Sormena, bizipozaren zentrora

Sorkuntza eta kultura dituzte hizpide 'Dapa' saioek; BERRIAn ere ikusgai izango dira astezkenero

Dapa ikus-entzunezko saioen bildumaren lehen atalaren fotograma bat; irudian, Juan Palacios zinemagilea. BERRIA.
Nagore Arin.
2020ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun

Sorkuntza oinarrian duen ikus-entzunezko saioen bilduma bat da Dapa. Kultura eta sorkuntza ditu hizpide, irudigintza eta soinua lengoaia. Azaroaren 27an plazaratu zuten bildumaren lehen atala: Juan Palacios zinemagilea gonbidatuarekin. Geroztik, beste bost atal kaleratu dituzte; kultur adierazpenarekin eta sormenarekin lotura estua dute guztiek: Rouge Elea zirkularia, Danele Sarriugarte idazlea eta itzultzailea, Xabier Luberriaga luthier profesionala, Barbara Stammel pintorea eta Iñigo Astiz idazlea eta kazetaria. Gaur argitaratuko dute zazpigarrena: Garazi Pascual zirkuko artista izango da protagonista.

Xabier Gantzarain da proiektua sortu eta garatu duten kideetako bat. Haren hitzetan, «sorkuntza bizipozaren epizentroan jartzeko proiektu bat» da Dapa. Hala, sormena lan tresna duen jendea da saio bildumaren ardatza, baina, zehaztu duenez, «erakundeak ere izan daitezke; baita lekuak edo gertaerak ere». Hutsuneetatik baino gehiago, desioetatik abiatuta sortu dute: «Badira sorkuntza eta kultura ardatzean jartzen dituzten saioak, eta eskertzekoa da. Guk, baina, gure erara egin nahi genuen lan, guretzat interesgarria den hori erakutsiz».

Kulturaz-ek ekoizten du proiektua Azpeitiko Kultur Mahaiaren Kooperatibak, Dinamoa sormen gunean kokatua—, eta, Gantzarainekin batera, Ander Mujika, Yuri Agirre, Nora Alberdi, Iker Trebiño eta Aitor Bengoetxea kideek osatzen dute lantaldea. Jalgi egitasmotik sustatuta, iragan ekainean osatu zuten taldea. Guztien artean erabaki dituzte ikus-entzunezkoek bete beharreko ezaugarriak: «Sarean jarriko genituela erabaki genuen, sorkuntzari buruz izango zirela, eta formatu hori esploratzen hasi ginen». Oinarrizko elementu izan dute komunikazioa: «Bakoitzari gustatzen zaizkigun gauzak elkarri aipatu dizkiogu. 'Honekin egin beharko genuke Dapa bat, edo honek merezi du'. Jakinik, betiere, saioa beste batzuek ikusiko dutela, eta horien interesekoa ere izan behar duela». Asteazkenero jartzen dute atal berri bat Dinamoaren web orrian. Edukien sustapenean laguntzeko asmoz, aurrerantzean BERRIAk ere erakutsiko ditu lanak berria.eus/berriatb/dapa helbidean.

Saio bat, mundu bat

Bost eta zortzi minutu bitartean dituzten ikus-entzunezkoak izan dira emaitza; ez dute, ordea, iraupen mugarik zehaztu: «Libre gabiltza horretan, izan daitezke motzagoak, baita luzeagoak ere; ez dugu telebista batek izan ohi duen kortsea edo formatua. Pieza bakoitzak eskatzen duena egiten dugu. Inportantea da momentu bakoitzean kontatu behar duzun horrekiko koherentea izatea». Horregatik, nortasun berezi bat dute saio guztiek: elkarren artean dituzten antzekotasunekin eta desberdintasunekin sortzen den «izaera berezi» bat. «Badira saioetan errepikatzen diren konstante ugari, baina, aldi berean, saio bakoitza desberdina da. Batzuek beste narratibitate mota bat eskatzen dute». Adibidez, desberdina da Juan Palaciosek bere zinemagintza eta egiten dituen lanak kontatzea, eta Rouse Elearen emanaldi bat kontatzea. «Inportantea da saio bakoitzak bere nortasuna eta autonomia edukitzea, izateko modu berezi bat. Saiatzen gara pentsatzen kontatu nahi dugun horrek zer kontaera behar duen. Agian, bat bisualagoa izango da, eta bestea, aldiz, narratiboagoa», azaldu du. Hala ere, nolabaiteko lotura bat sortzen da saio guztien artean, eta horrek proiektuari «bestelako nortasun bat» ematen diolakoan dira.

Bakoitza pieza independente bat baldin bada ere, guztien artean oreka bat lortu nahi izan dute: «Adierazpide diferenteak hartuta, gauza guztiak erakutsiz: antzerkia, literatura, artea, musika...». Azpeititik (Gipuzkoa) Euskal Herrira begira eginiko proiektu bat dela esan du Gantzarainek, eta oinarrizkotzat jo du inguruko sortzaileen lanak ere plazaratzea. Dioenez, gustura ari dira lanean, eta horrela segitzea dute xede. Zazpigarren atala gaur, eta beste asko kaleratzeko prest.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.