Euskadiko Orkestrak Bruckner izango du ardatz datozen kontzertuetan

Hamar kontzertu emango ditu Hegoaldeko lau hiriburuetan, gaur hasi eta hilaren 22ra bitarte. Robert Treviñok gidaritza berreskuratuko du

Euskadiko Orkestrako musikariak, Robert Treviñoren gidaritzapean, artxiboko irudi batean. JUANTXO EGAÑA / EO.
aitor biain
2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Euskadiko Orkestrak Anton Brucknerri eskainiko dio osorik hurrengo kontzertu programa. Musikagile austriarraren bi sinfonia interpretatuko ditu datozen egunetan emango dituen hamar kontzertuetan. Erromantizismoa izan du ardatz denboraldi honetan orkestrak, eta ildo horri jarraiki hautatu dute Brucknerren musika, hain zuzen ere, nahiz eta haren obra edozein mugimendutatik kanpo koka daitekeen. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan joko du orkestrak, gaur hasi eta apirilaren 22ra bitarte.

Ez da lehen aldia orkestrak Brucknerren obrak interpretatzen dituena; aurrez ere maiz jo izan ditu haren lanak kontzertuetan. Izan ere, Robert Treviño orkestrako zuzendariaren musikagile kutunetako bat da. Hain zuzen, Treviñok berak Brucknerren sinfonia batekin egin zuen debuta Euskadiko Orkestran, 7. Sinfonia-rekin, orain bost urte, 2016ko martxoan. Oraingo honetan, baina, haren lanen artean ezezagunenak edo gutxien interpretatu izan diren bi obra hautatu dituzte: 5. eta 6. sinfoniak, zehazki.

Bi ataletan banatu dute kontzertu programa: batetik, apirilaren 8tik 14rako kontzertuetan, 5. Sinfonia interpretatuko dute. 1875. eta 1876. urteen artean idatzitako lana da, nahiz eta aldaketa txikiak jasan zituen hurrengo urteetan. 1894an interpretatu zuen orkestra batek lehen aldiz zuzenean, Franz Schalk zuzendariaren eskutik, Grazen (Austria). Brucknerrek ez zuen joaterik izan, gaixo zegoelako.

Bestalde, apirilaren 16tik 22ra bitarteko kontzertuetan, 6. Sinfonia joko dute. Brucknerren aurreko sinfonien monumentaltasunari eusten dion obra da, baina diskurtso dinamikoagoa du, eta erritmo eta harmonia askeagoak ditu. Era berean, musikagilearen heldutasuneko sinfoniarik laburrena da, baita egitura klasikoena duena ere.

Treviñoren batutapean

Euskadiko Orkestrak Robert Treviño zuzendari titularraren batuta berreskuratuko du datozen kontzertuetan, gainera. Izan ere, Gemma New zuzendari estatubatuarraren gidaritzapean aritu da azkenaldian, Bidaiak kontzertu programaren barruan.

Kontzertu guztiak 19:30ean izango dira. Gaur izango da aurrenekoa, Donostian, Kursaalen. Eta Bilboko Euskalduna Jauregian, Iruñeko Baluarten eta Gasteizko Principal antzokian joko dute gero. Sarrerak eskuragarri daude Euskadiko Orkestraren webgunean eta aretoen webguneetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.