Garazi Kamio Anduaga.
ARKUPEAN

Bukatu da, akabo

2023ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
Hizki-joskintza honen izenburua irakurri eta memoriak bihotzean zimikoa egin badizu, lortu dut nahi nuena. Deitu zaharkitu, kitsch edo vintage baina maiz hasten gara pasa den mendeko telebistak emandako perla haiek botatzen: Funtzioa. ETB1. Xabier Otaegi eta Jose Ignazio Ansorena kantari, Joxe Mari Oiartzabal tronpeta jotzen eta Euskal Herriko etxeetan hamaika lagun txaloka bukatu da, akabo! Egungo futboleko jokaldiekin eta golekin bezalaxe, saio hartan esaten zirenak kontatzen ziren garai hartan lanpostuan, unibertsitatean eta, ulermen maila baxuagoarekin, eskoletako geletan. Azken hauetan harrapatu gintuztenok oraindik orain kantari ibiltzen gara ernegatu gaituen zeozer bukatu den oro.

Ez naiz hauteskundeez ari, nahiz eta ondo dakidan zer nolako matraka eman dizuten hautetsiek igande aurreko hamabostaldian. Baliteke etxea arrosa gorriz apainduta izatea, sudokuak eta denbora-pasak idazteko hamaika boligrafo berri edukitzea edo hurrengo katarrorako goxokiak ondo pilatuta izatea; baina ez, ez naiz hauteskundeez ari,digitalizazioari buruz ari naiz.

Baliteke zu biktimen atzeanez izatea baina apustu egingo nuke norbait ezagutzen duzula. Beharbada matraka ederra eman dizugu pasa den urteko irailetik maiatzera, negar egin dizugu eta gure desesperazioa agertu, baina, aizu, lortu dugu, amaitu da. Ez baduzu digitalizazioari buruzko lan berezirik egin behar izan eta kasualitatez ez baduzu irakaslerik ezagutzen, labur-labur kontatuko dizut istorioa:

Europar Batasunak, Ursula von der Leyenek edo auskalo nork, irakasleok ziurtagiri digitala lortzera behartu gaituzte. Nire iruditerian heldu kubata! moduko apustua izan da Europako handinahiek sortu zutena, afari bat apustu, ezetz Europako irakasleak ezertarako balio ez duen zerbait egitera behartu izenburupean datorren kontakizuna. Hizkuntz-eskakizunak bezalakoa izan da kontua: lehenengo zeure buruaren ebaluazio bat egin ezazu eta gero guk eskaintzen dizkizugun frogak egin, digitalizazioan A1 edo A2 maila lor dezazun. Ez baduzu halakorik egiten, basoan ezkutuan eta bost hilabetez jan gabe dagoen otsoa bidaliko dugu zure logelara.

Halaxe egin dugu, handik eta hemendik denboraren hondar-aleak bildu ditugu eta Curridigi edo Digiprest izenpean etorri zaigun etxeko lana ondu dugu. Intsumiturik egon da, noski, eta haren ausardia ere ondo txalotu dugu, nahiz eta gehiengoak Europatik bidaliko luketen otso gosetia izan gure buruetan eta norberaren ausardia gure baitan utzi dugun gordeta.

Jakin dezala euskal gizarteak egin dugula, guztiz digitalak garela, 0 eta 1 zenbakiekin pentsatzen dugula eta etorkizuna gure eskuetan dagoela. Hori bai, kaligrafiaz herren dabilen ikaslearen aurrean ez dugu erantzukizunik hartuko, pantailaren aurrean hartuko dituen dioptriekin dantzan ibiliko baita eskuz sortzen indarge den idazkera eskasa. Baina Europa gure eskuetan dago eta laster Bruselako parlamentuaren ondoan monumentu bati gure izena eskainiko diote.

Badaezpada ere, hurrengo ikasturterako etxeko lana jarriko dizuet, kanpotik datozen zentzurik gabeko lanak egitera ohituta zaudeten horiei: Floridako estatuak debekatu egiten du 12 urtetik beherakoekin eskola orduetan hilekoaz hitz egitea. Ezin da dituzten zalantzen aurrean erantzunik eman, ezin da galderarik onartu eta ezin da iritzirik eskatu. Jakin nahiko nuke gauza bera gertatzen den zakildun mutilen poluzioekin edo lehen hazi-isurtzeekin.

Halako erokeriaren inguruan zalantzarik baduzue, egin ezazue aurkezpen bat, grabatu podcast bat, errubrika kontuan hartuta ebaluatu eta ikas-egoeran txertatu. Digitalizazioak 1Gizateriak 0.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.