Albistea entzun

ARKUPEAN

Kalimotxo linguistikoa

Xabier Paya Ruiz -

2020ko abenduak 1

Hiztun berri sortzaileak: euskaldun berriak komikigile, podcastgile edo bertsolari izan daitezke, gainerako euskaldunak bezala? Ezinbestekoa da euskal kulturaren baitako sortzaile ona izateko euskaldun zaharra izatea? Joan den astean, Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien arloko Elixabete Perez Gaztelu zuzendariaren ardurapean, Xabier Landabidea @txerren irakasleak ezohiko eskola antolatu zuen: Miren Artetxek gidatutako telemahaingurua, Ana Isabel Morales @anaisni, Patxi Huarte Zaldieroa eta artikulu hau sinatzen duena paragrafo honetako hasierako auzien inguruan iritzi-trukean jarri zituena.

Nola hurbildu ziren euskarara hiru sortzaileak? Patxik gogoan zuen noiz egin zuen euskararako jauzia, helduaroan, eta oroitzapenean geratu zaio ordu erdi edo ordubete iraun zuen metamorfosia izan balitz bezala. Anak bide luzeagoa azaldu zuen: amama bat euskalduna zuen, eta harekin berriz konektatzen lagundu zion euskaltegi, hizkuntza eskola eta Euskal Filologiako ikasketen ibilbideak. Biak megaeuskaldun bihurtu ziren ordu erdiko zein hainbat urtetako prozesuaren amaieran. Nik euskara umetatik izan dut inguruan, etxeko hizkuntza ez izan arren, baina euskaldun berria nintzela konturatu nintzen bertsotan hasi nintzenean: euskalguneko umeak ahatetxo politak ziren, eta ni, ahatetxo itsusia.

Euskarara hurbiltzean, gutxiespenik sentitu ote zuten? Patxik ezetz esan zuen; euskaldun berri izaera, hiztun berezitasuna, harrotasunez adierazi izan du beti, eta onartu hiztun berriei egozten zaizkien ezaugarriak. Anak gogoan iltzatua du, Euskal Filologiako ikaslea zela, telemahaingurua antolatutako unibertsitateko irakasle batekin gertatua: Xabier Lizardiren lana aztertzeko eskatu zien ikasleei, idazlea euskaldun berria zela frogatzeko akatsak edo ezaugarriak topatzeko, hain zuzen. Nik, sekula ez dut ahaztuko Doña Kasilda parkeko eskola arteko bertsolari txapelketa batean lehiakide baten aitari niri buruz entzuna: «Zelan izango da bertsolaria, ez badaki morokila zer den ere?».

Hiztun berria izan daiteke sortzaile ona? Hirurok baiezkoaren defentsa irmoa egin genuen, baina argi dago gizarteak ez duela hain argi. Mediku euskalduna ala mediku ona oraindik zalantza bada, hizkuntzaren jatortasuna balioets daitekeen berbazko arteetan, euskaldun zaharrak sortzaile hobea izan beharko du, ez? Horregatik ziurrenik, nabarmen gehiago dira euskaldun zaharrak berbazko arteetako lehiaketa erreferentzialak irabazten dituztenen artean. Baina… ez badago lekurik hiztun berrientzat kultur erreferentzialtasunean, ez hedabideetan, ez euskalgintzako erabakiguneetan… zer motatako parte-hartzea nahi dugu eurentzat euskal gizartean?

Euskaldun berri eta euskaldun zahar dikotomia desagerrarazi beharra dago? Anaren iritziz, eskaera hori entzuten duen bakoitzean, gogora datorkio “gizonak eta emakumeak berdinak gara, denak gara pertsonak— esaldia. Euskaldun berri kontzeptuak, balio historikoa izateaz gain, etengabe ugaritzen ari den hiztun profil baten ezaugarri soziolinguistiko esanguratsuak nabarmentzen ditu. Ezaugarri horiek gainerako euskaldunenekin parekatzen diren etorkizuneko egunean, agian izango da berriak eta zaharrak ahazteko tenorea.

Zein leku dute hiztun berri sortzaileek etorkizuneko euskal komunitatean? Euskal hiztun komunitatea ez da XX. mendean osasun betean egon den eta egitura sendoak garatu dituen gizatalde handia, euskaldun berri gutxi batzuk hartu dituena. Euskaldun zaharrak ardoa badira, ardo ona, jatorra, egurrezko upeletan ondua… euskaldun berriak Coca-Cola dira, eta etorkizuneko Euskal Herriak aukera bakarra du hiztun guztientzako tokia izango duen euskarazko hiztun komunitatea nagusitzea nahi badu: kalimotxo linguistikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.