Albistea entzun

Donostiako 70. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Etxe barruko bizitza txatalak

Hong Sang-soo zinemagile korearrak eraikin berean bildu ditu 'Walk Up' pelikulako pertsonaiak. Sebastian Leliok 'The Wonder' aurkeztu du lehiara, sineskeriei eta arrazionalismoari buruzko film bat
<b><em>Walk Up</em>.</b> Hong Sang-soo zinemagilea —eskuinean—, filmeko aktoreekin, Donostian, atzo.
Walk Up. Hong Sang-soo zinemagilea —eskuinean—, filmeko aktoreekin, Donostian, atzo. JAGOBA MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Lizarralde - Ainhoa Sarasola -

2022ko irailak 23 - Donostia

Hainbat film esanguratsu zuzendu ditu Hong Sang-sook bere ibilbide luzean. Daijiga umule pajinnal / The Day a Pig Fell Into the Well-ekin egin zuen debuta zuzendari korearrak (1996), eta nazioarteko jaialdi garrantzitsuenen aitortza irabazi duten beste hainbat lan sinatu ditu urteotan, hala nola Hahaha (2010), U ri Sunhi / Our Sunhi (2013), Ji-geum-eun-mat-go-geu-ddae-neun-teul-li-da / Right Now, Wrong Then (2015), Domangchin Yeoja / The Woman Who Ran (2020) eta So-seol-ga-ui Yeong-hwa / The Novelist's Film (2022). Zinemaldiak ere zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorrarekin saritu zuen Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours filmagatik (2016), eta Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsi zuen Geu-hu / The Day After (2017). Aurten Sail Ofizialeko lehiara itzuli da zinemagilea, Walk Up filmarekin.

Zuri-beltzean filmatua dago, eta lan berriko pertsonaiak etxebizitza berean bildu ditu Hongek, haien arteko harremanak eta bakoitzaren bizitza txatalak erakusteko. Barnealdeen diseinatzaile batek erosi du eraikina, eta bertara joango dira filmeko protagonista —zinemagile bat— eta haren alaba, zeina ez baitu ikusi urteetan. Diseinatzaileak solairuz solairu erakutsiko die eraikina, eta hizketan eta ardoa edaten igaroko dute denbora. Lekua bera izango da une oro, baina Hongek denborarekin eta pertsonaien izaerekin jolas egingo du. Hala, protagonistaren hiru bertsio ezagutuko ditu ikusleak. Kwon Hae-hyo, Lee Hye-young, Song Sun-mi eta Cho Yun-hee antzezleek jokatu dituzte rol nagusiak.

Ikusi gehiago: Harremanen arkitektura

Protagonistak oinarri biografikorik duten galdetuta, ezetz erantzun du Hongek, baina bere bizitzako txatalak ere erabili dituela. «Ez naiz inoiz saiatzen egilearen autobiografia bat izan daitekeen zinema egiten, ez ditut eszenak sortzen nire iritziak azaltzeko, baina bai jasotzen ditudala bizi edo entzun izan ditudan gauzak». Pelikulan agertzen dena bere barnetik datorrela zehaztu du, baina ikuspegia «zatikatua» dagoela. «20 urte nituenetik atzo arteko nire bizitzaren zatiak dira». Nolanahi ere, bere lanetan «zintzo jokatzeko joera naturala» duela iruditzen zaio.

Aktoreak zuzendariaren alboan izan dira Donostian, eta bat etorri dira Hong zuzendari «berezia» dela. «Harekin, inoiz ez dakizu zer gertatuko den».

Fikzioaren mekanismoak

Sebastian Lelio zinemagile txiletarrak (Gloria, 2013; Una mujer fantástica, 2017) The Wonder aurkeztu du Sail Ofizialeko lehiara. Zuzendariak XIX. mendeko Irlandara jo du, 1862. urtera, sineskeriei, erlijioari, zientziari eta arrazionalismoari buruz hitz egiten duen filma ontzeko. Izan ere, Irlandako Midlands eskualdera iritsiko da Londrestik Elizabeth izeneko erizain bat (Florence Pugh), lau hilabetez ezer jan gabe egonda ere bizirik dirauen neskatoa zaintzera. Izan ere, neskaren eta haren senideen arabera, «Jainkoaren manak» elikatzen du Anna (Kila Lord Cassidy).

