Noiz sortua: 2018-04-08 00:30:00

Literatura

Ringeko poeta

Eduardo Arroyo pintoreak idatzitako 'Panamá Al Brown. Una vida de boxeador' biografia berrargitaratu berri dute. XX. mendearen lehen erdialdeko Parisko giro bizia islatzen duen kirol kontakizun grinatsu eta poetikoa da. Arroyok erakusketa bat du Bilboko Arte Ederren Museoan: erreferentzia literarioz jositako pop-art egitasmoa.
Panama Al Brown.
Panama Al Brown. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Julen Azpitarte -

2018ko apirilak 8

Bihar itxiko dute Bilboko Arte Ederren Museoan azkeneko hilabeteetan ikusgai egon den Eduardo Arroyo (Madrid, 1937) pintore figuratiboaren Le retour des croisades erakusketa. Figurazioaren eta neofigurazioaren funtsezko artista da espainiarra, bai eta pop art mugimendura lotutako sortzailea ere. 1958an Parisera egin zuen ihes, frankismoaren kontrako jarrera zela tarteko. Bilbon 44 margolan eta eskultura paratu ditu, haietariko batzuk iaz egindakoak, 80 urte zituela. Erakutsitako obren artean, erreferentzia literarioz betetako lan popzaleak daude ikusgai: Dante, Balzac eta Joyce, besteak beste.

Mila koloreko tanta eta brotxakadekin zipriztindutako lohihartzekoa soinean duela pintatzen duen artistaren iruditik oso urrun dago Arroyo. Haren estudioan ordenak agintzen du, eta liburuz betetako apalategien artean sortzen du. Ernest Hemingway, Jack London eta Norman Mailerren lanen artean zikintzen ditu mihiseak. Liburu horien artean, boxeozaleentzako giltzarri den liburu bat ere bada, Arroyok berak idatzitakoa, kazetaritza ikasi baitzuen: Panamá Al Brown. Una vida de boxeador (Panama Al Brown. Boxeadore bizitza bat). Duela 30 urte inguru plazaratutako lana da, eta Forcola Ediciones argitaletxeak oraintsu berrargitaratu du, gaztelaniaz, gaurkotua. Arroyo aditua da boxeoan, eta gaiari buruzko 4.000 liburu bildu ditu. «Boxeoa pasioa da niretzat, eta pintatzeko gauzarik zailenak pasioak dira. Pasio sekretua da».

«Egun boxeoa ez da existitzen, historiaurrea da», dio pintoreak, herrialde batzuetan berpizkunde bat bizi duen arren. Haatik, «boxeoak momentu apartak eskaini ditu, eta poesia haizatzen zuten pertsonaiez josia egon da», tartean, Oscar Wilderen iloba izandako Arthur Cravan poeta suitzarra eta boxeolari faltsua, edo Arroyok bere ezinbesteko liburu zirraragarrian xehetasun osoz aztertutako Panama Al Brown.

Boxeolari dandya

Alfonso Teofilo Brown (Colon, Panama, 1902 New York, 1951) oilar pisuko, 51 eta 54 kilo bitartekoa, munduko txapeldun panamarra izan zen. Lorpen hori eskuratu zuen lehen latinoamerikarra izan zen. 60 borrokaldi inguru egin zituen. Brownen bizitzaren parekorik ez da kirolean, ezta XX. mendeko bizimodu bohemioan ere. Parisko gauaz maitemindu zen, eta Jean Cocteau poetaren lagun mina izan zen, bai eta Coco Channel eta Josephine Bakerrena ere. Kirola eta bizioa uztartzeko gaitasun aparta erakutsi zuen Panama Al Brownek, eta izugarri ospetsu bilakatu zen garai hartan, baina bakardadean eta kokaina dosi bila zebilela zendu New Yorken. 50 urte ez zituela, ezta 50 kilo ere. Arroyoren liburuan ageri denez, «opio zalea, zurruteroa, sifilitikoa, jokalaria, musikaria, homosexuala eta beltza (zen Brown)». Pintorearen aburuz, «50 kilo eskaseko gizon txikiak ziren, gerlari epikoak. Egun, historia hauek ez zaizkio inori interesatzen». Ez da hori Brownen kasua, haren jardunak ringa gainditu baitzuen, gaueko poesia toxikoan murgiltzeko.

