonak segitu gaitu urte luze horietan. Bere aurpegia Kanboko ziganteen espalda gainean ateratzen zen, beti, dantzan plazaren erdian. Herriko murru ugarietan gurutzatzen genuen, astero; molde batez edo bestez tindaturik. Manifestaldietako pankartetan berriz, bisaia gazte hori altxatzen zen ardura. Bide bazterretan, ostatu batzuen barren gainean zintzilik ere: hor itxoiten zuen bere buruaren argazkia kendu arte. Ostiralean iritsi zen eguna, irudia jausteko eguna.

Familiak eta hurbilekoek zabaldu zuten indarrari esker gure belaunaldiaz gain, gazteagoengan ere iritsi zen Lorentxaren presentzia.

Jeanine Beyrie-k (Lorentxa Beyrie-ren ama) zioen bezala alabaren ateratze bezperan Kazeta.eus atarian, «gatibu dauden beste 220 militante utziko ditu gibelean». Berrehun eta hogei pertsona, beraz, estatuen ziegetan preso atxikiak dira, oraindik, euskal gatazkan parte hartzea leporaturik.

Etxerat elkartearen arabera, 2015. urtean 403 euskal preso baziren, zenbaki horien arabera sei urte berantago erdia baino gehiago oraindik kartzelatua da. Nahiz eta euskal presoen hurbiltze mugimendu bat martxan den, sakabanaketa politikoa (salbuespen egoera bat) amaitzeko prozesu bat baizikez da.

Lorentxa Beyrie, zigorra bururaino eta osorik bete ostean etxeratu da. Baldintzapeko askatasuna ez zuen lortu eskatu zuenean; ber zortea aplikatzen zaie beste hainbesteri —adibidez Jakes Esnal, Ion Kepa Parot, Didier Agerre; Ipar Euskal Herrian belarrira maiz heldu zaizkigun izenak—.

Espetxe zigor luzeak, gogorrak eta amaigabeak; hauek dira euskal preso politikoei ezarri zizkietenak. Eta ezartzen direnak. Estatuaren zigortze eskaera ikaragarriak metatzen dira txostenetan. Estatu-nazioaren nagusitasuna eta indar harremanaren menderakuntza markatzeko, errepresioa sendotzeko eginak diren zigorrak eskatzen dira.

Aldiz, euskal herritarren aurkako torturen gaia aipatzen dugunean: isiltasuna. Zigor ttipiak, inkesta hilaurtuak, politikarien eta epaien diskurtso negazionistak. Hots, inpunitatea.

Gure kasuan, bi estatu nazionalistak, Frantzia eta Espainia, haien lurraldean kokatua den Euskal Herri baten aurkako borrokan ari dira. Besteak beste, arma dute kartzela. Horregatik, estatuaren aparatu errepresiboa amaitu behar da: presondegiaren sistema bukatuz; bai preso politikoentzat, baita ere beste preso guzientzat ere.

Gwenola Ricordeau ikerlariaren arabera, sistema penala kapitalismoaren eta xurien nagusitasunaren esku den instrumentua da, klase popularren eta pertsona arrazializatuen kontrolatzeko egina. Gwenola Ricordeauk teorizatzen duen presondegi sistema horren ezeztatzea pentsatzeko balia dezakegu gure esperientzia, euskal herritar gisa. Estatuak—zilegitasunaren zigilua erabiliz— eraiki duen humanitaterik gabeko arma bortitzena baita presondegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.