Kanpoan, barnerako gogo bila

Nerea Baldak 'Atzerrian' nobela kaleratu du. Londresen bizi den euskaldun bat du protagonista
Nerea Balda, <em>Atzerrian</em> (Pamiela) estreinako eleberria aurkezten, Donostian.
Nerea Balda, Atzerrian (Pamiela) estreinako eleberria aurkezten, Donostian. JON URBE / FOKU

Itziar Ugarte Irizar -

2019ko maiatzak 30
Bizitzan, batzuetan gertatzen da: aldi luze batez, denbora asko eskaintzen diozu zerbaiti; amets bati, lan bati, harreman bati... Baina, halako batean, motibazio hori desagertzen denean, lortu delako edo desagertu delako, gerta daiteke —eta gertatu ohi da— pertsona «noraezean» geratzea. Puntu horretan dago Nerea Baldaren (Irurtzun, Nafarroa, 1975) estreinako nobelako protagonista, Londresen bizi den emakume euskaldun bat. Eta hortik izenburua: Atzerrian.

Itzultzaile-interprete izateko nahiak eduki du protagonista denbora luzez kateatuta. Gogor saiatu da, eta, lortu duenean, galduta topatu du bere burua; hustuta. «Eta orain, zer?», galdetzen dio liburuko pertsonaietako batek. Eta protagonistak erantzun: «Orain, bizi». Baldak egoera horretan jarri nahi izan du arreta nobelan: «Hori kontatu nahi nuen: krisialdi pertsonal baten ondorioz sortutako obsesio bat, ilusioaren bilaketan obsesionatzen den pertsonarena. Ez daki zeri eman bere indarrak, energia; ilusio berri bat behar du aurrera egiteko, eta horrekin obsesionatzen da».

Baldak Pamielarekin atera du lana, eta Jose Angel Irigarai argitaletxeko kideak nabarmendu egin du batik bat idazleak «edukia eta forma» ezkontzeko egindako lana: «Eleberri laburra izanik, lortu du benetako erritmo bizi bat, flashez betea, non pertsonaiak eta egoerak agertzen diren eta desagertzen diren». Erritmo bizi hori modu «ia zinematografikoan» eraiki du Baldak, Irigarairen hitzetan, askotariko «flashen» bidez: «Flashak etengabe egiten dira pertsonaia nagusia dabilen tokian, Londresen; bere lanaren bitartez, oso gaurko ikuspegia sortzen du, non hizkuntzak, jendeak, hainbat jatorritako pertsonak elkartzen diren momentu batez». Kanpoko munduarekin duen harreman horrek sortzen dizkion gogoeta eta bizipenekin batera agertuko ditu pertsonaiak barrura begira bizi dituenak ere: etxearekiko distantzia eta hurbiltasuna, bakardadea, adiskidetasuna eta beste.

Testu txataletan egituratua, narrazioan askotariko ahotsak tartekatuz eraiki du Baldak eleberria; protagonistaren amarena eta Ray deituriko pertsonaiarena. Hala, Irigarairen esanetan, «ikuspegi zabal eta koral bat» eman dio kontakizunari.

Lehiaketen aupada

Atzerrian lehen liburua badu ere, Baldak aurkezpenean onartu zuen «beti» idatzi izan duela. Zenbait literatur lehiaketa irabazitakoa da —Iruñeko Egile Berriendako literatur lehiaketa irabazi zuen iaz, narrazioan eta poesian—, eta hala izan da Atzerrian-en kasuan ere: Getxoko Udalak (Bizkaia) antolatzen duen Ramiro Pinilla eleberri laburren lehiaketara aurkeztu zuen lana iaz, eta lehen saria irabazi. Aspalditik zuen idatzita, ordea. Zenbait urtez testua gordeta izan zuen; lehiaketara aurkezteko zirriborroa berreskuratu, hor zerbait bazegoela ikusi, eta amaiera eman zion arte. «Betidanik izan dut gustuko idaztea, nahiz eta inoiz ez naizen aritu serio-serio horretan. Orain, gogoeta egitean, konturatu naiz beti neure buruarentzat idatzi dudala asko: egunerokoak, bidaietako koadernoak... Eta emozioei oso lotuta: eskutitzak, haurdun nengoela ireki nuen bloga... Horregatik uste dut poesiatik jo nuela literaturako bidea hartu nuenean. Halere, gutxi asko, beti izan dut gauzak idatziz kontatzeko joera».

Literaturarekiko eta hizkuntzarekiko zaletasun hori ikusten du, hain justu, protagonista eta bera, idazlea, elkartzen dituen puntu modura. Protagonista itzultzailea denez, hainbat emozio bizpahiru hizkuntzatan agertzen dira liburuan. Abiatu ere, hala abiatzen da eleberria: «Atzerrian, abroad, á l'étranger, all'estero».