Albistea entzun

Bilbo Arten egindakoa, argitara

Alazne Zubizarretaren 'Eggs onna plate' erakusketa jarri dute ikusgai Bilboko arte zentroan
Bilbo Arten bekadun izandako garaian sortutako obrak bildu ditu Zubizarretak <em>Eggs onna plate</em> erakusketan.
Bilbo Arten bekadun izandako garaian sortutako obrak bildu ditu Zubizarretak Eggs onna plate erakusketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Enzunza Mallona -

2021eko apirilak 15

«Erakusketa honen bitartez ez dut ezer transmititzeko asmorik; nire lanaren emaitza da». Hala definitu du Alazne Zubizarreta artistak (Arrasate, Gipuzkoa, 1994) Bilbo Zaharreko Bilbo Arte fundazioan ikusgai dagoen Eggs onna plate erakusketa. Bere irudien bitartez, garaikidetasunez landu du grabatua, eta hilaren 30era arte egongo da ikusgai, Urazurrutiako aretoan. 17:30etik 20:30era bisitatu ahal izango da, doan.

Bilbo Arte fundazioan bekadun izandakoa da Zubizarreta. Arte gradua bukatu ondoren, diseinu grafikoko masterra egin zuen, eta, ordutik, grabatuari buruzko ezagutzak garatuz joan da hainbat eskolatan. Tartean, La Taller espazioan. «La Taller da, nire ustez, grabatuak egiteko erreferentziazko tokia», dio artistak. Hain zuzen ere, grabatua eta marrazkia «desmitifikatzen» ikasi zuen gune horretan, eta hortik aurrera hasi zen umorezko elementuak eta elementu abstraktuak bere lanetan txertatzen. Hala ere, beste hainbat erakusketatan parte hartzeko aukera ere izan du: Gigante Feísimo Narata espazioan, EZA Bilboko Okela sormen-lantegian, eta Itzuli barik Harriak programaren barruan.

Grafikaren eremuan kokatzen da artistaren lana. «Teknika bera oso apetatsua da; hortaz, zuk nahi duzuna lortzeko bidean, beti dago halako negoziazio bat lortu nahi duzunaren eta lortu duzunaren artean», dio Zubizarretak. Erakusketa honetan, kasurako, akuafortearekin eta aguatintarekin egindako grabatuak dira nagusi: «Nire lanaren muina dira grabatuak; interesatzen eta gustatzen zaidan teknika bat da, eta eroso sentitzen naiz hor». Azken hilabeteetan ekoizpen horrekin jarraitu du, baina beste era bateko irudiak ere sortu ditu: digitalak, koloretakoak, formatu handiagokoak eta oihalezkoak, besteak beste. Zehazki, eskuzko lana eta digitala tartekatu ditu bere irudietan, tinta beltzeko formatu txikiko paperetik abiatu eta ehunezko pieza zabaletan inprimatutako kolore askotako diseinuak lortuz. Horrez gainera, «espazio eraldaketa bat» egitea ere bazen artistaren asmoa: «Bilbo Arte espazio nahiko ezaguna izanik, beste buelta bat eman nahi izan diot guneari». Ikuspuntu hori lortzeko, fundazioko kide diren Ibai Madariagaren eta Miel Oiartzabalen laguntza izan du.

Eggs onna plate erakusketako obra gehienak bekadun izandako garaian egindakoak dira: «Bilbo Arteko bekan egindako lan guztiaren erakustaldia da». Zentroko tailerrean «ordu asko» igarotzen zituen, eta han, lanerako estudioa izateaz gainera, praktikarako aukera berriak aztertzeko aukera izan zuen. «Azken urteetako irudien artxibo lan bat da erakusketa, eta hor islatuta agertzen dira atentzioa eman didaten gauzak: nire interesak, nire irudimena eta bestelako elementu abstraktuak». Denboran joan da bere artxiboa garatuz, «pixkanaka».

Lan egiteko moduari dagokionez, «modu helikoidalean» lan egitea gustatzen zaio artistari: «Zerbait aztertu, horren antitesia lortu, eta, ondoren, sintesi bat egitea gustatzen zait». Hala ere, aurrera begira, gauza berriak probatzeko gogoa duela nabarmendu du: «Erregistro desberdinak probatu nahi ditut, beste formatu eta kalitate batzuk dituzten materialak, esate baterako».

Liburuxka eskuragai

Erakusketaz gainera, Legs onna plate katalogoa hartzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Karlos Martinez B. artistaren Nor dago hor? izeneko hitzaurrea eta Leire San Martinek Zubizarretari egindako elkarrizketa bat biltzen ditu liburuxkak. Horrez gainera, orrialde horien barnean tartekatuta agertzen dira erakusketan ikusgai dauden grabatuen irudiak eta artistaren iruditeria irudikatzen duten orriak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Epaileak, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa epaitzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bertsogintzaren matematika

Miren Mujika Telleria

Hainbat faktorek egiten dute posible bertsolari txapelketa bat, eta faktore horien artean dago, noski, epailetza. Hogeita bat epaile arituko dira hasi berri den txapelketan bertso bakoitzari puntuazioa ematen. Zein da, baina, puntu horiek gora edo behera egiteko neurgailua?
Gozategi taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian. ©Gorka Rubio

30 urte, baina beti gazte

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza

Gozategi taldea 30. urteurreneko biran ari da aurten, eta plazetako harrera «ikaragarria» izaten ari dela dio Asier Gozategi soinu jotzaileak. Bihar Urnietan joko dute, eta urriaren 15ean, Zarautzen.

 ©IRUNE IZQUIERDO

Erretzaile damutuen konpainia

Berria

Aingeru Epaltzak hirurogei urteen talaiara iristen ari den kazetari bat jarri du 'Erretzaile damutuen konpainia' eleberri berriaren ardatzean: Edu Saragueta. Komedia garratz eta erotikoa, gizarte nahasi baten erretratua eta, batez ere, nobela beltz petoa osatu du.

Piztu METAk hamabost proiektu hautatu ditu

Berria

Egitasmoak sustatzeko finantzaketa kolektiboa hasiko dute. Gipuzkoako aldundiak 70.000 euro jarriko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Irakurleen babesa ezinbestekoa da kazetaritza independente eta konprometitua egiten jarraitzeko.