Euskal kulturaren geroa hartu dute ardatz 'Jakin'-en zenbaki berrian

Pandemiak euskal kulturan izan duen eraginaren inguruko gogoeta egiteko, kultur arloko bederatzi lagun batu ditu aldizkariak

Katixa Agirrek idatzi du aldizkariko artikulu nagusia. GORKA RUBIO / FOKU.
Olatz Enzunza Mallona.
2021eko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Eta orain zer? galdera hartu du abiapuntutzat euskal kulturari eskainitako Jakin aldizkariaren 241. zenbakiak. Kulturaren arloan mugitzen diren bederatzi lagun saiatu dira galdera horri erantzuten, eta beraien hausnarketak bildu ditu aldizkariak: Katixa Agirre, Alberto Barandiaran, Olatz Osa, Xabier Landabidea, Edurne Azkarate, Igor Elortza, Xabier Gantzarain, Katti Pochelu, Castillo Suarez, Dani Fano, Eider Eibar, Josevisky eta Nerea Unanua. Idatziz eta irudiz jaso dituzte gogoetak, eta pandemiaren ondorioez eta etorriko denaz mintzo dira.

Katixa Agirre idazlearena da testu nagusia: Hekatonbearen urtea: kultura, automaitasuna eta polimaitasuna. Pandemiak astindutako kultur munduaren ondorenaz egiten du gogoeta Agirrek: kulturaren balioaz, kultur profesionalen egoeraz, autopertzepzioaz... Baina mugak eta zailtasunak ugariak badira ere, autoestimu hori indartzeko arrazoiak ere aurkitu ditu. Tartean, 2020ko ikus-entzunezkoen produkzio emankorra.

Hausnarketa sintetikoagoan jardun dute Alberto Barandiaran kazetariak, Olatz Osa Elkarreko argitalpenen arduradunak eta Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko ikerlari eta irakasleak. Urtean zehar kulturaren alorrean izandako gertakari batzuen inguruan hausnartu du Barandiaranek. Besteak beste, Nafarroako hainbat gazteren artean sortutako Sormen digitala egitasmoaz eta emakumeek literaturan hartutako lekuaz. Osak, berriz, pandemiak hainbat arlotan agerian utzitako erronkei heldu die. Azkenik, sarean egin den Durangoko Azoka hartu du ardatz Landabideak, gertatu denaz, eta etorkizun batean gertatu daitekeenaz gogoeta egiteko.

Itziar Ugarte kazetariak zuzendu duen Pandemiaren urtea kulturgintzan izeneko mahai inguruan, hizketan jarri dituzte Edurne Azkarate aktorea, Igor Elortza bertsolaria, Xabier GantzarainDinamoa Azpeitiko (Gipuzkoa) sormen guneko koordinatzailea, Katti Pochelu Gastibeltza Films ekoiztetxeko kidea eta Castillo Suarez idazlea. Kultur munduko hainbat hari landu dituzte solasaldi osoan zehar. Betiere, norberaren bizipenak eta esperientziak oinarritzat hartuz. Horrez gainera, hitzak bigarren mailan utzi, eta irudi bidezko hausnarketa egiteaz arduratu dira Dani Fano, Eider Eibar, Josevisy eta Nerea Unanua marrazkilariak.

Euskal liburuen etorkizuna

Aldizkariaren amaieran, Euskal kulturgintza 2018 izenburupean,2018ko liburugintzaren azterketa jasotzen du aldizkariak. Joan Mari Torrealdaik urtez urte liburugintzan egindako lanari jarraipena ematea da Jakin-en asmoa, eta Xabier Eizagirre aldizkariko erredakzioburua arduratu da ikerketa egiteaz. Ordutik bi urte igaro badira ere, euskal liburuen ekoizpenaren bidea zein den erakutsi nahi izan du azterketaren bitartez. Lan horren ondorioz, agerian geratu da kulturgintzaren sektorea atomizatu egin dela. Horrez gainera, haur eta gazte literatura gailentzen ari dela ere ondorioztadaiteke.

Aurreko aldizkarietako ohiturari jarraituz, 241. zenbakia ixteko ere, gai nagusiaren haritik tiraka, eta begirada ironikoz ondu du kontrazala Unai Iturriaga bertsolari eta irudigileak.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.