Inaki Galdos
ARKUPEAN

Ikurrina

2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Ofizialki lehen aldiz 1894ko uztailaren 14an Bilbon jarri zen arren, ezaguna da ikurrinak baduela bere historiaurrea Nafarroa Garaian, Juana Irujok josia, Arana Goiri anaiak Gamazadara joan zirenean bizkaitarren elkartasuna adieraztera. Mende luze honetako ibilbide eta bilakaeran, milaka oroitzapen eta irudi daude ezarriak gure memorian ikurrinaren inguruan: Agirre lehendakaria zin egiten, Kepa Ordoki eta Charles De Gaulle aurrez aurre 1945ean, Donostiako edota Burgosko katedraletan Elosegi eta Ezkerra protagonista, Iribar eta Kortabarria Atotxan, Martin Zabaleta Everest mendian, eta abar luzea. Kapitulu bitxienetakoa beste bat da, ordea: Luis Arana Goiri bera izan zen Euskadi (uler bedi Euskal Herri) osorako banderatzat onartua izan zedin oztopo handienetakoa, ozen aldarrikatzen baitzuen ez zegoela horretarako sortua, Bizkairako baizik. Borroka hori (ere) galdu egin zuen abandotarrak.

Pasa den larunbatean manifestazio jendetsu eta arrakastatsua antolatu zuen EH Bilduk Bilbon. Gainerako ondorio eta analisiak gutxietsi gabe, datu bat iruditu zitzaigun askori deigarria: Nafarroako banderaren protagonismo handia. Jakin badakigu aspalditxotik datorrela presentzia hori ezker independentistaren ekitaldietan, baina igandeko BERRIA eta Gara egunkariek euren azaletan jarritako argazkiak ikusi besterik ez dago nagusitasun nabarmenaz jabetzeko, pankartaren atzeko lehen lerroetan gainera. Bide batez, pankartaren aurretik ere ikurrina eta Nafarroako bandera, biak batera.

Ez nuke esango kontuak hautsak izugarri harrotu dituenik, baina, nire inguruan behintzat, dezente hitz egin da horri buruz manifestazioaren ondorengo bi egunetan. Sareetan ere izan da gaiari heldu dionik. Adibidez, Pedro Ugarte idazleak, ironia finez jositako behatzaile zorrotza bera, garbi ikusi du ezker abertzalearen iruditerian Nafarroako bandera ikurrinari tokia jaten ari zaiola. Are gehiago, aranatarrek sortutako alderdiaren amore emate berri bat etor daitekeela ere iragarri du. Berri hitza berea da, gertatzekotan, bere ustez lehenengoa izango ez denaren seinale.

Ez nuke hain urruti iritsi nahi, baina ezin ukatu aspalditxotik dudala jakin-mina gaiari buruz, areagotzen ari dena azken garaiotan. Larunbatekoari buruz jakin nahi nuke, adibidez, pentsatua eta prestatua zegoen zerbait izan zen aipatutako irudiak horrela plazaratzea, edota, besterik gabe, horrela atera zen. Baina Bilbokoa bitxikeria soiltzat hartuta ere, ororen gainetik jakin nahi nuke gai honen inguruan ezker independentistak bide-orririk, asmo jakinik, duen. Ea, gaiak ezberdinak direla onartuta ere, himnoarekin eta gure nazioaren izenarekin gertatzen ari denaren antzerako egoera baten atarian gauden.

Askotariko erantzunak jaso izan ditut zundaketa lanetan. Ikusi dut jendea bandera bien bateragarritasuna aldarrikatzen duena, independentismoari horrela komeni zaiola gehituz gainera. Ezagutzen dut ordezkatzea bultzatu nahi duenik, bat-batean ez baina bai gradualki, independentismoak Nafarroa ardatz hartuko duen ikuspuntu historizista bereganatu behar duelako euren ustez (panabarrismoa esaten diote batzuek horri maltzurki). Azkenik, badago ordezkapen hori burutu nahi duenik ere, baina erraietatik ateratako arrazoiak medio, askoz ere primarioagoak: jelkideen usaia duen edozer baztertu egin behar da. Dekonstrukzioa.

Gai interesgarria da zinez, baina aldi berean argitasuna eskatzen duena. Konpli da jakitea ikusten ari garena erabaki estrategiko baten ondorio den, hartu gabeko erabakien ondorio, etxe barruan gai honetan eutsi beharreko orekaren ondorio, edo zer. Jakin-mina hor dago, baina kezka handia dudalako dago hor, ezin uka. Bitxia izango litzateke arrazoiak behar eta Luis Arana Goirik alderdi barruan ikurrina lurralde osora ez hedatzeko bere borrokan erabili zituen arrazoiak erabiltzen ikustea orain ikurrina baztertu nahi dutenen ahotan. Ez bedi gerta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.