Esklaboen semea

Panamako kanala eraiki zuten esklaboen semea izan zen Teofilo, eta auzoan, nerabe zela, hamaika ukabilkada banatu zituen. Aita bihotzekoak jota hil zitzaion, 13 urte zituela, eta boxeoan hasi zen, familia elikatzeko asmoz. Bere lehenengo bororkaldi profesionala 1922an egin zuen, eta, zazpi lehia geroago, Panamako txapeldun bilakatu zen. Hala, aldean zenbait dolar zituela, marinel bat konbentzitu zuen itsasontzian ezkutatuta eraman zezan New Yorkera. 1923an egin zuen bere lehen norgehiagoka hiri horretan, jada Panama Al Brown izenarekin. Hogei dolar irabazi zituen, agindutakoaren erdia. Bere kirol bizitza osoak joera bera izan zuen finantzei dagokienez: managerrak baino gehiago, banpiroak izan zituen beti inguruan. Haatik, dirua barra-barra irabazi zuen, baina baita xahutu ere, kontrolik gabe: lasterketarik irabazten ez zuten animaliekin osatutako zalditeria bat zeukan, autoak gustatzen zitzaizkion, trajeak Londresen lisatzen zizkioten, eta xanpainetan blaitutako gau eternalean bizi zen —ringean ere xanpaina edatean zuen—. «Bizirik irauteko 20.000 xanpain botila behar ditut. Gainerako guztia bigarren mailakoa da», esan zuen Brownek. 1926an, bere lehenengo borrokaldia egin zuen Europan. Kontinente zaharrera etorri zen, arrazismotik ihesi, eta, 1928tik 1935era bitarte, oilar pisuen txapelduna izan zen, etenik gabe.

Galdutako txapela

1935eko ekainaren 1ean, baina, Balthazar Sangchilli boxeolariak txapela kendu zion, Brownek drogatuta borrokatu baitzuen. Konbatean iruzur egin zion urteetan arteria guztiak hustu zizkion Dave Lumiansky managerrak. Hala, alanbre itxurako boxeolariaren gainbehera hasi zen, Jean Cocteauk Monmartre auzoko kabaret bateko ikuskizun narras batean parte hartzen ikusi zuen arte, klakea dantzatzen eta jazz banda bat zuzentzen. Adiskidetasun estua jaio zen bien artean, bikote izan zirela ere esan ohi da, eta Cocteauk ringera itzultzeko konbentzitu zuen. Coco Channelen diruaren laguntzaz, Brown desintoxikatu egin zen zentro batean, bai eta entrenamenduetara bueltatu ere. Cocteau bera ere opiozale amorratua zen, eta Brownen osasun metamorfosia berea bihurtu zuen. Horrela, 1937ko irailaren 9an, Brownek Sangchilli garaitu zuen errebantxa konbatean, eta legez zegokion munduko txapela berreskuratu zuen. Handik gutxira, boxeoa utzi zuen, zirku ikuskizunetan amaitzeko. Cocteauk beste musa bat aurkitu zuen, eta Brownek, jaioterritik eta Kubatik igaro ondoren, New Yorken amaitu zituen bere egunak, sosik gabe eta tuberkulosiak jota.

Brownen itzulera mitikoaren harira, hauxe idatzi zuen Cocteauk aldizkari ezagun batean: «Ez zaitezte fio, kirolariok! Ringean printze bat izango duzue aurrean, fenomeno bat, azti bat, akrobata bat, psikologo bat, espektro bat, somnanbulu bat, poeta bat, finean: boxeolari bat».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Guardia bat pertsona bezero bati tenperatura hartzen, saltoki baten sarreran, Panama Hirian. ©Bienvenido Velasco / EFE

Munduan sei milioi pertsona baino gehiago kutsatu ditu birusak

Berria

375.000 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez. Horien artean 105.000, Ameriketako Estatu Batuetan.

Gallartako agerraldiaren irudia, Josu Erkorekaren Twitter kontuan agertua ©@Jerkoreka

Urkulluk Euskal Herri osoan ibiltzea baimentzeko eskatu die Frantziari eta Espainiari

Gotzon Hermosilla

Jaurlaritzak espero du astelehenetik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa hirugarren fasera pasatuko direla.

Baionako ostatuetako terrazak, artxiboko argazki batean. ©/ ISABELLE MIQUELESTORENA

Ipar Euskal Herrian bigarren fasean sartu dira

Berria

Besteak beste, ostatuak eta jatetxeak ireki ahal izango dituzte; baita kiroldegiak, jostalekuak, parkeak eta antzerki gelak ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna