Pauline Guelle.
ARKUPEAN

Estatuari gerra

2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Norbere bizilekutik begira daiteke emazte batzuen eguneroko joan-jina. Leihotik, balkoitik, etxe ataritik edo herriko plazatik beha egonez. Arreta pausa daiteke mugimendu bakoitzean, koreografia kolektibo horri so. Etxe barnetik edo kanpotik, elkarri begira gaude etengabe. Hala ere, zenbait emazte badira etxetik sekula ez direnak ateratzen. Arras jendartetik aparte bizi direnak. Karrikan gurutzatzen ditugun begiraden artean ere hainbat zauri proiekta daiteke gorputz horien gainean. Horretaz segur ez izan arren, beste emazteak ikusten ditugularik, gure kondizioaz han eta hemen irakurritakoak edota bizitakoak irudikatzen ditugu.

Gehienetan ez dugu jakinen bestearen baitan irudikatzen dugun hori egia ala asmatua den, baina estatistikei erreparatuz gero, pertsonaz tronpatzen bagara ere, gure irudikapenak mundu baten isla dira. Mundu isildu bat.

Gure historian eta istorioetan, gure bizitzak epikatik eta dramatik josi dira. Gure esperientziek bi kontzeptu horiek zatiezinak direla erakutsi digute. Albisteek zenbat aldiz kontatu digute «drama» baten ondorioz emazte bat hil dela? Erailketaren berri ematerakoan ere, gelditzen ginen gizarte gertakari arrunten artean. Ehiza eta auto istripuen artean gure hilen berri ematea ohikoa zen. Gure izenak, hiltzaileen metodoak eta motiboak ezabatuz; besterik gabe «pertsona» bat zendu dela aipatuz. Azkenean gure gorputzetan bat gehiago edo guttiago izatearen sentsazioa utziz. Errealitate horren parean, existitzeko, saiatzen gara efemeride berriak sortzen, zauriez osatutako efemerideak baldin badira ere. Munduko beste generoari ahotsa emanez.

Halako azaroko egun batez, 1960. urtean, Dominikar Errepublikan erailak izan ziren hiru ahizpen eta beren txoferraren omenez markatzen dugu emakumeen aurkako bortizkeriaren errealitate gordina eta biolentzia horren salatzeko borrokaren beharra. Lau ahizpa izan ziren, eta unibertsitatera ikastera joan zenaren errebeldia bikoitza suntsitu zuen egun horretan Rafael Trujillo diktadoreak. Minerva Mirabalek emazte dirudun, eskolatu eta ederraren ezaugarriak zituelako, Estatu buruaren interesa piztu zuen. Minervak gizon boteretsuaren ondoan egoteko estereotipo guziak betetzen zituen. Ordea, gizonaren eskaerak errefusatu eta orduko gobernuaren kontrako mugimenduan parte hartu zuen bere ahizpekin batera. Kartzelatuak zituzten aita, senarrak eta bi ahizpa. Polizien galdeketak eta torturak pairatu ondoren, libre utzi zituzten hiru emazteak. Iduriz, erregimen buruak ez zuen barkatu emaztearen ukoa, ez eta ere haren engaiamendu politikoa. Emazte bakarraren baitan bi debru uxatu behar zituen. Ondorioz, presondegirako bisita batetik itzultzen zirenean hiru ahizpen gorputzak xeharazi zituen matxete ukaldiz. Ideiak aske zituzten gorputzak isilaraziz.

Efemerideak drama bihur zitekeen istorio hori dakarkigu gogora. Hala ere, epikatik badu Estatuari buru egin duenaren erailketak. Horrez gain, hiru emazte dominikarrak bi zapalkuntza ezberdinengatik erailak izan ziren. Beti, Minerva Mirabal eta bere ahizpen erailtzeak haien engaiamendu politikoagatik markatu zuen nazioarteko agenda, elkarte feministen lobby lan azkar eta indartsu baten ondotik. Latinoamerikan herri askapen mugimenduak haien bidea egiten ari zirenean pasatu zen. Hain zuzen ere, horregatik data hori egon zen: erailketaren gordinkeria eta estatuaren errepresioaren erakusleihoa izan zelako. Metaforarik gabe, Estatuaren eskuek zituzten erail.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.