Inaki Galdos
ARKUPEAN

Aterkiak eta guardasolak

2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Ez da oraindik baretu Madrileko Kongresuan Etxebizitza Legea onartu ondoren gurean zakartu zen giroa. Legearen edukiak askorako ematen du, baina ez da hori gaurko arkupearen xedea, are gutxiago oraindik bere tramitazio osoa ez dela bukatu jakinda. Hala ere, labur dezadan nire iritzia onartzen beharrezkoak diren aurrerapausoak eman direla, txalotzeko modukoak. Beste kontu bat da legea aurrera atera dutenek erakutsi duten bozkario artifizial samarra, arazo larri bat gainditzeko panazea gisa ere aurkeztua muturreko irakurketaren batean. Ez dezagun ahaztu, gainera, batzuek eztabaida ezker-eskuin paradigman kokatu nahi izan badute ere, ezkerretik bertatik ez direla gutxi izan legearen kontra jo duten sektore politiko eta sozialak.

Eskumenen kontua da hemen hautsak harrotu duen beste kontua. Eta berriz ere EAJ eta EH Bilduren arteko xextra, kasu honetan lege honek Hegoaldeko bi euskal erkidegoetako autonomiak zapaltzen dituen edo ez eztabaidatzen. Ez da lehen aldia legealdi honetan, baina oraingo hau izan da jelkideek haserrerik agerikoena erakutsi dutena koalizioaren kontra. Andoni Ortuzarren alderdian inbasio onartezina ikusi duten tokian, Arnaldo Otegirenek ez dute horrelakorik uste. Bitxia da gertatzen ari dena gainera: autogobernuaren defentsa eta legearen edukiaren artean, bakoitzak esparru bana aukeratu dute ia modu esklusiboan, deserosoago sentiarazten duten bestea erabat saihestuz.

Bi arazo sortu zaizkio EH Bilduri eskumenen inguruko bere irakurketan. Bata, Pedro Sanchez eta bere alderdiko hainbat ministrok esandakoak legea hizpide. Horien artean iraingarriena Isabel Rodriguezek Bilbon: jendeari ez dio axola eskumena norena den eta non dagoen idatzia. Bestea, larriagoa, koalizio independentistaren ohiko hainbat aliatuk EAJren tesiekin bat egin izana euren salaketetan. Baiki, BNG, CUP eta Junts alderdiek ere hitz gogorrak bota dituzte, inbasioa besteak beste (edo atropellament Mireia Vehik). Katalunian.

Gernikako Estatutua onartu eta gutxira hasi ziren Madrildik autogobernua higatzen (Nafarroakoa oraindik martxan jarri gabe zegoen). 1981eko urrian bi mugarri historiko izan ziren. LOAPA hizpide: Mario Fernandezek Martin Villari telebistako debatean eman zion jipoi izugarria eta egun batzuk geroago Bilbon izan zen manifestazio jendetsua, Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Legebiltzarrak deitua, EAJ, EE, EPK, ELA eta beste batzuekin batera (LKIren presentziarekin gertatu zena ahaztu gabe), Carlos Garaikoetxea lehendakariaren diskurtso sutsuarekin bukatu zena.

Herri Batasunak ez zuen orduan Gasteizko parlamentuan parte hartzen (arrazoiak ezagunak dira) eta, jakina, Estatutua jasaten ari zen erasoa ez zen koalizioa kezkatzen zuen kontua; agian alderantziz, euren (orduko) tesiak baieztatzeko parada egokia. Lau hamarkada baino gehiago igaro direnean, eman diren ziabogak eman direlarik —eman direlako— iruditzen zaigu neurri handi batean koalizio haren oinordeko den beste honek kontu gehiagorekin hartu beharko lukeela eskumenen kontua, ez badu lortu nahi gizartearen sektore batek pentsatzea EAJ dela gure autogobernua irmo defendatzen duen alderdi nagusia (eta bakarra).

Egunkari honetan bertan, Etxebizitza Legearen inguruko elkarrizketa batean, Aitziber Etxezarreta ikertzaileak aterkiaren metafora erabili zuen. Bere ustez, beharrezkoa da lege berri honen aterki juridikoa. Aterkia eta guardasola hitzak sinonimoak direla dio akademiak, baina batzuek beti erabili izan dute lehena euritik babesteko tresna izendatzeko eta bigarrena eguzkiari gerizpea egitekoa. Horrela gaude lege berri honekin ere, eta kezkagarria da oso. Batzuek ekaitz birzentralizatzailea ikusi duten tokian, beste batzuek eguraldi ona ikusi dute. Baina txarrena ez da hori. Txarrena da guztiek eraso onartezinak jasotzen ari garela dela onartuko balute ere, ez liratekeela —ez ginatekeela— gai izango 1981eko manifestazioaren jendetzaren laurdena ere mobilizatzeko. Bost axola. Hau da gure errealitate gordina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.