Inaki Galdos
ARKUPEAN

Zaharrak berri?

2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Iruditzen zait ez naizela bakarra izango egun hauetan 1991ko hauteskundeen ondoren sortutako lurrikara gogoratu duena. Batez ere Gipuzkoako Foru Aldundian eta Donostiako Udalean, baina ondorio askoz ere hedatuagoak izan zituena, besteak beste Eusko Jaurlaritzaren barne haustura eta Euskadiko Ezkerraren zatiketa prozesuaren bizkortzea ere ekarri baitzituen.

Herri Batasunak irabazi zituen hauteskunde haiek Gipuzkoan, Eusko Alkartasuna geratu zen bigarren eta EAJ hirugarren. Hirurak 12na ordezkarirekin, baina boto kopuruan milaka batzuen jauziarekin euren artean. Leitzarango autobiaren gatazka pil-pilean zegoen eta Imanol Murua diputatu nagusiak borroka tinkoa eman zuen aurrera ETAren inposizio asmoen kontra. Uztailaren 2a zen Ordizian foru aldundiko presidente berria aukeratu behar zen eguna eta Herri Batasuneko batzarkideak prest omen zeuden Muruari botoa emateko Lurraldea koordinakundeko Jonan Fernandezek eskatutako negoziazioetan murgiltzen bazen: autobiaren trazatuan zenbait aldaketa. Ezezko borobila zarauztarrak. Ordurako prest zegoen EAJ eta PSEren arteko aliantza, eta Eli Galdos azkenean diputatu nagusi. Honek bai, honek onartua zuen aipatu aldaketa, handikgutxira jakin zen legez.

Askoren ustez duintasunez betetako jarrera izan zen Muruarena orduan; beste askoren ustez, ordea, egoskorkeria antzua. Bada urteen poderioz iritzia aldatu duen jenderik ere, eta ez dira gutxi: izan dira Eusko Alkartasuneko kideak alderdiak malguago jokatu behar zuela pentsatzera pasatu direnak, eta izan dira ezker abertzaleko edota Lurraldea-ko kideak, gaizki jokatu zutela onartu dutenak. Kontua da orduko gertaera hura erabakigarria izan zela hurrengo urteetako politikagintzan. (Bide batez, duintasuna hizpide, konpli da gogoratzea urte batzuk beranduago, 2011n, Xabier Agirrek ere uko egin ziola Arabako diputatu nagusi izaten jarraitzeari, Ezker Batuko madrazismoak egindako xantaia mafiosoari muzin egin ziolako).

Donostiako Udalean ere hirugarren indarrak lortu zuen alkatetza —Odon Elorzaren PSEk— Eusko Alkartasuneko Xabier Albisturrek hauteskundeak irabazi arren (Herri Batasuna bigarren). Hemen ordea sozialista eta jelkideek PPren beharra zuten; baita lortu ere, Gregorio Ordoñezi botere handia ematearen truke. Legealdi bakarreko faktura eramangarria izango zela esan zuten orduan jelkide batzuek, etorriko zirela gauzak bere onera: hogei urte eman zituen Elorzak alkatetzan. Baina hau ez zen izan operazio hartako ondorio bakarra, gorago esan dugun bezala. Ikus dezagun.

Handik gutxira Eusko Jaurlaritzako hirukoa hautsi egin zen. Eusko Alkartasuneko kideak botatzeko aitzakia ofiziala zenbait udaletan aurkeztutako mozio independentistak izan baziren ere, bistan da hilabete batzuk lehenago Gipuzkoan jelkideek abian jarritako estrategia aldaketa zegoela sakonean. Euskadiko Ezkerra ere bazegoen Jaurlaritza hartan, eta Garaikoetxearen alderdiarekiko elkartasuna adierazi eta Ardanza lehendakariaren erabakia salatu zuten legebiltzarkideak(alderdiko seietatik bost, Kepa Aulestia buru) bota egin zituzten Mario Onaindiak eta enparauek. Egia da zatiketa iristear zegoela, baina bistan da 1991ko hauteskundeen ondorengo lurrikarak erabat azkartu zuela prozesua.

Urte hartako biktimek (Eusko Alkartasuna eta EEko kritikoak, EUE bihurtuta) saiakera egin zuten 1993ko hauteskunde orokorretan: Xabier Albistur zerrendaburu zutela, bi urte lehenago gertatutakoagatik gipuzkoarren (ustezko) haserrea kanalizatuko zuen koalizioa. Emaitza ez zen esperotakoa izan eta hortik aurrerakoa aski ezaguna da, harrigarria ere bai zenbait kasutan: Albisturrek berak eta EUEko jende askok EAJrako bideari ekin zioten. Eta EAJk kosturik ez epe ertainera.

Agian, norbaitzuk orain hura guztia egongo dira errepasatzen erabakiak hartzeko unean: «Pasatuko da ekaitza, baretuko dira haserreak eta etorriko dira urak bere onera. Badaukagu guk muskulua fardel hau gure gain hartzeko. Okerragoetatik atera gara». Nork daki asmatuko duten, baina sakon(ago) pentsatzeko moduko bidegurutzea da aurrean daukatena. Momentu historiko, politiko eta sozialak ez baitira inoiz mimetikoki errepikatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.