Inaki Galdos
ARKUPEAN

Sesioan

2023ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Ez da erraza ulertzea Espainian PSOEren ezkerrera dagoen espazio politiko eta elektoralean gertatzen ari dena. Sinestezina ere gerta dakieke askori, duela ez hainbeste Euskal Herriko hegoaldean ere sekulako indarra lortu zuen gune horren gainbehera nola etorri den hain denbora laburrean. Badago joera bat horrelako zatiketen inguruko azterketa luze eta mamitsuak sortzearena, sarri askotan askoz ere arrazoi sinpleagoekin azaltzen direnean. Baina, ororen gainetik, (Gipuzkoako) Gaintzan jaio eta Donostiako Loiolan zendu zen Bartolo Aierbe bertso-jartzaileak Auspoa liburutegiko bere liburuetako batean idatzi zuen bezala, asarreak gauz onik/ ez dakar iñontzat/.../sesiuan dabiltzanak/ galera bientzat. Gaitz erdi hala balitz: galera izugarri heda daiteke eta estatuan ondorio larriak sortu.

Pasa den astean nabarmen geratu zen Madrilen, Pedro Sanchezek Yolanda Diazen aukera egin duela bere ezkerrera dagoen mundu hori gidatzeko. Presidenteak erabaki zuen zentsura mozioan Galiziakoari protagonismoa ematea beste batzuen kaltetan. Iraingarria ere bada hori, azken finean jendeari iritsi zaion irudia delako presidentea muturra sartzen ari dela berea ez den esparruan eta (oraindik) Unidas Podemos osatzen duten familien arteko sokatiran lotsagabeki taldeetako baten alde parte hartzen. Sakonean, Sanchezek badaki hurrengo hauteskunde orokorretan bere alderdiak emaitza onak lortuta ere ezinbestekoa duela bere aliatu nagusiak emaitza txukunak izatea. Bere ustez, Yolanda Diazek soilik berma dezake hori. Are gehiago, berriz elkarrekin gobernua osatzekotan, txintxoagoa izango omen da hau besteak baino. Orain ere horrelaxe da.

Ulergarria da Ione Belarra, Irene Montero eta enparauen haserrea egoera honetan. Pablo Iglesias bera ere egia borobilak botatzen ari da sortu den giro pozoitsuaren aurrean eta proposamen zentzuzkoak luzatzen egoera desblokeatzeko, baina presidenteorde ohiak hiru arazo nagusi ditu borroka honetan. Lehenengoa, jatorrizko bekatu gisa, bera izan zen, bere ohiko mesianismoarekin, Yolanda Diaz aldareetara jaso eta oinordeko izendatu zuena. Bigarrena, Podemosi kalte handia egiten ari da bere etengabeko agerraldiekin, kaleak ikusten duena delako bera dela de facto alderdiko buruzagia. Hirugarrena, disimula ezinezko gorroto adierazpenak egiten ari da bere aliatuen kontra eta kazetari askoren kontra. Laburbilduz, politikan (ere) arrazoia izatea ez da sarri nahikoa izaten. Denborak, formak, mezuak ere asko zaindu behar dira.

Espazio horretako alderdi eta mugimendu askoren babesa jaso du dagoeneko Yolanda Diazek, Podemos salbu ia beste guztiena. Mendeku bila asko, ez dezagun ahaztu. Mediatikoki ere izar berria da galiziarra, lehen Iglesias izan zen bezala, hau ere ez dezagun ahaztu. Sumar izeneko proiektuak dena alde daukala ematen du, beraz, baina sekulako hanka-sartzea egingo lukete alderdi morea gutxiesten. Elkarren beharra dute zerbait izango badira, nahiz eta dagoeneko espazioari egindako kaltea izugarria den. Kanpotik begira, ematen du maiatzeko hauteskundeak direla akordioaren bidean oztoporik handienetakoak: batak ez du busti nahi egun hori pasatu arte eta besteek aurretik nahi dituzte akordio eta prozedurak adostu. Arrazoiak begi-bistakoak dira.

Euskal Herriko hegoaldean egoera ezberdin samarra da maiatzera begira. Nafarroan duela lau urte lortu ez zuten akordioa dago, sinatu dutenen lasaitasunerako, gogoratu bestela zer pasatu zen Iruñean orduan. Baina oro har, ez dirudi emaitza orokorretan gauza askorik baldintzatuko duenik koalizio berriak. Euskal Autonomia Erkidegoan, paradoxikoki, EH Bilduk badu kezkarako motiborik. Inkestek —eta giroak— berriz ere gorakada ematen diote, Podemosen kaltetan neurri handi batean, baina alderdi honen aurreikuspen txarrek eta toki batzuetan esparru horren inguruan sortzen ari diren desadostasunek hainbat herritako alkatetzarako ateak itxi diezaiokete ezker independentismoari. Ikusiko da gero, hauteskunde orokorretan, zer gertatuko den, baina horretarako arnasa pixka batekin iritsi behar dute orain sesioan dabiltzanek. Ez dute erraza izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.