Albistea entzun

ARKUPEAN

Gose naiz

Pilar Kaltzada -

2022ko ekainak 30

Urtea amaitu baino lehen, Etiopian eta Somalian 0 eta 5 urte arteko 350.000 haur hilko direla ohartarazi zuten joan den astean Unicef, Oxfam, Save The Children eta Gosearen Kontrako Ekintza gobernuz kanpoko erakundeek. Datuak eta arrazoiak xehe-xehe eman zituzten, gehienak ezagunak zaizkigunak, eta larrialdiari aurre egiteko bitartekoak zein liratekeen ere esan zuten. Ukrainako gerrak egoera gaiztotu egin du, baina lehendik zetozen ekaitz perfektu honen aurrekariak, oro bat entzungor egin badugu ere.

 

Gerra guztiak gerra berbera direla esan ohi den bezala, gosete-aldi bakoitzaren gibelean lehenagokoak daude, oraingo dramaren nondik norakoak ematen dizkigutenak. Laurogeiko hamarkadaren erdian Etiopia mapan kokatzen ikasi genuen, aurrekoek Biafra zer zen ikasi zuten bezalaxe. Historia ez da berez errepikatzen, baina oso gutxitan ematen dizkigu argumentu originalak. Eskuarki, telesail baten gisan funtzionatzen du: behin eta berriro errepikatzen den narrazio bakar bat datza guztiaren atzean, pertsonaiak, testuinguruak edo barne-tentsioak apur bat eguneratuta. Oraingo irudiak ikusi eta denboran atzera egin dugula pentsatu dut hasieran, baina okerrago izan daiteke, justu alderantziz, alegia: denboran aurrera egiten ari garela, etorkizun diren atal berrien iragarpena ikusten.

Ingelesez ia tutik ulertzen ez banuen ere, buruz ikasi nuen We are the world, we are the children ezaguna, US for Africa ekimenaren kariaz AEBetako entzute handiko musikari-talde baten eskutik lau haizetara zabaldu zena. «Mundua gara, egun distiratsuagoa egingo dugun haurrak gara geure bizitzen defentsan, elkar salbatzea beste biderik ez baitago». 36 urte igaro dira, eta denbora honetan guztian kanta da ahaztu ez dugun bakarra.

Ia lau hamarkada igaro eta gero, oraingoan behintzat, izan gaitezen zintzoak: ez gara mundua, munduko parte pribilegiatua baizik, eta ez gara haurrak, are gutxiago 40 urte igaro eta gero sabelak puztuta argazkietan berriro begiratzen gaituzten haur horiek.

Ez da batere erraza jakitea zenbat pertsona diren gose direnak, kontzeptua bera zeharo desberdina baita munduko zein tokitan zauden. Ni gose izaten naiz eguneko hiru otorduetako ordua baino lehen, eta «hau gosea!» esango dut. Bitartean, munduko toki askotan (guk uste baino gehiagotan) 181 milioi pertsona daude une oro gose direnak, eta, goseak hitzeko zorian, batez beste, 49 milioi dira. Ez ditugu entzuten, kexatzeko indarrik ere ez dutelako.

Zenbakien arazoa da: informazioa ematen digute, baina aldi berean urrundu egiten gaituzte. Errealitatea ikusgarri ematen digute zenbakiek, baina ikustea ez da nahikoa ez begiratzea erabaki badugu. Konponbidea duten izugarrikerien artean, gosea da gutxien axola ohi zaiguna, sufritzen dutenak beste batzuk direlako.

Pobreziak deseroso sentiarazten gaitu, eta, horregatik, begiratu ere ez diogu egiten kale-bazter batetik dei egiten digun eskaleari, edo hedabideek erakusten dizkiguten haur mehar eta desesperatuen begiradari iskin egiten diogu. Artez edo moldez, gure erantzukizuna ikusten dugu haien begitean. Lotsa (barne-lotsa, auzo-lotsa) sentitzen dugu horrelakoetan, eta baita izendatzen ez dakidan beste zerbait.

Hiztegiak eskaintzen dituen askotariko aukeren artean ezin asmatuta nabil. Zein hitz erabiliko zenuke zuk, irakurle, definitzeko irtenbidea duen arazo bat konpontzeko adorerik eza? Eta konpondu nahi ez den arazo horren ondorioa 0 eta 5 urte arteko 350.000 haur hil egingo direla jakitea denean, nola esango zenioke? Hitzik ba al da hori izendatzeko?

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...