Ukrainak kontrolpean hartu du Kherson, Errusiak hiria utzi ostean

Moskuk Dnieper ibaiaren ekialdera eraman ditu tropak. Eskualde anexionatuak bere lurren parte izaten jarraitzen du, Kremlinen arabera

Ukrainako militarrak kainoi batekin tiro egiten, Kherson hiriaren inguruetan. STANISLAV KOZLIUK / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2022ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Ukrainako tropak Kherson hirian sartu ziren atzo, Errusiak, herenegun, bere soldaduak erretiratzen hasia zela iragarri ostean. Sare sozialetan zabaldu diren irudietan soldadu ukrainarrak ikus daitezke, Kherson erdigunean, herrialdeko banderak zabaltzen eta hiria kontrolpean hartu izana ospatzen. Moskuk agindua eman die bere soldaduei Dnieper ibaitik ekialdera kokatzeko, «defentsa posizioetan», eta Kieven esku utzi du inbasioan okupatzea lortu duen eskualde bateko hiriburu bakarra —martxoaren 2an hartu zuen—.

«Kherson Ukrainaren kontrolpean dago berriz», esan zuen Ukrainako inteligentzia militarrak, ohar bidez. Gaineratu zuen armadak bere artilleriaren irismen eremuan dituela hiritik irteteko bideak. Moskuk soldadu guztiak erretiratu dituela ziurtatu arren, Kievek ez zuen egintzat jo, eta beren burua entregatzera deitu zituen Errusiako soldaduak, hirian baten bat geldituz gero.

Errusiak urriaren hasieran anexionatu zuen Kherson probintzia, Luhanskeko eta Donetskeko herri errepublikekin eta Zaporizhia eskualdearekin batera. Kherson eremu estrategikoa da, hark lotzen dituelako beste hiru eskualde anexionatuak Errusiak 2014an bere egin zuen Krimea penintsularekin.

Moskuk nabarmendu du Kherson hiriburua eta probintziaren iparraldea utzi izanak ez duela esan nahi haren anexioari uko egiten dionik. «Errusiako Federazioaren subjektu bat da. Legeak zehaztuta dago. Horretan ezin da aldaketarik egon», esan zuen atzo Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak. Ukrainako inbasioa Errusiak aurrez ezarritako helburuak lortu arte jarraituko duela berretsi zuen. Ildo beretik mintzatu den Dmitri Medvedev Errusiako presidente ohi eta Segurtasun Kontseiluko presidenteordea. «Guztia itzuliko da etxera, Errusiako Federaziora».

Kremlinek herenegun jakinarazi zuen tropen erretiratzea hasi zuela Khersonen, argudiatuta hiria ezin dela «hornitu». Hiritik soldadu guztiak aterata zituen eguna argitzerako, armadaren esanetan.Baina Ukrainako Gobernuak zuhurtziaz hartu zituen Moskuren adierazpenak. Volodimir Zelenski herrialdeko presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek Errusiari leporatu zion Kherson «heriotzaren hiri» bilakatu nahi izatea, eta egotzi zion bai minak jartzea «apartamentuetatik hasi eta estoldetaraino», baita hiria bonbardatu nahi izatea ere Dnieper ibaiaren beste ertzetik, ekialdetik.

Zibilak, ihes ala zain

Errusiako armadaren bozeramaile Igor Konaxenkovek azaldu zuenez, Dnieper ibaiaren ekialdera joan nahi izan duten zibilak lekualdatu dituzte; 115.000tik gora, haren esanetan. Hirian oraindik beste 80.000-100.000 zibil gelditzen direla azaldu zuen Aleksandr Kobets Errusiak Khersonen ezarritako agintariak. Sare sozialetan zabaldu diren irudietan ikus daitezke hirian gelditu diren herritar taldeak Ukrainako soldaduei harrera egiten.

Bestalde, Jevgeni Prigozhin Wagner mertzenario taldearen buruak atzo jakinarazi zuen bere erakunde militarra zibilak entrenatzen hasi dela Ukrainarekin muga egiten duten Errusiako eskualdeetan, miliziak eratzeko eta gotorlekuak eraikitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.