elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Takoi alpinoak

2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Oinutsik. Hala agertu zen Ana Urrutia—ETB-2ko eguraldiaren aurkezlea— bere azken saioan, uztailaren 28an. «Lurrarekin lotura» sentitzeko egin omen zuen hori. Bikain! Baina berdin esan zezakeen Errauskineren papera jokatzea otu zitzaiola despedidarako. Izan ere, jakinekoa da Ana Urrutiak Euskal Telebistan takoi luzeko zapata derrigortuen kontra egin duen borroka: oinutsen keinuarekin jarri zion azpimarra. José Ramón Blázquezi lapurtu diottakoi alpinoak esakunea (Noticias de Navarra, 2022-07-25). Takoi alpinoak, oin izorratzaileak izateaz gain, sinbolo esanguratsua dira.

Hogeita hiru urtez Euskal Telebistan aritu den aurkezleak esana: «Orain dela hogei urte bezala jarraitzen dugu: gizon heldu eta lodi batek prime time-ko saioa aurkeztu dezake, eta emakume baten kasuan pentsaezina da. Kirolak aurkeztuko dituen emakumeak kiroletan aditua izan behar du, baina baita polita ere, gizonezkoen audientzia erakartzeko. Eguraldia-n ere antzematen da mapen artean mugitzen den emakume sexiaren kontua». Ana Urrutiaren hitzak, June Fernandezek jasota, izenburu luze bezain adierazkorreko erreportajean: «Kamera aurrean, gaztea, argala eta liraina izan behar duzu, emakumezkoa bazara» (Argia, 2021-10-17).

Lekukotasun sorta bildu zuen June Fernandezek lan horretan. Estitxu Fernandezen hau, esaterako: «Herriko festei buruzko saioak eta Sorginen laratza bezalako gaueko showak aurkezten hasi nintzenean sentitu nuen presioa. Arropa aukeratzen zidaten, oso festiboa eta dotorea, batzuetan eskotearekin, beti takoiekin. Oso deseroso zitzaizkidan».

June Fernandezen idatziak Naiara Vink kazetariak Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztutako doktorego tesian du abiapuntua; izan ere, Vinkek aztertu du irudiak zenbaterainoko eragina duen —Espainiako Estatuan— kazetari emakumezkoaren bilakaera profesionalean. Bere hitzetan: «Kazetarien irudiaren eragina erabakigarria da: mugatu egiten du haren ibilbide profesionala eta lidergo gaitasuna». (BERRIA, 2021-07-17, Olatz Estebanek egindako elkarrizketa). «Estetikaren tirania» deitzen dio Vinkek emakumezkoek irudiarekiko jasaten duten presioari.

Nolanahi ere, susmoa daukat estetikaren tirania hori ez ote den oso adimentsua. Presio horren barruan sartuko da negu gorrian Gaur Egun edo Teleberri-ko aurkezle emakumezkoa mahuka hutsik jartzea. Badakigu telebistako estudioetan ez duela hotzik egiten, baina datorkeen elurteari buruz gisa horretan jantzita jarduteak talka egiten du mezuarekin, sinesgarritasuna kentzen dio. Edo munduko arazo eta ezbeharrak kontatu behar dituen aurkezlea agertzea garai batean koktel soinekoa deitzen zutenaren modukoekin... Zer esango dizuet: kirrinka egiten du.

Armas de mujer / Working girl (1988) filmeko eszena bat datorkit gogora: Melanie Griffithek, New Yorkeko metrotik irten eta lanerako bidean, zapatilak erantzi, poltsan gorde, eta balantza apur bat eragiten zioten takoi luzeko zapatak janzten zitueneko hura. Bulegoan Harrison Ford negozio gizona zuen buru; haren idazkari izateari utzi eta negozio emakume bihurtu nahi zuen neskak. Takoizko zapatak versus zapatilak. Izan ere, takoi luzeek sexua markatzen dute, azpimarratu egiten dute, ibilera sentsualagoa eragiten omen dute... Haien gainean ibiltzen dakienari, izatekotan. Takoizko zapatak fetitxe bihurtuta.

Kontua da zapata-dendetako erakusleihoetan, gaur egun, zapatila gehiago ikusiko duzula takoizko zapatak baino. Kalean, zer esanik ez: adin guztietako emakumezkoek darabiltzate zapatilak, haien artean gaztetan takoizko zapaten kalbarioa jasan behar izan zutenak barne. Eskaintza benetan zabala baitago zapatiletan, kirolekoetatik hasi eta fantasiazkoetaraino: kolore, ehun, narru, estilo —eta prezio— askotarikoak.

Bitartean, ETBko estilistak—buruzagien aginduetara— tematzen dira emakume aurkezleek irudi artifizial eta estereotipatua erakutsi dezaten, zaharmindua. Gogoz kontra bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.