Herri zapaldu baten ahotsa

Farmazia Beltzak Zerocalcare komikigilearen beste lan bat euskaratu du: 'No Sleep Till Shengal'

David Zapirain Farmazia Beltza argitaletxeko kidea, No Sleep Till Shengal komikiaren aurkezpenean, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Jone Bastida Alzuru.
Donostia
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Shengalgo yazidien autonomia sostengatzeko egindako bidaia kontatzen du No Sleep Till Shengal komikiak. 2014an Estatu Islamikoak sarraskitu zituen; egun, Turkiak ia egunero bonbardatzen ditu, eta Irakeko Estatuak lurralde hori bere gain hartu nahi du, sarraskituak, bahituak, salduak izan ondoren haien defentsa beste inoren esku utzi nahi ez duten pertsonen aurkako borrokan». Zerocalcare komikigileak No Sleep Till Shengal bere azken lana deskribatzeko emandako azalpena da. Koldo Izagirrek euskaratu berri du, Farmazia Beltza argitaletxeak atera du—duela hilabete eskas argitaratu zuten Italian—, eta marrazkigileak Shengalera egindako bidaia du oinarri.

David Zapirain Farmazia Beltzako kidearen arabera, bidaia kronika honek segida ematen dio Kobane Calling lanari, baita Zerocalcarek Kurdistanera egindako bisiten inguruan sortutako beste istorio batzuei ere. «Aurrenekoetan Siria iparraldean dagoen Kurdistan aldera abiatu zen, eta, oraingoan, Iraken menpe dagoen Kurdistanera egin du salto». Hala, Shengal eskualdean herritarrek bizi edo pairatzen duten egoera «gordina» kontatzen du, drama eta umorea tartekatuz; hots, lurraldean bizi duten errepresioa, ezegonkortasuna, bortizkeria...

«Istorio hau ez dago kontatuta Zerocalcareren barrutik, baizik eta ahotsa ematen dio kanpoan dagoen egoera bati», azpimarratu du Zapirainek. Egileak garrantzia ematen dio lurralde horretako sarraskiak eta triskantzak azaleratu eta ikusarazteari. Hala dio kontrazalean ere: «Inork ezer esaten ez badu, inor ez badago so... sarraskiak datoz». Eta ez du isilik gelditu nahi izan komikigileak.

2014ko abuztuan abiatu zuen EIk yazidien aurkako jazarpena, eta hainbatek egin behar izan zuten ihes; milaka lagun hil zituzten, eta emakumeak nahiz haurrak bortxatu eta bahitu zituzten. «Zortzi urte pasatu dira, eta sarraski hartatik libratu edo bizirik atera zirenak non dauden eta zer bizimodu duten kontatzen du komikiak». Protagonistak eta istorioak, beraz, errealitatearen isla dira, eta pertsonaiak hezur-haragizkoak. Latza da egoera, eta gogorra bizimodua: «Batetik, Irak dute, lurralde guztia jabetu nahian. Bestetik, Turkiaren etengabeko bonbardaketak». Hain justu, Turkiak duela gutxi hasi zuen erasoaldia Siriaren mendeko Kurdistanen aurka.

Azalkeriarik gabe kontatu du panorama komikilariak. Badago, ordea, itxaropen mezua ere. «Rojavan zabaldutako konfederazio demokratikoaren antolaketa sozial eta politikoaz jabetu dira eskualde honetan ere. Zerocalcare hara joaten da horren berri emateko». Marrazkigileak berak dituen zalantzak azaltzeko eta aitortzeko zirrikitua ere bilatu du lanean, argitaletxearen arabera.

Testuinguruan kokatu

Zerocalcarek Kurdistani buruz sortutako beste kontakizun bat ere gehitu diote edizioari, italieraz argitaratu gabekoa. «Badaki bere publikoa geroz eta zabalagoa dela, baina horrek ez du esan nahi ezagutzen dutenik aurretik egin duena. Orduan, askotan, bakarrizketa batzuk sortzen ditu. Hau ere horrelako istorio bat da». Bertan, Okalanen askatasuna aldarrikatu eta nazioartean PKK-k pairatzen duen egoera azaltzen du.

Ez da Farmazia Beltzak Zerocalcarerekin duen lehen harremana. Aurrez, Hondamuinean izeneko lana argitaratu zuten 2018an, eta haren bigarren atala ere kaleratu zuten gero: Hondamuinean, sei hilabete geroago. Prekaritateak irentsitako bere lagunartearen gorabeherak kontatzen ditu bi lan horietan. 2020an, berriz, Kobane Calling lan sonatua euskaratu zuten. Horietan ere, Izagirrek egin zituen itzultzaile lanak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.