Julen Azcona
ARKUPEAN

Bizuma harrien munduan

2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Aurreko batean, gurasoei galdetu nien ea zergatik ez duten behingoz Bizum aplikazioa jaisten, diru transferentziak azkar eta erraz mugikorretik kudeatzeko. Etxean, arrebak eta biok badugu, baina ez beraiek. Beharbada, Bizuma da 2022an nire gurasoentzat geratzen den azken konkista teknologikoa, paperaren belaunaldiaren azken erresistentzia. 2000ko eta 2010eko hamarkadetan zehar, kostata-kostata lortu izan dugu mugikor patata zaharra tresna moderno batekin ordezkatzea, Whatsapp erabiltzea, eta abar. Hala ere, noizean behin milenio zaharrari eusten diote oraindik. Lo egitera joaten direnean, mugikorra beheko solairuko egongelan gordetzen dute, itzalita, mesanotxean utzi ordez. Iratzargailua kubo itxurako katxarro bat da, txistu jasanezin bat igortzen duena goizero. Bizumaren kasuan, eman diguten azken erantzuna hauxe izan da: zertarako jaitsi aplikazioa, hemendik gutxira Ukrainako gerra, energia krisia eta Mendebaldearen gainbehera dela eta Internetik gabe geratuko bagara?

Arrebak barre egin du komentarioa entzutean. Aitak eta amak ere bai. Erdi bromatan, erdi serio. Kezka hor kanpoan dago, airean, ea nazioarteko krisi honek nora eramango gaituen. Krisi energetikoa erreala da. Hori gogorarazi zigun etengabe Eusko Jaurlaritzak joan den Donostiako Zinemaldian. Film bakoitzaren emanaldia baino lehen, iragarki instituzional bat ikustera behartu gintuen, bai kazetariak, bai ikuslegoa, non energia aurreztearen «beharra» eta «aukera» azpimarratzen zen. Bideoa Agenda 2030en barne kokatzen zen, baina, Garapen Jasangarrirako Helburu guztien artean (hamazazpi dira), energia aurreztearen gaia azpimarratzen zen. Youtuben bistazo azkar bat egin eta gero, ikusi dut iragarkia joan den azaroan aurkeztu zela, baina orduan ez zen konkretuki energiari buruz mintzatzen: orain atxiki duten zerbait da. Bazirudien pantaila erraldoitik «negua badator» esaten zigutela, Game of Thrones seriean bezala, baina aurrekontu zuhur eta exekuzio nahiko kutrea zuen bideo baten bitartez.

Ez da tontakeria bat. Ez da kasualitatea. Noraino eramango gaitu krisi honek? Decrecer da nire gurasoek aspalditik errepikatzen didaten hitza. Gutxiagotu. Urritu. Txikiagotu. Gizarte kapitalista honen ohiturak aldatu. Nola egiten da hori, ni bezala teknologiaren munduan jaio bazara? Ez nuke jakingo nondik hasi, nola idatzi, adibidez, ordenagailurik gabe. Aspaldi ez dakidala ia arkatz bat jasotzen, eta ideia hutsak deprimitu egiten nau. Ganbaran dugun idazmakinari hautsa garbitu? Tekla okerrari emateko beldur izango nintzateke etengabe, idazten den guztia paperean markatuta geratzen baita, CTRL + Z sakatzeko aukerarik gabe.

Beharbada, Putinek gerra irabazten badu, mundua misil nuklearrekin txikituz, eta Bizuma betirako desagertzen bada, ez nuke inoiz gehiago idazteko beharrik izango. ETBko animalien dokumentalen antzera, naturan basati biziko nintzateke. Ez hitzik, ez paperik. Soilik bizirauteko sena eta kobazulo bat gertu, gau euritsuetarako. Paradoxa hutsa da: ETBko basapiztien ohiturak berrikasi, ETBko dokumentalak ikusteko aukera emango zidan telebistarik gabe. Internet gabe. Zinema gabe. Agur, Eraztunen Jauna. Aio, Netflixeko hiltzaile psikopatei buruzko dokumentalak. Érase una vez... el hombre, baina atzekoz aurrera. Txalaparta eta irrintziekin deialdi galduak. Ke-seinaleekin Tinder zitak. Odolarekin labar pinturak, bisonteen ordez garai zaharretako telefonoak islatuz. Amaieran, lurrarekin bat egin. Mineralak bezala ibaien korrontean bidaiatu, aurten estreinatu den Every-thing everywhere all at once filmean bezala, non unibertso paralelo batean gizakiak harriak diren eta isiltasunean komunikatzen diren. Ama eta aita eta arreba eta ni, lau harri solasean, galdezka: harrien munduan existituko al da Bizuma?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.