mikel elorza
ARKUPEAN

Elkartasuna eta Leopardak

2023ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Ukrainako herritik dator notizia putin bat izan dela jenioz bizia, kontatutzera noa (tele)bistan ikusia, hara joanak baitira aurkezle guztiak. Eta abar. Sare sozialetan aiztoz eta batik bat gaiztoz idazten duen hainbat aztoratuko da, baina uste dut EITBkoek ahalegintxoa egin zutela errelato hori-urdinean ez jausten erabat —profesional apartak daude haien artean, bai horixe—, baina ez zeukaten erraza: Kievera egindako txangoa —hango biktimak, hango euskaldunak...— pro-ukrainarra zen sortze beretik; hemendik egiten den informazioak ere handia dakar zama.

Ni despliegeak berak harritu ninduen. Nola entzun nion albisteak ematen zituenari goiza Kieven normal joana zela, sirenotsik ez zela entzun, eta tonuan nabaritu zitzaion horixe zuela ments, momentu horretan sirenotsak jo eta aterpe batera jaitsi behar izatea kaskoa jantzita. Horrek jarriko ziokeela buztana txapelari. Baina ez.

Hala ere, kazetaritzaren une gorena bizi nahi badute aurkezleek, albistegia eginez albistearen tokitik bertatik, ez dezatela etsi. Bertan asko topa daiteke munduan, nahiz eta batzuk ez dauden bertan, oso urruti baizik. Mentalki, bederen, milaka kilometrotara.

Gatazka bidegabea —gutxienik Ukrainakoa bezain bidegabea— eta urteurrena batu nahi izanez gero, aurtengo udaberrian 75 urte beteko dira Israelen eta herri arabiarren arteko lehen gerratik, herritar arabiarrak euren lurretatik egotzi zituztenetik. Nakba-tik. Kolono judutarrak egunotan Nabulusen ibili dira pogrom modukoak egiten, eta EITBkoek handik hurbil plato bat montatzeko modua aise egingo dute. Gainera, kasu honetan gure telebistak darabilen diskurtsoak gehienean palestinarren alde dauden herritarrenarekin bat egiten du, eta beraz errelatoak gehienok aseko gintuzke. Eta ea zorte apur batekin sirenotsak jotzen duen inguruan...

Munduak jira bitxiak egiten ditu. Israelgo estatuaren oinarri ideologiko eta militante potente bat izan ziren kibbutz-etan negar egin zuten duela 70 urteko aste honetan, urteurrenak gogoan nik ere, Iosif Stalinen heriotzarekin. Ideal sozialista buruan, baina Israelgo estatuaren defentsa, laiko erradikalak, kolektibistak... eta orain, han ere halakorik geratuko bada ere, Ukrainan anarkistak eta komunistak geratzen diren bezala, herritar gehienek Netanyahu eta haren estremismotik oraindik ere muturrerago dauden torajaleei ematen diete babesa. Zeinak ez lukeen ezertarako balio izango AEBek eta haren zirinak miazkatuz dabilen Mendebaldea deitutakoak benetako babesa emango ez baliete. Hau da, babesa zeina denmisilak, tankeak, defentsak, teknologia militarra eta dirua. Bestelakoa da elkartasuna, palestinarrei ematen zaiena.

Ukrainako iraultzaile handiak ere ekar litezke gogora, baina oroimin hutsala baino ez litzateke. Bestelakoa da han orain panorama. Eta gainera, kausa batzuen alde gehiengo izanda ere, antolakuntzak ondo lotua du hori alferrikakoa izatea. Fisikak nahi duena esango du, baina ez daukate pisu berdina tona bat elkartasunek eta tona bat Leopard-ek.

Arreta Kievera eramanagatik (ondo zetorren hori), hemen ere izan da urteurrenik, Osakidetzak ere bete du berea: 40 urte. Aukera ezin aproposagoa... publizitate-kanpaina bat zalu abiatzeko osasun sistema publikoaren gorespena eginez! Gobernutik diote, gu ere osakidetza garete. Ez da leloa, baina izan zitekeen. Horixe bururatu zaie efemeridea ospatzeko, publizitate-kanpaina.

Kontua da herritarrok (gehienok, nire uste harroan) ez dugula ospakizunik nahi. Ez dugu txalorik entzun nahi boterearen balkoietatik; horiek guk joko dizkiegu (normalean primeran) artatzen gaituzten profesionalei. Baliabideak nahi ditugu. Dirua, profesional gehiago, eta neurri zehatzak prekarietatea borrokatuz, pribatizazioa galgatuz... Elkartasuna guk jarriko dugu, jar ditzatela eurek leopardak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.