Albistea entzun

ARKUPEAN

Borrokaren kontra

Ana Malagon -

2021eko otsailak 26

Nire hitz egiteko modua apur bat aldatzen saiatzen ari naiz. Eta galdetuko duzu, «Malagon, 42 urte dituzu, zertan zabiltza ezer aldatu nahian?». Eta beharbada alferrikako tontakeria bat izango da baina ez dut Fernando Alfaro-k Chucho taldearen Túnel de Lavado abestian esaten zuen hori egiaztatu nahi. «Zaharrenek badakite, ezer eta inor ez dela sekula aldatzen, beraz ez zaitez saiatu ere egin eta hil zaitez behingoz, Fernando» edo antzeko zerbait zioen. Ezin ditugu besteak aldatu, horren orbainak ditut kopetan, besteengan dugun inpaktua oso mugatua da baina geure buruarekin zerbait egin dezakegulakoan nago... batzuetan. Zerbait biratu. Zerbait konpondu. Zerbait hil dezakegu behingoz, Fernando.

Erabiltzen dugun hizkuntza eta pentsaeraren edo munduaren ikuspegiaren arteko harremanaz asko idatzi da eta, lasai, ez naiz inuitek zuri kolorea izendatzeko duten hitz anitzei buruz arituko. Falta zena. Hiperbentilatzen jartzen gaituzten eta hezurretaraino barneratuak ditugun metafora horiek dira azkenaldian beste zerbait probetxugarriagoan pentsatzeko uneak kentzen dizkidatenak.

Alde batetik, ohartu gabe barneratu ditugulako kezkatzen naute metafora horiek. Ohartu gabe barneratzen dena zalantzan jartzea zaila delako. Hori beti horrela izan da eta. Horrela egin dira gauzak bizitza osoan. Ikuspegi zabalago bat izateko pauso bat atzera eman behar da eta gizarte eta garai hauetan ez dago atzera pauso bat ematea (eta ikuspegi zabal bat izatea) baino ezer beldurgarriagorik.

Bestetik, ez nago oso ziur erabiltzen ditugun metaforek iradokitzen diguten mundu horretan bizi nahi dudan. Batzuetan, Mr. Wonderful-ek zuzenduriko Julie Andrews-en pelikula batean bizitzen jarri nahi gaituztela iruditzen zaidalako. Gehienetan, Blitzkieg-aren erdian.

Osasunetik kulturara, kiroletik politikara, esparru profesional zein pertsonalean hedatu dira metafora belikoak. Eta errebeldia nahiz epika, erresistentzia nahiz anbizioa, gauza guztietarako balio omen digu «borroka» kontzeptuak. Gure lanean borrokatzen gara, gure harremanak salbatzearren borrokatzen gara, minbiziaren aurka borrokatzen gara, klima aldaketaren kontra borrokatzen gara. Irabazi ezin ditzakegun borrokak dira gure bizitzak. Eta gerra ez da sekula amaitzen.

Badakit zer pentsatzen ari zaren dagoeneko borrokatzeari utzi nahi badiozu, «hil zaitez behingoz, Ana». Ez da hori.

Nahiko motela izan naiz beti eta horregatik ez naiz orain arte konturatu zein kontzeptu hutsa den borrokarena. Zenbatetan erabiltzen den inolako zehaztapenera heldu gabe eta zehaztapen falta horrek zenbateraino oztopatu edo eteten duen inolako helbururik lortzea. Borroka hitz abstraktua da eta ez ekintza. Borrokan dena kabitzen da eta ez da ezer gertatzen.

Gogoratzen «borroka da bide bakarra» hura? Ba ez, ez da bakarra. Ez da bide bat ere. Ez da ezer. Agian beste aditz eta kontzeptu batzuk daude. Agian zaintzea da. Eman eta hartzea. Entzun eta esatea. Eskatzea edo planto egitea. Agian zeozer (ahal dena) egitea da. Agian uko egitea. Ziur nago hitz hauek erabiltzeak ez dizkigula frustrazioak kenduko, baina beharbada antsietateren bat edo beste, bai. Kapitalismoak bultzaturiko lehiaren diskurtsoan beti daude txapeldun eta frakasatuak. Hori ezkutatzen du borrokaren kontzeptu honek. Irabaztera derrigortuak bizi gara eta ez gara egunero «bere ametsak jarraitu» ezinik, ezer lortzen ez duen galtzaile hori baino sentitzen.

Pentsamendu belikoak bezain antzuak iruditzen zaizkit pentsamendu baikorrak. Bietan benetan existitzen ez den meritokrazia bat ezkutatzen da. Pentsamendu belikoan borroka deitzen zaiona, baikortasunean ametsak jarraitzea da txanpon faltsu beraren beste aldea. Txanpon hori nahi gabe erortzen utzi eta pentsamendu baikorraren aldean irakurtzen banauzu noizbait, orduan bai, orduan ni akabatzeko baimena izango duzu, «hil zaitez behingoz, Ana» kantatuz nahi izanez gero. Eta hau ez da metafora beliko bat. Hau zehazki eta espresuki eskatzen dizudan zerbait bat da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna