Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Jasotzeko eta emateko habia

Sormenaren Kabia aurkeztu dute Alkizan. Sortzaile batek bi asteko egonaldia egingo du
Atzo aurkeztu zuten artisten egonaldia Fagus Alkiza interpretazio zentroan.
Atzo aurkeztu zuten artisten egonaldia Fagus Alkiza interpretazio zentroan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Andoni Imaz -

2018ko uztailak 5

Bost urte bete ditu aurten Fagus Alkiza interpretazio zentroak, eta urteurreneko indarrak baliatu dituzte anbizio handiko proiektu bat martxan jartzeko: Sormenaren Kabia aurkeztu zuten atzo, artistentzat antolatuko duten egonaldi bat, Alkizan bertan (Gipuzkoa). Kultura eta ezagutzak banatzeko, ikertzeko eta hedatzeko gunea izatea du xede.

Herri nortasunean sakontzeko eta garapena bultzatzeko proiektu oso bat sortu zuten herrian, Fagus zentroaren inguruan, ondare kultural eta naturalaren gainean eraikitzeko etorkizuna. Hiru ardatz ditu proiektuak: natura, gizakia eta kultura.

Naturaren alorrean, biodibertsitatea kontserbatzea eta handitzea da zentroaren helburua. Biodibertsitatea babestea jomuga duen Europako Natura 2000 sarearen parte da Hernio-Gazume mendigunea, kontserbazio bereziko eremua baita (KBE). Alkizako herriko eremuaren ia erdia hartzen du KBEak, eta herriak lanean dihardu errespetuzkoa izan dadin gizakiok naturarekiko dugun harremana. Irailean Donostian gaiari lotutako jardunaldi batzuk egingo dituztela iragarri zuen Jon Umerez alkateak.

Biodibertsitatea, ordea, bertan bizi den jendea kontuan hartuta bakarrik uler daiteke, alkatearen beraren hitzetan. Duela bi urte lan berezia egiten hasi ziren, eta larre batzuk berreskuratu zituzten herriko baserritarrek erabil zitzaten.

Naturaren eta gizakiaren arteko harremanetatik sortzen da kultura. Maiatzean, irudigileen topaketa antolatu zuten herrian, eta erakusketak izaten dituzte Fagus zentroan. Orain, proiektu handiago bati ekin diote: Sormenaren Kabiari.

Bi asteko egonaldia

Irailetik urrira bitartean, bi aste Alkizan igarotzeko aukera eskainiko die Euskal Herriko eta mundu osoko artistei. Hamabost eguneko egonaldia izango dute Lete landetxeko apartamentuetan, eta beka dieta bat mantenurako. Lanerako egokitutako guneak egongo dira, eta, nahi izanez gero, Koldobika Jauregi eskultore ospetsuaren aholkularitza jasoko luke hautatutako pertsonak proiektua garatzeko.

Oraindik ideia huts diren proiektuak aurkez daitezke deialdian, baita dagoeneko abian daudenak ere —aurretik beste inon aurkeztu ez badira, behintzat—. Edozein arte diziplina onartuko dute, eta irizpide nagusia izango da natura, gizakia eta kultura aldagaiekin koherentzia mantentzea, lanaren ardatz ere izan daitezen.

Parte hartzeko, nahikoa da adinez nagusia izatea, hasi berria nahiz eskarmentu handikoa izan. Gaur hasi da izena emateko epea, eta abuztuaren 6ra arte egongo da zabalik. Posta bidez edo eskura egin daiteke, eta Fagus Alkiza Interpretazio Zentroaren webgunean (www.fagus-alkiza.com) dago informazio guztia.

Aukeratutako artistari eskatuko zaio errespetuz joka dezala ingurumenarekin eta herritarrekin, ez baita egonaldi hutsa izango, joan-etorriko sorkuntza prozesu bat baizik. Sortzaileen eta herritarren arteko elkarlana pizteko aukera eskainiko du Sormenaren Kabiak, eta prozesuan ezingo da erabili ingurumenari kalte egin diezaiokeen materialik edo teknikarik.

«Mundutik gertu eta urrun»

Edurne Ayuso Fagus Alkizako kultur dinamizatzaileak argi esan zuen kultura ez dela bakarrik hirietako kontua; «landa eremuan zerbait badago, hori kultura da».

Munduan gero eta gehiago dira artistentzat propio sortu edo egokitzen diren espazioak; Gipuzkoan halako eskaintzarik ez zuen aurkitzen Ayusok, «ez landa eremuari lotuta, behintzat».

Gipuzkoaren bihotzean egingo da artistaren egonaldia, naturgune batean, gertu eta urrun: Euskal Herriko hirietatik kilometro gutxira, baina hiriko erritmo eta zaratatik urrun.

Nora iritsiko diren ez dakite oraindik, baina Sormenaren Kabiak udazkenean hartuko du bere lehen bisitaria, kultura hiritik basora eramateko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Langile bat paper sortak mugitzen, Leitzaran inprimategian, Andoainen (Gipuzkoa). ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Urrialdia pasatzeko zain

Andoni Imaz

Paperaren eskasiak eta banaketaren gorabeherek arazoak sortu dituzte inprimategi eta argitaletxeetan. Materiala aldatu behar izan dute, eta argitalpenen bat atzeratu.

 ©JAGOBA MANTEROLA / @FOKU

«Ez dakit hau zerbaiten aurrekaria izango den; nahiko nuke»

Ane Eslava

Anarik kontraste handiko single batean bildu ditu bi kantu: Nacho Vegasen 'Vinu, cantares y amor'-en bertsio bat, «himnotzat» duena, eta, 'Efemerideak, kontzertuetan jotzen duena baina grabatu gabea zuena'.
 ©MAIALEN ANDRES / @FOKU

Ahalduntze baterako esperimentu politikoa

Gorka Arrese

Henry David Thoreau idazlearen 'Walden' euskaratu du Danele Sarriugartek. Bi urtez basoko txabola batean bizitzeari buruzko esperientziaren kronika bat da. Politikoa eta poetikoa du idazkera

 ©MARISOL RAMIREZ / @FOKU

Arte unitate minimoa

Iñigo Astiz

Maria Helena Vieira da Silva artistaren hamabi artelan ikusgai jarri ditu Bilboko Arte Ederren Museoak, Bilboko FIG azokarekin elkarlanean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.