Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Kale barrokoa

2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Marta maitea:Erabat arrotza zait zuri lerro hauek idaztea; alde batetik, Vendetta taldearekin Pello Reparazek kantatzen zuen bezala, neronek ere badakidalako ez dituzula lerro hauek sekula irakurriko, eta bestetik, ez diodalako inoiz zu bezalako pertsonaia famatu bati ezer idatzi. Gauza asko dut zuri kontatzeko baina lerro hauei argia ematen dien etxeak ezartzen didan karaktere muga ez dut gainditu nahi eta sintesirako gaitasuna erakutsi beharra daukat.

Sevillako Cartujan eskaini zizuten txistu zaparrada jasotzeaez da inoren gustukoa, ados. Minduta eta penatuta senti zintezkeela ere oso presente dut; niri ere ez litzaidake halako harrera jasotzea gustatuko nire aberriaren ereserkiari hitzak gehitu eta harrotasunez kantatuko banitu.

Arrazoi borobila eman behar dizut minetik egin zenituen adierazpenekiko: oso gogorra egiten zaigu Espainian bizitzea. Gure egoera borobiltzen duen esaldia bota zenuen, eta agian arrakala txiki bat sorrarazi dizugu zure barnean eta gure egoerari buelta ematen laguntzeko prest zaude. Nik, badaezpada, lagungarri izan daitezkeen kontutxo batzuk azalduko dizkizut.

Ez gara datu historikoekin hasiko, asperduran gal gintezkeelako, baina kontatuko dizut azkenaldian oihartzun historikoak heldu direla gurera: dena da ETA, itzuli da ETA, izua bueltan denaren txapelkETA. Zuen lasaitasunaren paradigma lortu ei genuen eta bat-batean itzuli da desagertutzat ematen genuena. Zure herrialdekoek izutu nahi gaituzte eta aspaldiko kontu mediatikoak errepikatzen dituzte, mantra amaiezina balira bezala. Honek guztiak txikiak gineneko kanta bat dirudi, eta, zuk bezalaxe, nik ere hitzak aldatu dizkiot. Abestiaren egilea Imanol UrbiETA handia zela esango dizut, baina ez du zerikusirik honekin guztiarekin: Han zeuden hauteskundeak eta amua, arrazoi txiki eta politiko zuriak; mamu, doilor, atorrante, ez zen inor falta. ETA dago jopuntuan, goazen berriro hastera!

Badago zerbait hor barruan, Marta, zure herkide eta politika-buruei min ematen diena, eta ezin gaituzte bakean utzi. Lotsa ematen dit idazteak baina, mesedez, galdeiezu zer duten eta gero egin itzazu jendaurreko adierazpenak gure jakineza baretu dadin.

Egunen batean kontatuko dizut, eguraldi barealdiaren ondoren, horrenbeste behar dugun euriaren ondorioz Ipar Euskal Herriko ikastolen festa den Herri Urrats erabat lohitu zela, bai fisikoki eta baita modu ekonomikoan ere. Bai, Euskal Herria sorpresaz beteriko lurraldea da: zure Frantzian ere euskaraz hitz egiten da nahiz eta ofiziala ez izan. Aurten lehen aldiz brebeta izeneko azterketa euskaraz egiteko aukera izango dute ikasleek. Apuntatu orritxo batean: ekainaren 26an eta 27an izango dira probak.

Hala ere, Iparraldean behar gaituzte, Marta. Ez dizut kontzerturik eskatuko, ezta dirurik ere, Espainian bizitzea gogorra egiten zaigun hauek hamaika tresna ditugu-eta elkar laguntzeko, baina sikiera jakinaren gainean egon zaitezen esaten dizut.

Garai bateko western haietan bezala, indioak datozela oihukatu dute zure lagunek, eta, maittia, hemen dena gelditu da barrokoaren antzera: karga-karga eginda datorrena arbuiatzen dugu eta aspaldiko kontu bezala onartu: kale barrokoa bezala.

Aitortu beharra daukat zutabe hau idazten dudan bakoitzean asko despistatzen naizela eta gaur ere beste horrenbeste egin dudala: Espainiako ereserkiari doitu zenizkion hitzak irakurri ditut. Beti erreparatzen diet kanten hitzei eta, neska, nabari da eskuineko eskuarekin idatzi zenituela.

Seaskari laguntzen elkar ikusiko dugunaren itxaropen txikiarekin agurtzen naiz, Marta. Segi bixkor!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.