Bilboko BBK Live jaialdian ehun artistak baino gehiagok joko dute Kobetamendin

Orain arte iragarrita zeuden taldeen zerrendara gehitu dira Charlotte Adigery, The Intergalactic Republic of Kongo eta Alien Tango taldeak

Musikazaleak iaz, Kobetamendin, BBK Live jaialdian. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Uztailaren 11tik 13ra egingo da aurten Bilboko BBK Live jaialdia, eta han ariko diren talde gehiagoren berri eman dute antolatzaileek: Charlotte Adigery, The Intergalactic Republic of Kongo eta Alien Tango dira kartelera gehitu dituzten azkenak. Aurretik iragarritakoen artean daude, besteak beste, The Strokes, Liam Gallagher, Thom Yorke Tomorrow's Modern Boxes, Rosalia eta The Good, The Bad & The Queen. Sarrerak salgai daude jada.

Zazpi agertoki izango dira aurten Kobetamendin, eta bakoitzari ezaugarri bat ezarri diote antolatzaileek. Nagusi izenekoan arituko dira musika talderik «sonatuenak»: The Strokers, Liam Gallagher, Rosalia, Weezer, Vetusta Morla eta Brockhampton. Hot Chip banda izango da oholtza nagusira igoko den azken taldea.

Bestean izeneko agertokian arituko direnen artean daude Thom Yorke Tomorrow's Modern Boxes, The Good, The Bad & The Queen, Suede, The Blace eta Vince Staples. Txiki agertokiak, berriz, artista «eklektikoenak» jasoko ditu: The Voidz, Slaves, Moeveloreina eta Pony Bravo taldeak arituko dira bertan. Gora! gunea ere prestatuko dute, eta bertan izango dira, antolatzaileen esanetan, proposamen «dantzagarrienak»: Nicola Cruz, Yaeji, Jonathan Bree eta 2manydjs.

Musika elektronikoa Basoa gunean bilduko dute. Jaialdiaren lehen egunean LGTBI gaua izango dela zehaztu dute antolatzaileek. Honey Dijon, Midlan, Octo Octa, Courtesy eta Ketiov taldeak izango dira, besteak beste, uztailaren 11ko saioan. Laurent Garnier, Bicep, Todd Terje eta John Talabot ere gune berean ariko dira hurrengo egunetan.

Bestalde, Kobetamenditik atera eta harago eraman nahi dute BBK Live jaialdia, eta, azaldu dutenez, bestelako emanaldiak antolatu dituzte Bizkaiko hiriburuko hainbat gunetan. Agertoki bana jarriko dute Isozaki dorreetan, Albia lorategietan, Areatzan eta Kale Nagusian eta, besteak beste, Mastodonte, Anni B Sweet, Pony Bravo, The Intergalatic Republic of Kongo eta Venturi ariko dira horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.