Inaki Galdos
ARKUPEAN

Baskonia

2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk Gregorio Monreal irakasleari elkarrizketa batean irakurri genion Baskonia (edo Vasconia) hitza zela inor asaldatu gabe gure herria izendatzeko erabil daitekeen, erabiltzen den, izen neutroena edo onartuena, batez ere arlo akademikoan. Gehitu zuen, hala ere, hobe zela hautsak gehiegi ez harrotzea, gure etengabeko xextra politikoetan hitza ez azaleratzea, bestela bertute hori galdu egin zezakeela. Iñaki Azkoaga ere iritzi berekoa da izenaren balioaz, baina, Etaiukoarentzat ez bezala, arrasatearraren ustez konpli da gaia mahaigaineratzea eta horren inguruko gogoeta publikoari ekitea. Proposamen jakin bat lantzen eman ditu azken urteak, liburu interesgarri batean atondu duena.

Honezkero konturatuko zen irakurlea zein den gure protagonistaren hautua, askok (momentuz behintzat) gure egiten ez duguna; baina, liburuaren aurkezpen ekitaldian esan genion bezala, ez dago proposamenarekin ados egon beharrik berak egindako lana txalotzeko, gauza interesgarri asko ikasteko, irakurketaz gozatzeko. Eta testuaren merituetan garrantzitsuenetakoa arazoaren azaleratzea da, dagoeneko Humboltek 1805ean bere irakurleei azaldua Euskal Herriari buruz idatzi zuenean. Errepaso historiko polita eskaini digu Azkoagak geure herriaren izen anitzek (eta horien grafiek) izan duten bilakaerarena eta mundu zabalean gaiari buruz dagoen nahasmenarena, guk geuk sortua neurri handi batean. Adibide grafiko argigarri batekin laburbildu digu bere kezka: Oihana Azkorbebeitiak 2019ko Mendi Martxako Mundu Kopan erabili zuen kamisetan, Euskadi, Basque Country, Euskal Herria eta EKFB hitzak zeramatzan, denak batera.

Gaia, gainera, ikuspuntu berezi batetik ere aztertu du, eta hala ere behar du. Geure burua izendatzeko berbari buruzko eztabaida guztiak politikaren lokatzetan eman direnean, hamarkada luzez Azkoagaren jakintza eta lan esparruetara ere eraman du, agian garrantzitsuenak ez izan arren, orain arte baino kontu handiagoarekin hartu beharko genituzkeenak: komunikazioa, psikologia soziala, irudi korporatiboa, sareetan erabilgarritasuna... Bere hautua egiteko ere legebiltzar batean edota alderdien arteko negoziaziotan horrelako erabaki bat hartzeko inoiz erabiliko ez den metodologia erabili du, Ahuldade, Mehatxu, Indargune eta Aukeren analisia, puntu gehien lortu dituen izenera (Baskonia) iritsi arte. Bere azken proposamena bezala, eztabaidagarriak dira egin dituen balorazioetako batzuk, eta hainbat gai eratorritan urrutiegi joan dela ere iruditzen zaigu, adibidez gentilizio berri gisa proposatutako neologismoetan. Baina eskertzekoa da erakutsi duen freskotasuna eta ausardia orrialde interesgarri hauetan zehar.

Ez gara bere izenarekin arazoak izan dituen herri, nazio edota estatu egitasmo bakarra. Liburuko beste kapitulu bat munduan zehar izandako hainbat esperientziari ere eskaini dio egileak, oso modu didaktikoan: Herbehereak, Suitza, Mazedonia, Erresuma Batua... Bistan da gure izenaren arazoaren azpian askoz ere arazo sakonagoa daukagula, ez dela erraza herri baten inguruko adostasuna biltzea, adostu nahi duzun jendearen kopuru bat ez denean sentitu ere egiten herri horretako kide. Iñaki Azkoaga ezagututa, badirudi Gernikako Arbola-ren inguruan 2020ko abuztutik aurrera abian jarritako ekimenaren espiritua duela bere proposamen berri honek.

Ez du ibilbide erraza izango, sektore batzuk ikurrina bera ere zalantzan jartzen hasiak diren garai hauetan, duela hilabete batzuk arkupe honetan azaldu genuen moduan. Baina proposamen baten arrakasta ez da soilik neurtzen proposamena bera gauzatzearekin, are gutxiago epe motz batean. Ez du arrakasta txikia izango liburu honi esker Euskal Herriko (Baskoniako?) jende kopuru bat arazoarekin gutxienez jabetzen bada eta gogoeta kolektibo bati ekiten badio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.