Nafarroako inbestidura saioa. Taldeen hitzartzeak

Geroa Bai. «Negoziazioen ondorio dira aro emankorrenak»

IÑIGO URIZ / FOKU.
arantxa iraola
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Azken bozetako emaitzek behartuta eta«erantzukizuna» lehenetsita. Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek Maria Txibite hautagaiari adierazi dio horiexek bultzatuta aritu direla Nafarroarako gobernu berri bat lortzeko ituna negoziatzen. Nabarmendu du bide erakusle izan dutela aurreko legealdian lauko gobernuan adostasunerako bidean egindako ahalegina. «Izan ere, pluraltasuna ez da arazoa. Esperientzia politikoak dio arorik emankorrenak beti izan direla ezberdinen arteko negoziazioaren ondorio». Horrexegatik, hark eskatutako «konfiantza» emango diote Txibiteri: «Zuhurtziatik». Batera jarduteko asmotik: «Gure aldeko botoa baduzu, baina batzen gaituen hori islatuta ikustea nahi dugu».

Barkosek ohartarazi du kontuan hartu behar direla aurreko legealdian Nafarroan emandako aurrerapausoak, eta horietan oinarritutako «marra gorriak» ekarri dizkio gogora Txibiteri: eskatu dio sakontzen jarraitzeko pobrezia tasan, langabetuen kopuruan, mendekotasunerako laguntzetan eta osasun zerbitzuan igaro urteotan egindako hobekuntzetan. Erronka berriak nondik nora zedarritu ere azaldu dio: «klima larrialdia» lehenesteko eta aldagai ekonomikoa ere sustatzeko. Krisiak lagatako orbanak osatzen jarraitu behar dela azaldu dio, eta ekonomia indartsuago baten zimenduak jarri behar direla. Eta aholkua eman dio: «Ez gastatu euro bakar bat ere alferrik».

Hitz irmoak izan ditu Navarra Sumako ordezkari Javier Esparzarentzat. «Egungo Nafarroak ez du zerikusirik eskuinak hizpide dituen mantra histerikoekin». Akordioaren harira egin dituzten kritikekin Nafarroaren izena «zikintzea» leporatu dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.