Final-laurdenen fasean sartuko da Gipuzkoako bertso txapelketa

Andoainen eta Irunen izango dira asteburuko saioak. Puntu gehien lortzen duten hamasei bertsolariek 2021eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute

Ane Labaka kantuan, Elgoibarren jokatutako final-zortzirenetako saioan, joan den irailean. BERTSOZALE ELKARTEA.
Erredakzioa
Donostia
2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Final-zortzirenek, final-laurdenek, finalaurrekoek eta finalak osatzen dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Lehen fasea amaitu ostean, atseden hartzeko asteburua izan zen aurrekoa, eta larunbatean hasiko dira final-laurdenak, Andoainen. Badu pizgarri handi bat fase honek: puntuaziorik handiena lortzen duten hamasei bertsolariek 2021eko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartzeko aukera lortuko dute, eta, horien artean aurrez aukera hori baduenik baldin bada, 17. bertsolariak ere bai.

Bost final-laurden izango dira guztira, eta 30 bertsolari ariko dira kantuan: final-zortzirenetatik sailkatu diren 24 bertsolariak eta aurreko Gipuzkoako txapelketan finalera iritsi ziren sei bertsolariak —Iñaki Apalategi, Agin Laburu, Jon Maia, Alaia Martin, Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi—. 30 bertsolari horietatik hemezortzik egingo dute aurrera, hau da, saioak irabazten dituzten bost bertsolariek eta puntuaziorik altuena lortzen duten hamahiruek.

Egin beharreko lanei dagokienez, aldaketa bakarra egongo da final-zortzirenekin alderatuta: puntuari erantzun beharrik ez dute izango bertsolariek, eta, horren ordez, seiko motzean aritu beharko dute, binaka. Hamabost bertso bota beharko ditu bakoitzak, hiruna zortziko nagusian, zortziko txikian, seiko motzean, hamarreko txikian eta kartzelako ariketan.

Jende ugari orain arte

Aretoetan izango dira saioak, eta sarrerak salgai daude www.bertsosarrerak.eus atarian. Aipatzekoa da jende ugari izan dela orain arteko saioetan, eta egunean bertan leihatilarik irekitzerik ez dutela izan antolatzaileek kasu askotan, aurrez salduta zeudelako sarrera guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.