Inaki Galdos
ARKUPEAN

Bihotzerreak

2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Ruper Ordorikaren abestiko Jon Trollope labanderiara gisa,hamabostean behin abiatzen naiz arkupe honetara. Ez naiz beraz datorren asteartean hemen izango, hauteskundeen emaitzak jasoko dituenaren ondorengo (paperezko) lehen egunkarian. Ezin uka zama pixka bat bederen arintzen duela horrek, baina aldi berean susmoa daukat astelehenean zerbait idazteko gogoz geratuko naizela, beste aste bat itxoiteari luze iritzita. Aurreikuspenetan asmatzeko trebetasun handiegirik ez daukagunez, igandetik aurrera argitzen hasiko diren zenbait zalantzari buruzko gogoetari ekingo diogu.

EAJ eta EH Bilduren borroka estua dago iragarria berriz ere euskal autonomia erkidegoan, batez ere Gasteizen eta Gipuzkoan, Araba eta Bizkaiko zenbait udaletako lehiak ahaztu gabe. Ikustear dago lehenengoaren euste hutsa (eusten badio) nahikoa izango den bigarrenari iragarri zaion igoerari aurre egiteko. Baina bai batak eta bai besteak oso gertutik jarraituko dituzte aliatuen emaitzak, toki batzuetan ez baita nahikoa izango norberaren emaitza ona, albokoaren boto-bilketa kaxkarrak ozpindu egin baitezake boteprontoko bozkario zenbait. Ahazten ari garen datu bat ere azpimarratu beharrean gaude, ez baita gutxiestekoa: ez dira berdinak diputatu nagusiak eta alkateak aukeratzeko erabiltzen diren sistemak. Batzar Nagusietan ez bezala, ezinbestekoa da udaletako osoko bilkurako gehiengo osoa, zerrenda bozkatuenekoa izan ez dena alkate aukeratzeko.

Ez dirudi zalantza handiegirik dagoenik Nafarroako Gobernuaren osaketaren inguruan, barne orekan aldaketaren bat ez bada, protagonista bakoitzak lortutako emaitzaren arabera. Ikusteko irrikan gaudena da ea sozialisten bazkide eta babesen artean egongo den indarrik, gogorik, grinarik, euskararen inguruko politiketan gehiago estutzeko, zorrotzago jokatzeko. Iruñean badago, bai, jakin-minik. Alde batetik, NA+ koalizioa hautsi zen arte espero ez zena, hauteskundeak nork irabaziko dituen. Bestetik, sozialistek Joseba Asironekiko nola jokatuko duten. Pedro Sanchezek, zehaztu dezagun, garbi baitago Madrilen hartuko dela erabakia.

Estatuan gertatuko denak, baiki, eragina izango du gurean. Baina handia izan beharko luke sozialisten jipoiak (eta ondorioz alderdian sortutako barne zalapartak), Espainiako presidenteak ezarria duen bide-orrian iraulketa bat ezartzeko. Eta horren ordez, arrakasta (edo baleko emaitza) erdiesten badu, ausardia handiagoarekin jokatzeko beta izango du, Nafarroan kasu, eskuinak eta eskuin muturrak etengabe astintzen duten aliatu malapartatuen mamuak eraginik ez duela jabetuta. PSOEk berak haizeratzen duen Vox-en mamuak bezalatsu, bide batez esana. Sozialisten ezkerrera dagoen guneak ere sekulako froga dauka igandean; hala ere, badirudi momentuz behintzat bere baitako multzo eta azpimultzoen arteko konpondu behar baina konponezinetan izango duela eragina soilik, ez baitu ematen emaitza onak zein txarrak lortu Espainiako Gobernutik alde egiteko erabakirik hartuko dutenik.

Kataluniako independentismoa (ba al dago oraindik horrela esaterik?) ez da bere unerik onenean iritsiko igandekora. Protagonista nagusien arteko xextra amaigabea alde batetik eta etorkizunera begira hartu beharreko erabakiak zehaztu ezinik bestetik. Besteena gutxietsi gabe, interesgarriena Junts-ekin gerta daitekeena izan daiteke. Hona soilik Xavier Triasen oihartzuna iritsi bada ere, herri askotan osatu dira Junts-eko zerrendak (edo koalizioak) PDeCat-en bueltan dabilen edo ibili den jendearekin. Honek mesedea egin dio Laura Borras eta Jordi Turullek zuzentzen duten alderdiari zerrenden mapa osatzeko orduan, baina emaitza txukuna izaten badute, orain ezinbestean baretua dagoen barne tentsioa azaleratuko da, moderatuagoen nolabaiteko berrindartzea.

Galdera asko eta erantzun gutxi gaur-gaurkoz. Hasieran aipatutako abestia Bihotzerreak izeneko diskoan argitaratu zen. Igandera begira gauza seguru bakarra: disimuluak disimulu, ez dira gutxi izango bihotzerreak. Antonio Maria Labaienen antzezlan batean (Euskal-Eguna, 1931) alkate baten bihotzerrea zen protagonista, baina hark erremedio erraza aurkitu zion bere minari: «Baezpada nere biotzerre au prexkatzera noa sagardo txurrusta batez». Gaitz erdi, hain samurra balitz minen apaltzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.