elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Esplikazioen zain

2023ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Ez dakit beste inon parte hartze handiagorik izango ote zen maiatzaren 28ko hauteskundeetan. Zerainen, udal hauteskundeetan, %92,4koa izan zen; herrian erroldatuta dauden 223 pertsonetatik 206k eman zuten boza: 112 boto EH Bildurentzat, 89 Zerain Burujabe zerrendarentzat (gehi boto zuri bat eta lau baliogabe). Honenbestez, esan daiteke Zerain inguruotako herririk politizatuena dela udalari dagokionean.

Atzera jo beharra dago fenomeno honen esplikazioa aurkitzeko. Zerainen, frankismoaren ondorengo lehen udal hauteskundeetatik hasita —1979koak— eta 2015era bitartean, hautagaitza bakarra aurkezten zen; joera politiko ezberdinetako zeraindarren artean adostu eta osatutako herri kandidatura, espiritua hiru hitzetan biltzen zuena: Bertan, burujabe, batuta.

2015eko udal hauteskundeetarako, ordea, EH Bilduk zerrenda propioa atera zuen; horren aurrean, herriko kandidatura batuak erretiratzea erabaki zuen; %68ko abstentzioarekin, EH Bildu jabetu zen Zeraingo Udalaz.

Hurrengo legealdian, 2019ko hauteskundeetan, bi zerrenda egon ziren: 1979an hasitako dinamikatik zetorren Zeraingo Herri Kandidatura batetik, eta EH Bildu bestetik; lehenak hiru zinegotzi lortu zituen, lau bigarrenak. Egin berri diren hauteskundeetan kopuru berdinak atera dira: lau EH Bildurentzat, hiru Zerain Burujaberentzat. Esan beharra dago Zerain Burujabe taldean, aurreko zerrenda bateratu guztietan bezala, joera ezberdinetako jendea dagoela, Bilduren sokakoak barne.

Zerain eredu izan zen 1970eko hamarkadaren bukaeratik aurrera. Orduan gazte zen belaunaldikoek, herria husten eta beherantz zihoala ikusita, kooperatiba bat osatu eta etxeak eraiki zituzten, bertan bizitzen jarraitzeko. Udalaren gobernantzari heldu eta itxita zegoen eskola berriz irekitzea lortu zuten. Herriaren ondarea erreskatatu zuten, museo etnografikoa sortuz eta garai bateko meategia atondu eta ikusgai jarriz. Zerain berpiztu egin zen, barrurantz bezala kanporantz, bisitari ugari erakarriz. Ezin aipatu gabe utzi prozesu horretan Jakoba Errekondok teknikari aditu gisa egin zuen lan bikaina. Aspaldiko leloak —Bertan, burujabe, batuta— bizirik jarraitzen zuen.

Kontua da gobernatzeko modu hura 2015eko hauteskundeetan hautsi zenetik, herriko giroa erabat ozpindu eta degradatu dela, horrek adin guztietako biztanleei dakarkien kaltearekin. Azken hauteskundeon aurretik herriko gazte batzuek EH Bildukoekin hitz egin zuten «siglarik gabeko» zerrenda bakarra osatzea planteatuz. Azkenean, Bildukoen kontraproposamena izan zen «independente» gisa sar zitezela EH Bilduren zerrendan. Konponbiderik ez, beraz.

«Eta hau horrela, zerbait egin beharra sentitzen dugu. Nahikoa delako». Zeraingo bi gaztek—Eneko Arzelusek eta Oihane Lazkanoiturburuk— herri osora zabaldutako Eten dezagun gatazka idatzian egiten duten aldarria da. «Ez dugulako nahi guk bizi izan dugun giro desatsegin hau gure ondorengoentzat. (...) Urte asko lapurtu dizkigulako borroka eta ondoez honek».Bistan da ataka honetara iritsita, EH Bilduk sakon aztertu beharra daukala zer-nolako ondorioak dakartzan Zerainen 2015etik aurrera daraman jokabideak.

Hauteskunde ondoreneko beste ertz bat ezin aipatu gabe utzi. Boto gehien lortu dituen hautagaia baztertu eta, aliantzen bidez, haren tokiaz jabetzea legezkoa izango da, baina zilegitzat jo daiteke? Adibidez, Gipuzkoan kokatuta, nolatan eragotzi dezakete EAJk eta PSEk —PPren laguntzarekin, bidenabar— Maddalen Iriarte diputatu nagusi izatea? Hautesleriari egiten zaion iruzur gisa sentitzen dut nik. EAJk, kosta ahala kosta botereari eusten tematu beharrean, ez al luke hobe jasan duen beheraldiaren arrazoiak bilatu, aztertu eta herritarroi jakinaraztea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.