Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Isolamenduaz bi hitz

2021eko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Filipe Bidart, Bakartasunaz bi hitz (2020): «Denboraren buruan bakartasunean bizi dena ez da gehiago gai harremanetan jartzeko beste norbaitekin, ez da gai, ez du gogorik ere, eta arrunt uzkur bilakatzen da, uzkur, herabe edo agresibo, bestea ezin suportatuz, nahiago du bere munduan gelditu, bere mundu hetsian errefuxiatu, erretiratu, ohantzean bezala, ohartu ere gabe ohantze goxo epel hori bere hilobia dela [...] Horregatik deitzen da tortura xuria, ohargabea baita». Hemen ez dugu pandemiari lotutako itxialdia aipatuko, baizik eta presondegian erabiltzen den isolamendua.

Garaian, Iparretarrak erakundeko militante batzuk isolamendura kondenatuak izan ziren. Alde batetik, Jean-Gabriel Gabi Mouescak hiru urte pasatu zituen isolamenduan. Orotara, 17 urteko presondegi zigorra egin izan zituelarik. Bestalde, Le Monde egunkariaren arabera, Filipe Bidart-ek 26 hilabeteko isolamendua jasan zuen preso egon zelarik: bi urte eta piko. Orotara, 19 urtez gakoturik egon zen Frantses estatuko zeldetan. Presondegiaz eta isolamenduaz idatzi zuten biek. Mouescak hainbat liburu plazaratu zituen, hala nola Borrokak presondegian (2013), edo Lepogogorra (2014). Aldiz, Bidartek liburu bakar bat argitaratu zuen, euskaraz (Txalaparta, 2004), berriki Zortziko argitaletxeak berriz argitaratu duena frantsesezko itzulpenarekin batera: Condamné à l'isolement (2020). Azkenean, erakunde bereko militante horiek presondegia bizi eta partekatu nahi izan zuten. Preso ohien lekukotasunari begiratzean, sekulako arrakala sortzen da Giza Eskubideen Europako Auzitegiko epaileen erabakien eta bakartasun neurriaz irakurritako bizipenen artean.

Isolamenduari lotutako neurria Giza Eskubideen Europako Itunaren arabera aztertzen delarik, torturari dagokion hirugarren artikuluari «kalte» egiten dionez aztertzen da. Itunaren artikulu hori tortura eta tratu txarren aurkako oinarrizko eskubidearen xedeaz ari da. Ondorioz, Europako Auzitegiko epaileek behar izan dute torturari buruzko xede hau aztertu eta bere definizio juridikoa garatu erabakitzeko «isolamenduaren» neurria artikulu honen baitan sartzen den, eta zer kasutan. Momentuz, epaile europarrek ez dute isolamendua tortura edo tratu txar bat bezala definitu. Hala ere, bakartasun neurri honek irizpide batzuk bete behar ditu. Hala nola, neurri horren iraupena, bere helburua, eta pertsonaren gainean dituen ondorioak. Halaber, epaileentzat jendeen arteko kontaktu eza ez doa bat oinarrizko eskubide horrekin; baina zentzu guzien isolatzea gehitzen bada kontaktu gabeko neurri bati, hor bai, gizagabetasunezko tratu gisa ondorioztatu zuten. Europako Auzitegiak, beraz, hein batean isolamendua babesten du.

Mouescak eta Bidartek, biek, Europako Auzitegira jo zuten, baina ez isolamenduaren gaia jorratzeko. Mouescak prozedura penalaren luzetasuna jarri zuen auzitan, eta epaileek Europako Itunaren 6.1 artikuluaren urraketa onartu zuten (2003/09/03). Urte bat lehenago Bidartek eta Etxebestek, ber urraketa salatu zuten, eta irabazi zuten (2002/06/02). Horrez gain, Filipe Bidartek beste kasu bat ekarri zuen gorte honetara: baldintzapeko askatasunean zelarik bizi izan zuen adierazpen askatasun ustezko murrizketa; aldi honetan epaileek ez zioten arrazoi eman (2016/02/12).

Ororen buru, militante horiek helegiterik ez zuten jarri isolamendu neurrien aurka Europako Auzitegian. Irabaziko ote zuten? Batere ez da segur. Terrorismotzat kondenatua izan zen Ilich Ramirez Sanchez Carlos zortzi urtez atxikia izan zen isolamenduan, eta Europako Auzitegiak ez zuen kontsideratu auzitegiaren xedeak urratzen zituenik; epaileen ikuspuntutik bakartasun neurria «partziala» eta «erlatiboa» izan zelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.