Filma ezohiko moduan hasten da, filmaketako platoaren irudiekin, eta «istoriorik gabe, ez gara ezer» dioen off-eko ahotsarekin. «Fikzioaren mekanismoekin» jolastu nahi zuen Leliok: «Pertsonaien erronkez eta ibilerez hitz egiteaz gain, adierazi nahi nuen filma bera arazo bat dela fikzioaren ikuspegitik. Filmak fikzioaren mekanismoez hitz egiten baitu, pertsonaiek eraikitzen edo sinesten dituzten istorioez».

Filmaren ardatzean sinesmenak baitaude. Talka egiten duten sinesmenak. Elizabethek pentsamolde zientifikoa du: «Eta, ondorioz, bere barrenean zalantza ere gordetzen du. Prest dago moldatzeko eta aldatzeko». Annaren familia ez: «Bere egia aurkitu du, bere Jainkoa, eta ez du hortik mugitu nahi». Lelioren iritziz, «fanatismoa» deitzen zaio horri, eta horren mende egiten du familiak aurrera. Nolanahi ere, The Wonder ez da «fedearen kontrako film bat», zuzendariaren arabera, baizik eta «espiritualtasunaren moldagarritasunaren alde» egiten duena, «jarrera itxien kontrakoa».

Filmak deskubrimendu bat egiteko bidea kontatzen du, Elizabethek egiten duena, eta agerian uzten duena Annaren egoeraren atzean dagoen gezurra. «Baina iruzur horren mekanismoak baino gehiago, gezurraren arrazoiak asaldatzen du Elizabeth, eta horrek eramango du neskatoa salbatzeko ahalegina egitera. Izan ere, mina, Annaren mina, benetakoa da, eta, horren ondorioz, Elizabethek haurraren iruditeriara jaitsi beharko du, horren bitartez identitate berri batekin berpizteko».

Pelikula Emma Donoghueren nobela batean dago oinarrituta, eta irakurri zuen momentuan bertan «harrapatu» zuen zuzendaria: «Bi pertsonaia nagusiekin konektatu nuen, bien artean gertatzen dena oso erakargarria egin baitzitzaidan».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Epaileak, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa epaitzen. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bertsogintzaren matematika

Miren Mujika Telleria

Hainbat faktorek egiten dute posible bertsolari txapelketa bat, eta faktore horien artean dago, noski, epailetza. Hogeita bat epaile arituko dira hasi berri den txapelketan bertso bakoitzari puntuazioa ematen. Zein da, baina, puntu horiek gora edo behera egiteko neurgailua?
Gozategi taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian. ©Gorka Rubio

30 urte, baina beti gazte

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza

Gozategi taldea 30. urteurreneko biran ari da aurten, eta plazetako harrera «ikaragarria» izaten ari dela dio Asier Gozategi soinu jotzaileak. Bihar Urnietan joko dute, eta urriaren 15ean, Zarautzen.

 ©IRUNE IZQUIERDO

Erretzaile damutuen konpainia

Berria

Aingeru Epaltzak hirurogei urteen talaiara iristen ari den kazetari bat jarri du 'Erretzaile damutuen konpainia' eleberri berriaren ardatzean: Edu Saragueta. Komedia garratz eta erotikoa, gizarte nahasi baten erretratua eta, batez ere, nobela beltz petoa osatu du.

Piztu METAk hamabost proiektu hautatu ditu

Berria

Egitasmoak sustatzeko finantzaketa kolektiboa hasiko dute. Gipuzkoako aldundiak 70.000 euro jarriko ditu

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...