Inaki Galdos
ARKUPEAN

Etzikoa

2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun

Kataluniako Diada hizpide, Hedoi Etxartek pasa den ostiralean Euskadi Irratian esan zuen ospakizuna irailean izateak aukera ona eskaintzen zuela hango ikasturte politikoa urtero indartsu hasteko. Ez du arrazoi faltarik, baina gurean aspaldion gauzak nola dauden ikusita, ez du ematen Aberri Eguna egun hauetara ekartzeak aparteko eraginik izango lukeenik gure lozorro egoera honetan. Eskualdeen arabera agor izena hartzen duen hilabetea ere bada hau, baina politikari dagokionez oso aspalditik gaude agorrean.

 

Gasteizko Legebiltzarra izango da gure erakundeetan lehena sasoi berria inauguratzen. Dagoeneko Iñigo Urkullu lehendakariak aurreratu du bere hitzaldiaren nondik norakoa, eta ez dirudi oso zaila izango denik asmatzea gainerakoen erantzunek ze bide hartuko duten. Pentsatzekoa da COVID-19aren izurriaren gaiak indarra galduko duela iazko eztabaidarekiko, baina izango dute oposizioko taldeek ere zer leporatu. Dena den, okerrena pasatuta eta iazko hauteskundeetako azterketa zaila nota onez gaindituta, ez dirudi gobernua higatzeko aparteko pagotxa denik honezkero hau, inoiz izan bada.

Europako gainerako gobernuek bezala, diru freskoa darama orain lehendakariak patrikan. Eta dirua han-hemenka banatzeko ahalmena duenak beti dauka 31 eskutik, hori da errealitate gordina. Izango du oposizioak ze kritikatu aurreikusitako banaketari buruz edota (ustez) lortu ez den adostasun mailari buruz, batzuetan arrazoiz gainera, baina azkenean iragarpenak egiten dituenak, proiektuak aukeratzen dituenak jantzi ohi du horrelakoetan txapela.

Autogobernuarena izango da etziko hirugarren ardatz nagusia: estatutu berria, estatus berria edo dena delakoa. Baina horretan ere eroso egongo da Iñigo Urkullu. Ondo baino hobeto dakite bai berak eta bai bere alderdiak ez dela hau hiru lurraldeen erkidegoko jendearen lehentasunetako bat, ez duela horretan inongo presiorik izango. Hau da gure drama, arkupe honetan idatzi izan dugun bezala. Ez lehendakaria eta bere alderdia eroso egotea (bejondeiela horregatik), baizik eta naziogintzan erakusten ari garen gogorik eza. Iruditzen zait aurreko legealdian autogobernuaren inguruan egin zen filibusterismo ariketa errepikatuko dela eta bitartean horrela jarraituko dugula sigi-sagaka. Olatz Garamendi sailburuak pasa den astean Higadura isila izeneko txostena aurkeztu zuen eta hori jarriko da eztabaidaren lehen lerroan.

Alderdi eta koalizioen jarreretan ere ezin nobedade handirik aurreikusi. Elkarrekin Podemosek udaberrian emandako ziaboga nola gauzatuko den ikustea izan daiteke etziko ariketa interesgarrienetakoa. Nola gordeko duten oreka oposizioan dagoen indar politikoa izatearen eta boto beharrik ez duen gobernuarekin akordioak lortzearen artean. Erabaki arriskutsua hartu zuten, baina hartu beharrekoa. EH Bilduri, alde batetik, ondo etorriko zaio Miren Gorrotxategiren taldeak esparru hori libre(ago) utzi izana, baina, beste alde batetik ,eman dezakeen bakardade irudia ez zaio beti ondo etorriko. Erronka handia daukate Maddalen Iriarterenek, baina gogoeta bat egin beharko dute sarri Eusko Jaurlaritzarekiko erabiltzen duten oposizio modu eta tonuan. Nabarmenegia da koalizioak Madrilen eta Iruñean daukan jarrerarekiko ez duela zerikusirik, eta zergatiak azaltzen saiatzen diren arren, ez da erraza hori azaltzea.

Sozialistekin, etziko bilkuran bainoago, urriko Biltzarrean ditugu begiradak jarrita. Eurek ere bai. Zer gertatuko den idoia Mendiarekin, Eneko Anduezarekin, Denis Itxasorekin... Eta jelkideei buruz zer esan? Egun eroso samarra pasatuko dutela etzi Legebiltzarrean eta hurrengo hilabeteetan Jaurlaritzan, baina erosotasunetik erosokeriara dagoen jauzia txikia dela oso, sarri konturatu gabe ematen dena, norberari ere kalte egiten hasten dela ohartu arte. Beharrezko genuela barealdi bat urte luzeetako gatazkaren ondoren, baina ez direla gauza bera lo-kuluxka eta lozorroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.